Adjaria (2)

Aslan Abashidze, Adjariako lehoia. Azken “derebey”-ren gobernua (1991-2004).

1991ko apirilak 20an, Georgiak independentzia lortu eta hamaika egunera, adjar manifestariek Batumiko plaza nagusira trumilka joan ziren, eta, Zviad Gamsakhurdia Georgiako presidentearen borondatearen aurka, Adjariaren autonomia bere horretan mantentzea eta Aslan Abashidze, beren buruzagia, presidente izendatzea eskatu zuten. Eta horrela hasi zen 13 urteko erabateko autonomia (ia independentzia) Adjariako historian. Abashidzek Adjariako historian izan duen garrantzia oso kontuan hartzekoa da. Alde batetik, Errepublikak bere agintepean izan zuen autonomia Tbilisiko agintariek izatea nahi zutena baino askoz handiagoa izan zen; Adjaria “de facto” independiente izatearen fenomenoa, baita Georgia barruan eskualde autonomo gisa duen etengabeko existentzia ere, neurri handi batean, Abashidzek Mosku, Tbilisi eta Ankararen arteko oreka mantentzeko abian jarri zituen politikei zor zaie. Bestetik, nabarmentzekoa da Abashidzeren 13 urteko gobernuaren ezohiko egonkortasuna, ezegonkortasuna arau den eskualde batean; Adjariako kokapen estrategikoa kontuan hartuta, espero izatekoa zen borroka zibil bat egotea, edo, gutxienez, gatazka indartsu bat Adjaria eta gobernu zentralaren artean, eta horrek, ezinbestean, Turkia eta Georgiaren arteko harreman estrategiko eta ekonomikoa, eta are gehiago Georgia eta Errusiaren artekoa, erabat zailduko zukeen.

Aslan Abashidze, azken derebeya

I-Aspaldiko leinuko senidea.

Aslan Ibrahimovitx Abashidze Batumi hirian jaio zen (1938), Memed Abashidze figura publiko eta politiko ospetsuaren biloba eta denbora luzez Adjaria gobernatu zuen printze familiaren ordezkaria. 1905eko Errusiako Iraultzaren ondoren, Memed Abashidze Georgiako Alderdi Iraultzaile Sozialista-Federalistarekin elkartu zen, eta adjar musulmanen artean joera progeorgiar baten aldekoa izan zen. Adjariako georgiar komunitate musulmanaren buruzagi gailena, gerraren amaieran “Georgia musulmana Askatzeko Batzordea” sortu zuen, Georgiar orientazioaren defendatzaile nagusia izan zen Adjarian, eta eskualdeko autonomiaren arkitektoetako bat Georgian. 1918-1921ean, britainiarrek Batumi okupatu zutenean, Memed Adjariako lehen parlamentuaren (Majlis) buru izan zen, Ententeko Aliatuek Batumi portu aske bihurtzeko zuten asmoaren aurka agertu zen, eta paper erabakigarria jokatu zuen Adjaria Georgiako aberriarekin bateratzeko. Boltxebikeek Georgia 1921ean inbaditu ondoren, Bakura erbesteratua izan zen, bertan 1928 arte egon zelarik. Erbestetik itzuli ondoren, bertako idazleen sindikatuko presidente izendatu zuten. 1935ean, Georgiako Idazleen Batasuneko adjar saileko buru bihurtu zen. Purga Handietan, 1937an atxilotu zuten traizio-karguengatik, eta urte horretan bertan hil zuten. Bere semeak Siberiara erbesteratuak izan ziren, eta bere familiako gainontzeko kideak ere erreprimituak. Memed Abashidze 1957an birgaitu zuten.

Aslan Abashidze bilobak, bere aitona, eta, neurri txikiagoan, familia osoa, berak sortutako erregimenaren ikur bihurtzea lortu zuen. Bere gobernu absolutuari legitimazio dinastikoa emateaz gain, Aslanek familiaren mitoa erabili zuen georgiar nortasun nazionalaren izaera kristau ortodoxoaren eta bere arbasoek gidatu zuten Islamaren arteko kontraesana konpontzeko tresna gisa. Bere “hautesle” musulmanek boterera iristen lagundu zioten arren, argi zegoen georgiar politikan haratago joateko Georgiako beste eskualde batzuetan errotuta dagoen musulmanen aurkako aurreiritzia gainditu beharko zuela. Beraz, Aslanek, bere jatorria ezkutatu beharrean, jada mitologizatuta zeuden bere arbasoak aurkeztu zituen, Adjaria Georgiara itzultzean ekarri zuten heroiak bezala, hauek, desturkifikatzen eta euren kristau sustraietara itzultzen hasi zirelarik, georgiar batasuneko txapeldun hauen oinordekotzat joaz.

Aslanen aitona zen Memed Abashidzeren omenez Batumin eraikitako monumentua

II-Aslan Abashizdzeren boterera igotzea.

Sobietar garaian, Abashidze 1980ko hamarkadaren amaieran iritsi zen bere karrerako punturik gorenera, Georgiako SESren  Zerbitzu Publikoetako ministro izan zenean, 1984-86an Adjarian ministerio bereko diputatu izan ondoren.

SESBen kolapsoaren ondoren, erreforma demokratikoen aurrerapena bizkortu egin zen eta honek Georgiako alderdi anitzeko lehen hauteskunde demokratikoetara eraman zuen, 1990eko urriak 28an ospatu zirenak. Gamsakhurdiaren alderdiak eta Georgiako Helsinkiko Batasunak beste oposizio-talde batzuekin bat egin zuten “Georgia askea” izeneko koalizio erreformista baten buru izateko, eta garaipen sendoa lortu zuen, botoen % 64rekin, Georgiako Alderdi Komunistaren aurretik (29,6%). 1990eko azaroaren 14an Gamsakhurdia Georgiako Errepublikako Kontseilu Goreneko presidente izendatu zuten, 1991ko martxoaren 31n bere independentzia berrezartzeari buruzko erreferendum bat deituz, non bozkatu zutenen % 90,08k bere alde egin zuten. Testuinguru historiko honetan, 1991ko martxoan, Aslan Abashidze, Tbilisin Georgiako lehen presidentearen “Georgia askea” bloke politikoko aktibistatzat hartua, Zviad Gamsakhurdiak sustatu zuen Adjariako Kontseilu Goreneko buru izateko. Izan ere, Gamsakhurdiak adjar autonomia kitatu nahi zuen, 1990eko abenduaren 10ean autonomia indargabetu ondoren Hego Osetian gertatu zen gatazka armatuaren egoera errepikatzea saihesteko.

Adjariako presidente berriaren hauteskundeak apirilean ziren egitekoak, baina Abashidze izendatzearen aurka zeuden Kontseilu Goreneko diputatu askoren protestak zirela eta, atzeratu egin zituzten. Adjariako konstituzio sobietarraren arabera, Kontseilu Goreneko kide bakarra izan zitakeen presidente, eta ez Tbilisik izendatutako pertsona bat. Batumiko kaleetan autonomiaren abolizioari buruzko zurrumurruen testuinguruan, dozenaka mila pertsona bildu ziren, eta Abashidze, besteak beste, adiskidetze-papera jokatzen saiatu zen. Aslanek ahaleginak egin zituen manifestariak konbentzitzeko inork ez duela Adjariaren autonomia ukatuko, ezta musulmanak kristautasunera indarrez eramango ere. Hala ere, gatazkak bukaera tragikoa izan zuen. Abashidzeren ondokoetako bat, Adjariako Kontseilu Goreneko buruzagiordea zen Nodar Imnadze, Gamsakhurdiaren aldekoa zena eta Adjariaren autonomia indargabetzearen alde egiten zuena, tiroz hil zuten Abashidzeren bulegoan. Gertaera hau eragin zuen eskandalua, denbora batez isilarazia izan zen. Gamsakhurdiak barne arazo dezente zituen Tbilisin, eta, beraz, ez oztopatzea erabaki zuen eta ontzat eman zuen Abashidze Adjariako presidente hautatu izana.

Aslan indartsu bihurtu zen presidente karguan, autonomia defendatu zuen. Estatuaren diru-sarrerak (zerga arloan, aduanak, portua) obra publikoetan inbertitu zituen azpiegitura zaharkitu bat berritzeko eta eskualdearen garapena sustatzeko. Zubiak, errepideak, hotel-gune berriak eta aduana-eraikinak eraiki ziren, unibertsitatea berreraiki zen, kirol-instalazioak, opera-konpainia bat eta beste asko sortu ziren. Horrek guztiak kontraste handia egiten zuen Georgian egin zen gutxiarekin edo ia ezerekin alderatuta. Aslan Abashidze maiz agertzen zen telebistan Batumi urbanizatzeko eta Adjararen garapenerako zituen planak iragartzen, eta horrek eragin liluragarria izan zuen pertsona askorengan. Argi zegoen Abashidze Adjariako iritzi publikoaren begirunea eta eskerrona irabaziz joan zela.

Aslan Abashidze Adjariako musulmanen komunitatearekin

Esker on horren arrazoi garrantzitsuenetako bat, handiena ez bazen, gerra zibil baten prebentzioan oinarritzen zen, Georgian une hartan gori-gorian zegoena eta Adjarian lehertzeko zorian. 1991ko abenduan hasi zen Georgiako gerra zibilean, Gamsakhurdia presidentearen eta matxinoen artean, Abashidzek jarrera neutrala mantendu zuen. Aslan indartsu egin zen presidente postuan, autonomia defendatu zuen, milizia independente bat antolatu zuen eta Adjariako mugak babestu zituen talde militarizatu georgiarren balizko inbasiotik (“Mkhedroni”). Izan ere, Adjaria bere feudo pertsonal bihurtzean, Abashidze, aldi berean, Adjariako zein Georgiako talde armatuek probintzia barruan sor zitzaketen gatazken prebentzio eta bake babesaren bermatzaile bezala aritu zen. 1992ko hasieran, Georgiako gobernu legitimoa boteretik kendu ondoren, Mkhedrioni eta Guardia Nazionala Adjariara joan ziren, haien aurrean aurkitzen zuten guztia arpilatuz. Txolokiko muga administratibora hurbiltzean, Errusiako tankeek harrera egin zieten Adjariako Barne Ministerioko eta KGBko indar bereziekin, eta buelta ematea erabaki zuten. Une horretan, Abashidze Adjariako heroi nazionala eta eskualdeko benetako liderra bihurtu zen, biztanleriaren gehiengoaren babesa izanez. Errusiako prentsak Abashidze “Adjariako lehoia” izendatu zuen, eta Boris Yeltsin errusiar presidenteak Errusia Federazioko Indar Armatuen Dibisioko jeneralaren maila eman zion Adjariako presidenteari. Jakina, pertsona gutxik jarri zioten arreta Aslan Abashidze bezalako pertsonaia bati. Nor zen hau? Errusiako Federazioko hiritar izatera ere iristen ez zen atzerriko estatu bateko eskualde ahaztu bateko buruzagi bat besterik ez baitzen. Eta bat-batean, ustekabean, 1992an, Kremlinek, Abashidzerengan aliatu fidagarri bat aurkitu zuen, azken finean, Tbilisiren gaineko presio palanka serio bat bihurtuko dena.

Aslanen sistema indarberrituta funtzionatzen hasi zen, eta Gamsakhurdia 1992ko urtarrilean boteretik kendu eta gutxira, Abashidzeren gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen. Erabakitasunez, georgiar estatuarekiko subiranotasun eta independentzia zantzu argiak erakusten zituzten neurriak hartu zituen: bere mugak itxi zituen, Sobiet Goreneko funtzionario hautatu berriei Adjarian biltzeko eskubidea ukatu zien, helburu estrategiko garrantzitsuen kontrola hartu zuen (Batumiko portua, aduanak), bere alderdi armatu erdiofizial propioak eratu zituen, eta Georgiako Defentsa Ministerioko 25garren brigada (Batumin kokatuta)-ren kontrola hartu zuen.

1992ko udako gatazka georgiar-abkhaziarra, Abashidze, bere boterea sendotzeko aitzakia bezala erabili zuen, gobernu erakundeen gaineko erabateko kontrola lortuz. 1992ko irailaren 28an, Abashidzek Tbilisiko autonomiaren egitura ekonomikoekiko menpekotasuna deuseztatu zuen. Ordutik aurrera, dekretuz, diktadore bat bezala gobernatzen du, bere milizia propioa eratzen, Adjariako diru-sarrera fiskalak atxikitzen (ia inoiz ez ziren Tbilisira iristen), Georgiarekiko bere barne muga sortzen, eta jendearen babesa lortzen georgiar eremuan zebiltzan gerrako jaunengandik babestearen truke. Bere ekintzak gorabehera, Abashidzek ez zuen inoiz estatuaren separatismoa adierazten, eta asetasunera arte errepikatzen du Adjaria Georgiaren zati integrala dela. Bestalde, eta bere asmoak argi eta garbi uzteko, Turkiarekin edo Errusiarekin elkartzeko ideia irredentistak ere ez ditu adierazten.Beraz, Abashidzek Adjarian estatu mailako eredu bat sortzea lortu zuen:

  • 1- Muga propioa, Turkiarekin ez ezik, baita Georgiako gainerako herrialdeekin ere Txoloki ibaian zehar;
  • 2-Indar armatuak, Georgiako Indar Armatuen 25garren brigada, Abashidzeren mende egon zen beti;
  • 3-Flota, kostazainen itsasontziak;
  • 4-Guardia pertsonala, hiru mila pertsona baino gehiago zituena;
  • 5-Kanpo Harremanetarako Ministerioa, Europako Eskualdeen Batzarraren bulegoaren itxurapean (1997ko urriaren 24an Adjaria Europako Eskualdeen Batzarreko eskubide osoko kide bihurtu zen);
  • 6-Senatua eta Legebiltzarra;
  • 7-Bere gobernuaren altxor publikoak ez zuen inoiz defizitik ezagutu, Georgiaren etengabeko aurrekontu kaudimengabearekin kontrastean;
  • 8-Barne politikan, Aslan Abashidze herrien adiskidetasun idealen alde gidatu zen, Batumin bizi diren hainbat talde etnikoren diasporako erakunde asko sortuz;
  • 9-Era berean, kulturaren ikuspegitik, Abashidzek kultur figura ugari erakarri zituen (Rostropovich biolonzelistak bere lagun pertsonaltzat zuen); Errusiako eta Georgiako intelektualitatearen ordezkari asko Itsaso Beltzaren kostaldera joan ziren eta Aslan Ibraimovitxen lagun egin ziren. Errusiako enpresari eta politikari asko Aslan Ibraimovitxen etxera joaten ziren gonbidatu gisa.

Shevardnadze eta Abashidze

III-Abashidze eta Shevardnadzeren arteko harremana.

1992ko martxoan Eduard Shevardnadze Moskutik Tbilisira iritsi zen Georgiako Estatu Kontseiluko presidente izateko. Abashidzek bere babesa adierazi zion eta “Adjar Berpizkunderako Batasun Demokratikoa” alderdia sortu zuen, beranduago, Adjariako lehoiak georgiar politika menderatzeko asmo guztiak zituenean, “Georgiar Berpizkunde Demokratikoaren Batasuna” deitzera pasa zena. 1990eko hamarkadaren hasieran, Abashidze eta bere jarraitzaileek, ziurtzat eman zezaketen gobernu zentralarekiko zuten autonomia politiko eta militarra. Georgia hain zatituta zegoen Abkhaziaren aurkako borrokaren eta Gamsakhurdiaren aldekoen eta oposiziokoen arteko gerra zibilaren garaian, ezen gobernu zentralak ez baitzuen Adjariako autonomiaren botereak kontrolatzeko modurik. Botere ekonomikoa beste kontu bat zen. Turkiako mugatik zehar “maleten merkataritzaren” irabaziak Adjariako errepublikaren (eta bere buruzagien) kutxetarantz zihoazen bitartean, benetako aberastasunak merkataritza serioagoa eskatzen zuen. 1994an, Abashidze “eremu ekonomiko libre” bat lortzeko presioa egiten hasi zen, eremu horretara inbertsioak erakarriko zituena. Azaroan, Shevardnadzeren onespena lortu zuen proiekturako, Adjariara 1995ean mila milioi dolar baino gehiagoko inbertsioa aurreikusiz.

1995eko urrian, Abashidzek “Berpizkunderako Batasun Demokratikoa” alderdiarekin hauteskundeetan parte hartu zuen, eta 25 eserleku lortu zituen, Parlamentuko hirugarren alderdia bihurtuz. Abashidzek Shevardnadzeren hautagaitza babesten du aliantza baten bidez: “Berpizkundea”-k “Hiritarren Batasuna”-ren plan guztiak babestuko lituzke maila nazionalean, Batumi hirian “eremu ekonomiko librea” sortzearen truke. Abashidze eta bere alderdiko gainerako buruzagiek merkataritzak sortutako diru-sarreren zati handi bat mantendu ahal izango lukete Batumi eta Sarpiko aduana-postuen bidez.

Sarpi, Adjaria eta Turkiaren arteko aduana-postua

Shevardnadzek hasiera batean proiektua onartu zuen arren, parlamentuak bi urtez atzeratu zuen bere iritzia, ondoren bertan behera uzteko. Ziurrenik, parlamentuak, Shevardnadzeren “Hiritarren Batasuna” alderdiak kontrolatua, Abashidzeri Batumiko eremu ekonomiko asketik aterako zen diru gehigarria eragotzi nahi izan zion, zalantzarik gabe, Tbilisin diru gutxi iritsiko zela ulertu baitzuten.

1998ko apirilean, Shevardnadzerekiko aliantzak behera egin zuen eta Asian Abashidzeren “Berpizkunde” alderdia parlamentutik erretiratu zen argi geratu zenean “Hiritarren Batasuna”-k ez zuela bere tratuaren zatia beteko. Izan ere, ordurako argi zegoen “Berpizkunde” alderdiak ez zuela benetako ideologiarik; bere interes bakarra Adjariako portuetan sartzen den diruaren zati handi bat Tbilisi aldera joatea saihestea zen. “Berpizkunde” eta “Hiritarren Batasuna” alderdien arteko alde bakarra Abashidzeren jarrera pro-errusiarrena zen.

Laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, Aslan Abashidzeren anbizioak Adjariatik haratago hedatzen dira, eta “Georgiar Berpizkunderako Batasun Demokratikoa” alderdiaren eskualde-bulegoak zabaltzen dira herrialde osoan. 1999ko uztailaren 10ean, Batumin, bost alderdi georgiar (Berpizkundea, Alderdi Popularra, Georgiako Tradizionalisten Batasuna, XXI. mendeko blokea eta Alderdi Sozialista) “Georgiako Berpizkundea” hauteskunde-blokea osatzen dute. Aslan Abashidze blokeko buruak 1999ko urriaren 31ko hauteskundeetan botoen % 25,56 lortu zuen eta bigarren oposizio-indar serio eta bakarra izan zen. Ordurako, Shevardnadzerekin zituen harremanak nabarmen okertu ziren, elkarren artean ustelkeria eta traizio salaketa handiak trukatuz.

Abashidze eta Shevardnadze elkarren arteko harremanak onak zirenean

IV-Errusiar mugako tropen arazoa.

Aslan Abashidzeren gobernuak eta Adjarian aparkatuta dauden Errusiako indar militarren komandanteek, eskualdean botere ia mugagabea dutenek, interes komunak izan dituzte argi eta garbi, eta behin eta berriz aipatu dute elkarren aldeko harremana. Haien boterearen baldintza bakarra da beren zentroek kontrola zenbateraino galdu duten zuzenean baieztatzen duen adierazpenik ez egitea. Baina Abashidzeren askatasuna, izatez, haratago doa, Tbilisirekin zuzenean aurrez aurre dauden adierazpenak egin ditzakeelako, oso ondo jakinda Shevardnadzek bi aukera baino ez dituela: adierazpenei garrantzia kentzea edo publikoki onartzea Georgiak, de facto, ez duela Adjarian gobernatzen.

Abashidzeren ustez, Errusiak Adjarian duen presentzia militarra da eskualdean egonkortasuna, errepublikaren bakea eta lasaitasuna bermatzen eta mantentzen duen indar bakarra. Adjariak 1991-1994ko gerraren asalduratik ihes egin zuen Georgian, eta, zalantzarik gabe, errusiar tropen presentziari esker izan zen, talde armatuak Errepublikatik kanpo mantendu zituztenak, bai “Mkhedrioni” talde irregularrak, bai Georgiako Armada erregularreko unitateak.

Sobietar garaian, armadari nahi zuen guztia eman zitzaion. Baina orain gauzak aldatu egin dira: Errusiako armadak ez ditu fakturak ordaintzen, eta hornitzaileek gero eta gehiago erreklamatzen dute ordainketa falta. Azken urteotan aurrekontu militarrean egin diren murrizketen ondorio da hori, baita ministerioak errealitate postsobietarrei eta sistemaren ustelkeriari aurre egiteko dituen zailtasunen emaitza ere. Beraz, errusiar armada gainbehera prozesu batean sartu zen, ziuraski Armada Gorria desegin aurretik hasi zena. Adjarian, ordainketa falta eta errusiar armadaren baldintza txarrak aukera bat izan ziren Abashidzerentzat.

1-Errepublikako ia baliabide guztien gaineko kontrola aprobetxatuz, Turkiara bidean eta Turkiatik igarotzen den Batumiko trafiko guztiari “zergak kobratzeko” aukera barne, Abashidzek Mosku prest ez zegoena (edo eman ezin zuena) eskaini ahal izan zuen. Errusiako militarrei eta haien familiei egindako “opariez” gain (etxebizitzak kostu-prezioan saltzea, ofizialei opariak egitea, etab), Errusiako mugako unitateek, SESB zaharrean bezala, Sarpiko muga-postuaren irabazien zati bat jasotzeko eskubidea dute. Izan ere, gobernu errepublikanoak zergak kobratu diezazkieke Adjariatik igarotzen diren kamioiei, Batumira iristen direnean. Kobratutako zenbatekoen garrantziaren inguruko ideia bat izateko: Batumiko kontrol postu batean Adjariako gobernuaren izenean kobratutako tarifa 160 dolarrekoa da kamioi bakoitzeko. 1995eko iturri baten arabera, Sarpi bidezko mugako merkataritza hilean 60-70 milioi dolarrekoa da.

2-Baina, estualdian dauden soldaduei laguntza material zuzena emateaz gain, Abashidzek trebeki sustatu du errusiarrak, eta georgiarrak ez diren beste batzuk, georgiar nazionalismoaren korronteetatik babestuak sentitzen diren atmosfera bat, herrialdeko beste toki batzuetan hedatu direnak. Abashidzeren erretorikak, sobietar garaiko “anaia zaharrenaren” errusiar ideala gogorarazten du, non, errusiar nazioak, bere anaia gazteenen nazionalitateak gidatzen eta babesten dituen. Adjariako gobernuak eremu elebidun gisa mantendu du errepublika georgiar elebakartasunaren itsasoan. Seinaleztapen ofizialari, irrati eta telebistaren estaldurari, kazetaritza inprimatuari eta antzerki-ekoizpenei dagokienez, Batumik errusiera georgierarekin batera mantentzen duen bitartean, gobernu zentrala, ordea, saiatu da ezabatzen. “Adiskidetasun errusiar-adjaria” izeneko elkarte saihestezina errusierazko kultura sustatzeko ere ezarri da, errusiera bizkortzeaz gain, adjariarrak Moskura bideratzea helburu duena, Tbilisira beharrean.

3- Adjariako gobernuak, soldaduen behar materialak asetzeaz gain, gauza garrantzitsuago bat ematen du: bere tropak. Errusiar armadak, Kaukaso iparraldean bakea mantentzeko lanak, soldadutzaren ihesak eta desertzioak estututa, bertako erreklutetara jo behar izan du euren lerroak osatzeko. Konponketa honek, benetako ezegonkortasun lazgarri baten haziak izan ditzake, ez bakarrik Georgiarentzat, baita Kaukaso osoarentzat ere, Adjarian, Armenian eta Osetian bezala, praktika honek, tropa errusiar hauek, bertako nagusiei, euren buruzagi errusiarrei baino leialagoak izan daitezkeen planteatzen duelako. Adjarian, badirudi galdera horren erantzuna baiezkoa dela. Eta honek hobeto azalduko lituzke Abashidzeren benetako arrazoiak, bere zerga lokalei hain gogor eusten dienean, eta bere nagusiak Moskun edo Tbilisin ote dauden ia kezkarik ez duenean.

Georgiak bere mugak kontrolatzeko eskubidea berretsi du 1990eko hamarkadaren erdialdetik. Azken urteotan aurrerapen handiak egin dira eta akordio batera iritsi dira, Georgiak bere mugen erabateko kontrola bere gain hartuko duela 1999ko amaieran. Urte honen hasieran, Errusiako mugako azken tropak Javakhetitik erretiratu eta Adjariara transferitu ziren, hau, Georgiako azken zati bezala utziz, mugako tropa errusiarrekin. Adjarian 1.000 soldadu georgiar inguru daude, mekanizatutako brigada batekoak. Kopuru txikia izateaz gain, Tbilisirekiko tropen leialtasuna zalantzagarria da, errusiarrak baino gutxiago entrenatuta eta elikatuta daudelako. Tropa georgiar hauek Abashidzerekiko leialak direla uste da, beharbada euren buruzagiek errusiarren tratu bera jaso dutelako.

V-Abashidzeren krisia eta erorketa (2004).

2003ko azaroan, Georgiako Arrosen Iraultzan jazo ziren gertaeretan, Aslan Abashidze Shevardnadzeren gobernuaren alde agertu zen eta 2000-3000 adjar herrikide  autobusetan Tbilisira eramatea antolatu zuen, manifestazio batean parte hartzeko prest. Oposizioaren aldekoak etengabe eta modu masiboan manifestatzen ari ziren, Legebiltzarreko hauteskundeak faltsifikatzeagatik. Uste zenez, beste hau, Abashidzek sustatua, Shevardnadzerekin batera, opozioak antolatutakoen alternatiba bihurtuko zela. Baina lehia horretatik oposiziogileak irabazle atera ziren. Shevardnadze presidenteak dimisioa eman eta Saakashvili-Burjanadze-Zhvania triunbiratua boterera iritsi ondoren, Abashidzek larrialdi egoera Adjarian ezarri zuen eta Georgiako gobernu berriaren aurkako borroka isila hasi zuen. Hala ere, 2004ko urtarrilaren 25ean, Abashidze Georgiako presidente berria, Mikhail Saakashvili, hartu zuen Batumi-n, Adjariako hiriburura bisita egin eta enpresariekin lan-programa batean bertaratzen zena.

Denborak aurrera egin ahala, Aslan Abashidzeren aurkako erakunde politikoak aktibatu ziren Adjarian, Tbilisiren babes ofiziala zutenak. Abashidzek neurri errepresibo gogorrak hartu zituen eta egoera larritu egin zen. 2004ko martxoaren 14an, Aslan Abashidzeren aldeko talde armatuek ez zuten Mikheil Saakashvili, une hartan bere alderdiaren hauteskunde-kanpaina egiten Georgiako mendebaldean zegoena,  Adjariako Errepublika Autonomoaren lurraldean sartzen uzten.

Abashidze eta Zurab Zhvania, Georgiako lehen ministroa, 2004ko martxoko hauteskunde-kanpainan Batumi hirian

2004ko maiatzaren 2an, Aslan Abashidzeren aginduz, Txoloki eta Kakuti ibaien georgiar-adjar muga administratiboko zubiak leherrarazi zituzten, georgiar armada Adjarian sar ez zedin.

2004ko maiatzaren 5ean, Mikhail Saakashvili Georgiako presidenteak Adjaria zuzenean Tbilisiko gobernuak gobernatuko zuela iragarri zuen.

2004ko maiatzaren 6ko gauean, Aslan Abashidze bere kargua utzi eta Moskura joan zen, bere seme George (Batumiko alkatea) eta Igor Ivanov Errusiako Federazioko Segurtasun Kontseiluko idazkariarekin batera. Mikheil Saakashvili Georgiako presidenteak immunitate bermea eman zien Aslan Abashidze eta bere familiari, “jarduera politikoa amaitutzat eman eta odolik isuri gabe herrialdea uzten badu”.

Txoloki zubia, Abashidzeren indarrek suntsitua 2004ko maiatzean.

Sakashvilik emandako bermeak gorabehera, 2005eko abenduaren 5ean, Batumiko Auzitegiak Aslan Abashidze atxilotzeko eskatu zuen, Georgiako Fiskaltza Nagusiak eskatuta. Auzitegiak Abashidzeri 99 milioi lariko (55 milioi dolar) Estatuaren ondasunak bidegabe erabiltzea, ekintza terroristak antolatzea, Adjariako muga administratiboan (Txoloki eta Kakuti) zubiak lehertzea, legez kanpoko atxiloketak egitea eta beste hainbat bortxaketa leporatzen zizkion. Abashidzeren jabetza pertsonala, Georgiatik ateratzea lortu ez zuena, konfiskatua eta enkantean jarria izan zen.

2006ko maiatzaren hasieran, Interpolek Aslan Abashidze Adjariako Errepublikako buruzagi ohia sartu zuen bilatuen zerrenda ofizialean. Galdetegian adierazten zen bezala, Georgiako legea betearazteaz arduratzen diren erakundeek eskatuta bilatzen da, honako kargu hauengatik: terrorismoa, delinkuentzia antolatua, herritarren legez kanpoko atxiloketa, iruzurra,  eta armak eta munizioak legez kanpo garraiatzea eta biltegiratzea.

Abashidze eta Saakashviliren arteko harreman txarrak oso argiak ziren. Elkarrekiko ezinikusia agerikoa zen

2007ko urtarrilaren 22an, Batumiko auzitegiak Aslan Abashidzeren aurkako akusazioak onartu zituen, 15 urteko kartzela-zigorra eta 99 milioi lari (57 milioi dolar) Georgiako aurrekontuari ordainketa ezarriz. Abashidzeren espetxealdia, epailearen erabakiaren arabera, atxilotzen duten egunetik aurrera zenbatuko da.

2016ko abuztuaren 11n, Batumiko Udal Auzitegiak Aslan Abashidze erruduntzat jo zuen, 1991n Nodar Imnadze hiltzeagatik eta 2004an bi zubi lehertzeagatik,  auzi-ihesean 15 urteko kartzela-zigorra ezarri ziolarik.

Adjariako krisiaren sinopsia

VI-Saakashviliren plana Abashidze eraisteko. Errusiaren laguntza Abashidzeren erorketan.

Aslan Abashidzeren erregimenaren kolapsoa askok uste zutena baino azkarragoa izan zen. Georgiako presidenteak, Mikhail Saakashvilik, honen merituaren zati handi bat Errusiarena dela iragarri zuen. Hala ere, egia esan, badirudi Moskuk bere papera bete duela Tbilisik bikain jokatu duen joko batean.

1-Errusiaren papera. Abashidze erori ondoren, Mikhail Saakashvili Errusiari konplimenduak ematen hasi zen gatazkaren konponbidean jasotako laguntzagatik. Eta, egia esan, Mikhail Saakashvilik asko zuen Errusiari eta bere presidenteari eskerrak emateko. Batumiren aurkako borrokaren egun erabakigarrian, Georgiako buruzagiak bi elkarrizketa izan zituen Vladimir Putinekin telefonoz: Aslan Abashidzeri Errusian asilo politikoa emateko eskaera egin zion Saakashvilik Putini, bere borondatez kargua uztea onartzen badu. Eta Saakashvilik Vladimir Putin asetzeraino azpimarratu zuen urrats horrek odola isurtzea saihestuko zuela eta “georgiarrek estimatuko” zutela. Eta odola isurtzeko probabilitatea nahiko handia zen. Mikhail Saakashvilik indarra ez erabiltzea segurtatu zion Vladimir Putini, baina “Abashidzeren jendea tiroka hasi arte”. Beraz, azkenean Moskuk konbentzitu zuen Aslan Abashidze “bakean joateko” eta odol isuririk ez eragiteko.

Hala ere, Batumiko guduan, Errusiak lortu beharreko bi helburu zituen, baina haietako bat bakarrik lortu ahal izan zuen. Krisiak iraun zuen bitartean, Moskuk Tbilisi eta Batumiren arteko liskarra gatazka armatu bihurtzea saihesteko beharraz hitz egin zuen, eta arrakasta izan zuen. Baina, aldi berean, Mosku bere aliatu zahar Aslan Abashidze boterean mantentzen saiatu zen (ofizialki onartu ez zuen arren), eta bere zoritxarrerako ez zuen lortu. Literalki, azken unean, Kremlinek, dirudienez, bi helburuak lortzea ezinezkoa zela konturatu zen, eta, jakintsuki, gutxienez batean kontzentratzea erabaki zuen.

2-Georgiaren papera. Adjariako krisian, Georgiako agintariek ia arazorik gabe jardun zuten aurretik ezarritako plan baten arabera. Plan horrek aurreikusten zuen Batumiren gaineko presioa pixkanaka handitzeak Aslan Abashidze akatsak egitera behartuko zuela. Eta plan sinple honek bikain funtzionatu zuen.

  • Batumiko guduaren etapa erabakigarria Georgiako indar armatuen eskala handiko maniobrekin hasi zen, Poti portu hirian eginak, Adjariako mugan bertan. Tbilisik ia indar eta arma guztiak bidali zituen maniobra haietara. Eta lortu nahi zen eragina izan zuen. Aslan Abashidze urduri jarri zen eta Adjariak Georgiarekin zuen muga administratiboan zubiak suntsitzeko agindua eman zuen. Hau izan zen bere lehen akats handia, hori egitean, agerian geratzen baitzen Adjariako buruzagiak, Tbilisirekin hitz egiteko zubiak suntsitu zituen lehena zela.
  • Hurrengo urratsa Batumiko oposizioaren manifestazio baketsuen errepresio basatia izan zen. Eta, ondorioz, Tbilisik luzatutako tranpa batean aurkitu zen: Batumiko manifestarien kopurua izugarri hazten hasi zen. Horren ondoren, prozesua kontrolaezina bihurtu zen Adjariako agintarientzat.
  • Georgiako agintariek irabazitako jokoari amaiera eman behar izan zioten. Tbilisik, Aslan Abashidzek, georgiar buruzagiei zuzenean amore ematea ez zuela inoiz onartuko ulertu zuen. Bitartekari onargarri bat behar zuten Batumirentzat. Igor Ivanov oso egokia zen paper honetarako “bere baitan iragarpen txarrak dituen mezulari bat” izatearen ospea irabazi baitzuen. 2000ko urrian, Serbiako belusezko iraultzan, Igor Ivanovek Belgradera hegan egin zuen Slobodan Milosevic eta serbiar demokraten artean bitartekari lanak egiteko, eta Balkanetako diktadorea dimisioa ematera konbentzitu zuen. 2003ko azaroan, Tbilisin, Arrosen Iraultzan, Igor Ivanovek Eduard Shevardnadze Georgiako oposizioarekin adiskidetzeko misioa hartu zuen bere gain, baina ordaindu beharreko prezio bat zegoen, eta ondorioz, Shevardnadzek bere presidentetza galdu zuen. Oraingoan, Ivanovek amaiera eman zion Tbilisi eta Batumiren arteko borrokari, eta ordaindu beharreko prezioa Aslan Abashidzeren amore ematea izan zen.

3-Estatu Batuen papera. Tbilisik garatutako jokoan, taulan ez zen inolako aukerarik egon Richard Milesek, Georgian Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadorea eta Arrosen Iraultzan funtsezkoa izan zena, parte hartu ahal izateko. Horri dagokionez, Estatu Batuek Richard Boucher Estatu Departamentuko bozeramaileak egindako adierazpenera mugatu zen: “Estatu Batuek Abashidzeren irteera aintzat hartzen dute eta ongietorria ematen diote Adjariako Errepublika Autonomoan Tbilisiko boterea modu baketsuan berrezartzeari”.

MOSCOW, RUSSIAN FEDERATION: Georgian Revival party leader Aslan Abashidze (R) and Russian Foreign Minister Igor Ivanov smile prior a closed meeting in Moscow 14 November 2003. One of Georgia’s most powerful political figures, Aslan Abashidze, met Russian Foreign Minister Igor Ivanov amid a political crisis at home which has left Georgian leader Eduard Shevardnadze fighting for his political survival. AFP PHOTO POOL (Photo credit should read -/AFP via Getty Images)

Aslan Abashidze, Igor Ivanov Errusiako Kanpo Harremanetarako ministroarekin

Amaitzeko, ez da erraza ebaluatzea Abashidzeren zeregin politikoaren garrantzia adjar autonomia, nortasun eta oparotasunaren etorkizunean. Aslan Abashidze bere garaiko semea izan zen, garai gorabeheratsu bateko politikari georgiar bat, funtzionario sobietar bat, menderatze sistema sobietar batean hazi eta hezi zena, non ustelkeria zen arau. Beraz, nekez espero zitekeen Aslanek kualitatiboki zerbait berria eta desberdina sortzea, bizitzea egokitu zitzaizkion egoera historiko, sozial eta ekonomikoak kontuan hartuta. Nolanahi ere, benetako georgiar abertzalea izan zen, eta, ongiari eta gaizkiari buruz zituen gaitasunetan eta ideietan oinarrituta, bere herria ahal bezain ongi zerbitzatu zuen. Baina Adjariako herria hartaz nekatu egin zen, eta, berandu bada ere, hamahiru urteko agintaldiaren ondoren, Aslan horretaz jabetu zen.