Hizkuntza akademien adierazpenaz

Espainiako Estatuan dauden nazio hizkuntza gutxietsien eta baztertuen akademiek (Euskaltzaindia, Institut d’Estudis Catalans eta Real Academia Galega) eskari bat egin diete espainiar agintariei. Diotenez, «berriz ere sortu da eztabaida publikoa hizkuntzek hezkuntza sisteman duten presentziaren gainean». Eztabaida hori «argitzen laguntzeko» prest daudela adierazten dute, besteak beste. Hirugarren puntuan, berriz, hauxe diote: «Nahi genuke eztabaida publiko informatu eta arrazoizko baten parte izatea». Akademia hauetako kideek ez ahal dute gaizki hartuko erakunde horietatik kanpoko ahotsen iritzia argitara ematea.

Adierazpenaren lehenengo atalean oinarrituta, bigarren puntuan honako aldarri hau egiten dute: «Hizkuntza-araudi horrek ahalbidetu behar du gure hizkuntzetako bakoitzean eta gaztelanian gaitasun oso eta berdina izatea». Eskatzea ondo dago, baina izan gaitezen errealistak. Hiru hizkuntza horiek berezko hizkuntzak eta ofizialkideak dira, eta gainera hiru erkidego horietan «hezkuntza-sistemaren hizkuntza-araudia erkidego horietako bakoitzaren eskumen esklusiboa» izango da. Baina, eskumenak gorabehera, hiru hizkuntza horiek, bakoitzaren egoerak izan ditzakeen ñabardura guztiekin, ez dira espainieraren estatus erreal berekoak: hots, espainierak hizkuntza nazionalaren funtzioa betetzen du, eta gainera hiru erkidego horietan hizkuntza hegemonikoa da esparru sozial, politiko, ekonomiko eta kultural esanguratsuenetan. Aldeak alde, baita Katalunian ere.

Esan bezala, ondo dago estatus politiko autonomikoaren mende dauden hizkuntzei eta nazio hegemoniko bateko hizkuntzari dagokien gaitasun komunikatibo berdina eskatzea, baina ez da batere sinesgarria. Hizkuntzen gaitasun komunikatiboak lotura estruktural estua dauka ikasten den hizkuntzaren estatus eta botere harreman soziolinguistikoekin. Hizkuntza batzuk ahuldu dituzte, minorizatu, egoera soziolinguistiko hauskorrean daude, eta ezin dira ez behar bezala ikasi ez behar bezala erabili, ikasketaren eta erabileraren arteko lotura estuak gaitasunaren maila modu zuzenean baldintzatzen duelako. Horregatik, ez da sinesgarria euskarazko eta espainierazko gaitasun komunikatibo berdina lortzeko aukera. Hizkuntzen gaitasun komunikatiboa errealitate materialak arautzen eta determinatzen du, hots, haien egoera nazionalak, politikoak, ekonomikoak eta kulturalak.

Kultura soziolinguistikoan badago onkeriak bideratutako jarrera xalo bat, hizkuntzen arteko harremanak ikusteko modu aingerutar idealista bat, hizkuntzen arteko elkarbizitzan inolako tirabirarik eta kontraesanik ez balego bezala. Ikuspegi hori agertzen zaigu hiru akademien adierazpen honetan ere: «Hizkuntza horien etorkizuna normaltasunez ziurtatu nahi bada, katalanak, euskarak eta galegoak presentzia sendoa behar dute[la] hezkuntza-sisteman eta horrek ez dio[la] orain arte inolako galerarik ekarri gaztelaniaren jakintzari, ezta hemendik aurrera ekarriko ere».

Arrazoi dute alde batetik: Hego Euskal Herriko hezkuntza-sisteman euskararen ezarpenak ez dio inolako galerarik ekarri espainierari, eta hortxe dago hain zuzen, eta besteak beste, arazoaren muina. D ereduak ez du ezertan aldatu espainieraren erabateko hegemonia Hegoaldeko euskal herritarren bizitza soziolinguistikoan. Euskararen normalizazio soziolinguistikoaz mintzo garenean, zertan pentsatzen ote dugu euskaldunok? Akademia hauetako kideak jabetu ote dira feminismoaren diskurtsoak azpimarratu digun funtsezko ideia batez? Alegia, emakumearen botere-estatus makurra ezin dela aldatu gizonezkook gauden lekutik jaisten ez bagara. Genero berdintasunaren kontuan behekoak igotzeko goikoek jaitsi egin behar dutela ebidentzia soziala baldin bada, hizkuntzen auzian zergatik gara horren koldarrak? Ebidentzia soziolinguistikoaren ikasgaia baita erdaldunak ezin direla hegemonia soziolinguistikoaren esne-mamitan bizi, euskaldunok, katalanek eta galiziarrek nor izan nahi badugu geure hizkuntzan.

Tira, hizkuntzen eta hiztunen arteko harremanetan menderakuntzaren aztarna bat bederen ageri zaigu adierazpenaren azken lerroetan: «Gaztelaniari dagokionez, hura jakiteko helburua osoki bermatuta dago aplikatu diren askotariko hizkuntza-ereduetan. Aitzitik, hizkuntza-eredu horiek guztiak ez dira eraginkorrak izan katalana, euskara eta galegoaren jakintza bermatzeko».

Gaitz-erdi, hala ere: corpusaren auzi linguistikoen eremu formaletik burua jaso eta estatusaren gatazka-putzuko zipriztinetan zikindu dira zertxobait gure akademikoak. Baina diskurtso soziolinguistiko horrekin ez dira oso urrutira iritsiko, diskurtso horrek ez baitu hizkuntzen, hiztunen eta nazioen artean dagoen harreman gutxiesgarri, baztergarri eta etnozidarik salatzen. Ez dio Espainiaren nazionalismo linguistiko inperialistari gutxieneko kritikarik egiten, kritika horren historia umiliazioz, jazarpenaz eta ukazioz gainezka egon arren.

Berria