KASUALITATEZ, internetez, twitterren bidez, orain dela hilabete batzuk Nafarroako herri batean abian jarritako ekimenaren berri izan nuen, bertan dagoen jauregi eder bat herritar guztien artean erosi eta Nafartarren Etxea elkartea eraikitzeko. Herritar horiek guztiak euskal herritarrak dira, nafartar horiek euskal herritar guztiak diren bezalaxe. Ekimenaren izena erakargarria iruditu zitzaidan: “Euskaldun bat, euro bat”, antolatzaileek kalkulatu baitute euskaldun edo euskal herritar guztiek euro bana jarriko balute, jauregia erosi (oraingo jabegoa pribatua da) eta elkartea sortzeko aukera egongo litzatekeela.
Herria Baigorri da eta jauregia Etxauzia jauregia. Ez dakit UPNkoen-tzat Baigorri Nafarroa den, ez baitago Foru Komunitatean, iparralderago baizik, eta ez dakit ere UPNkoen imaginarioan nola dagoen txertaturik Nafarroa Beherea (zerbait turistikoa, hutsala alegia, izango da ziur aski). Nafarroatik iristen diren azken berriekin nekatu eta nazkaturik (ETB, Iruñeko haur eskolak), hona ekarri nahi izan dut Nafarroatik ere iritsi den ekimen agian ameslari eta utopiko hori poztasun bat, sikiera, izateko (gero eta beharrezkoagoa da errealitate zurrun honetan zantzu itxaropentsuren bat topatzea).
Etxauzia jauregia ikusgarria da, kanpotik behintzat (ez naiz inoiz barruan egon) eta euskal literaturan gutxieneko interesak duenarentzat lotura sentimentala badu, Axularrek Gero Bertrand Etxauzkori eskaini baitzion. Baigorriko jendeen asmoa jauregiari bizitza berria ematea da: bertako ekimen sozial, kultural eta ekonomikoak sustatu, Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko harremanak sendotu, euskal diasporaren gunea sortu, elkarbizitza lagundu, mila gauza. Erronka benetan zaila aurrean dutena. Erronka zailagoa, baina, Baigorriko jendeek euskaldun guztioi jo digutena, oraintxe bertan gure eskuetan duguna. Ez dakit nik gai izango garen, barkatuko didate Baigorriko lagunek, baina batzuetan ezkorra naiz euskaldun jendearekiko. Eta eskerrik asko amets hau eskaintzeagatik. Euskaldun bat, euro bat.
DEIA








