Rafa Berasategiren museoan Azpilako gotorlekua eta Lazkanotarren jauntxoaren hilketa ikusi daitezke
Azpilako dorrea eta Lazkanotarren jauntxoaren hilketaren maketak ikusgai daude Errastiolatza museoan. / A.E.
Segurako Historia Berreskuratzeko Bidean egitasmoaren barruan, Rafa Berasategik 12. eta 13. maketak egin ditu eta ikusgai daude bere Errastiolatza museoan. Lazkanotarren jauntxoaren hilketaren inguruko maketa ari zen prestatzen Rafa urte hasieran, Azpila gainean gotorleku bat egon zela jakinarazi zioten arte. Hainbat historialari eta ikerlari lagunak ditu Berasategik eta Seguraren inguruko zerbait aurkitzen dutenean deitu egiten diote. Orduan beste maketa bat egiten hasi zen eta orain biak aurkeztu ditu.
Rafaren arabera, «Azpilan gotorleku bat egon zela sekulako albistea izan zen niretzat, ikaragarria, uste baitut herrian inork ez zuela dorre honen berririk. Antton Arrieta ikerlaria Gipuzkoako gaztelu txikien katalogoa ari da egiten eta berak pasa dizkit dokumentuak. Idatzi horietan azaltzen da 1410ean bere funtzioa jada galdua duen gotorleku honen harriak Segurako hiribilduari saltzen zaizkiola harresiak egiteko. Informazio hau udaletxeko artxiboan bertan aurkitu du Antton Arrietak. Harrigarria da orain arte inork ez jakitea. Ez da jasotzen 750. urteurrenaren inguruan Seguraren historiari buruz egin zen liburu potoloan ere, informazioa herrian bertan zegoenean. Liburu hori borondaterik onenarekin egingo zen, baina gabezia nabarmenak ditu».
Gipuzkoan mota honetako 12 gaztelu inguru izango zirela uste du Rafak eta Auza-Gaztelukoa, Ataungoa eta San Adriangoaren lerroan kokatzen du: «Azpilako dorrea Nafarroako Erresumak egindakoa bada, dokumentazioa egongo da Iruñako artxiboetan, baina une honetan ezin dira kontsultatu pandemiagatik. Segurako hiria sortu aurretik, kostaldetik Arabara zihoan bidea ez zen pasatzen Oria ibaiertzetik, Azpila gainetik baizik, handik Santa Barbara aldera igo eta Otzaurtera zuzenduaz. Gotorleku honen funtzioa galtzada hori babestea zen. Inguruan zituen harkaitzekin eta bertatik ikusten diren bistekin, gaztelua ikusgarria izango zela uste dut. Pena da, baina ez dago gotorlekuaren aztarnarik, XX. mende hasieran harrobi bat egin zelako bertan».
Jauntxoaren hilketa
Azpilako gotorlekua egin aurretik, beste maketa bat ia amaitua zuen, Lazkanotarren jauntxoaren hilketa jasotzen duena. Beheko herri sarrera eta harresia irudikatu ditu, eta borrokan Juan Lopez de Lazkano gezi bat lepoan sartuta nola hil zuten ikusten da. Ganboa eta Oinaz leinuen gerran kokatzen den pasartea da. Rafaren esanetan, «1470ean Lazkanotarren jauntxoa Segurara etorri zen bere gizonekin, Gebaratarrak nagusi ziren hiria bereganatzeko. Garai hartan erregeak babestutako hiribildu bateko jauntxoa izatea oso garrantzitsua zen eta helburu horrekin etorri zen, baina ez zuen lortu eta bizia galdu zuen gainera».
Dena den, pasarte honen inguruan «guregana iritsi den informazio asko nahastua dagoela aurkitu zuen Antonio Prada historialari zumarragarrak, Iruñako eliz artxiboetan bilatutako datuekin», dio Berasategik. «Pablo Gorosabel historialariak argitaratu zuen Zeraindik ikusi zutela jauntxoa bere soldaduekin Segura aldera gerturatzen. Baina Gorosabelek ez zekien Seguran jauregi bat zegoela Zerain izenekoa, Torre-Zarra, orain Kutxa dagoen inguruan, eta bertatik ikusi zituzten. Gezia ere errebaletik bota ziotela jaso zuen historialari honek, baina hori ere ez dela horrela dio Pradak. Gezia bota zuen segurarra errebalekoa zen, baina harresitik bota zioten gezia. Garai hartan errebalean bizi zirenak arriskuan ikusten zirenean hiribildura sartzen ziren hobeto babesteko, beraien ganadu eta guzti. Ondorioz, jauntxoa hil zuena errebalekoa zen baina, harresietatik bota zuen gezia».
Antonio Pradak aurkitutako dokumentuan agertzen da gertakari horren ondoren sekulako festa egin zela herrian eta elizak baimena eman ziola Segurako Kontzejuari gezia bota zuen gizonaren etxean kapera bat eraiki eta gurutze bat jartzeko. Kapera hori da Beheko Gurutzearen aitzindaria. Gaur ezagutzen dugun Beheko Gurutzeko ermita 1802an eraiki zen toki berean. Rafaren arabera, «prozesio bat ere egiten zen urtero Erramu Egunean gertakari hori oroitzeko, elizatik Beheko Gurutzera, 1970ean desagertu zen arte».
Diario Vasco