Azken legealdian Nafarroako Parlamentuak onartutako hamasei legeren aurka helegitea jarri du Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean
Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, zortzi, bederatzi, hamar, hamaika, hamabi, hamahiru, hamalau, hamabost eta hamasei. Iragan legealdian, Nafarroako Parlamentuak onartutako hamasei legerekin, Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalaren komodina erabili zuen. Parlamentua, Nafarroaren herri ordezkaritza, Espainiako Gobernuaren nahien menpeko ganbera bihurtu da inoiz baino gehiago. Konstituzionalak kasu batzuetan, gainera, arrazoi eman zionez, autogobernua baldintzatuta geratu da. Horri gehituz gero lege organikoak eta finantza arloan Nafarroari ezarritako mugak, atzerakada agerikoa da. Hitzarmenik egin gabe, aldebikotasun asimetrikoa hautsiz eta bere indarra baliatuz, estatuak de facto hankapean darabiltza foruak, baina irudi luke eraso orokor hori ez dela sozialki hain agerikoa.
Bi aldeen arteko hitzarmenaren mito faltsua urratu den bezala, urratzen ari da kontzientzia kolektiboaren defentsa irmoa. Izan ere, Nafarroako gizartearen beste totem bat da XIX. mende amaieran jazotakoa. 1893an, German Gamazo Espainiako ministro liberalak orduko Itun Ekonomikoa desegiteko proposamena egin zuen. Berehala, iragarpen hark Nafarroa osoan izugarrizko kalapita piztu zuen, eta 120.000 lagunek baino gehiagok, garai hartako herritarren herenek, proposamen haren aurkako agiri bat izenpetu zuten. Gamazada delako hari emandako herri erantzuna Nafarroako kontzientzia kolektiboaren mugarrietako bat da gaur egun ere, eta, sinbolikoki, Foruen monumentuak islatzen du herria Madrilgo neurri baten aurka altxatu zenekoa.
Iragan hauteskunde kanpainako gai nagusia izan da, gainera: Espainiako hurrengo gobernuak zer egingo ote duen. Izan ere, Gamazoren antzera, Ciudadanosek eta PPko agintari batzuek Itun Ekonomikoa ezabatu edo murrizteko proposamenak egin dituzte. Oraindik, ikusteko dago zer-nolako gobernua osatuko den azkenik Espainian eta, ondorioz, zer-nolako jarrera hartzen duen Nafarroako autogobernuarekin. Ez dago, ordea, etorkizunera itxaron beharrik. Mehatxua ez da biharkoa, oraingoa baizik. Izan ere, gaurdaino, estatuari eraginkorrago izan zaio bat-bateko estrategia oldarkor bat hartu ordez, pixkanakako etengabeko murrizketa bat egitea. Historiak irakaspenak uzten dituenez, Gamazo alboratu dute erantzun sozial eta zuzena saihesteko asmoz.
Eskumenak murriztuz
Jokabide horrek bete-betean eragiten du jada egunerokoan. Adibidez, azkenaldian bolo-bolo ibili den lan eskaintza publikoan. Hegoaldeko beste hiru lurraldeetan ez bezala, Nafarroak funtzio publikoan eskumen osoak izan ditu iraganean, eta hala aitortzen du estatutuak, Foru Hobekuntzak. Alta, Aznarren garaian ezarritako lege organiko batek eta hari Konstituzionalak emandako berrespenak baldintzatuta utzi zuten eskumena. Hala, ordutik, Nafarroako administrazioak, hala gobernuak nola udalek, estatuaren irizpideen arabera ezartzen dituzte lan eskaintzak, eta ez euren beharren arabera. Uraren, errepideen eta trafikoaren eskumenekin antzera gertatu da.
Konstituzionalaren komodina ohiko bihurtu da PPrentzat, eta, jarduneko gobernu izanda ere, ez du atzera egin. Azken bi helegiteak nahiko esanguratsuak izan dira. Bata, Polizien Legea, eta, bestea, are esanguratsuagoa, bere esanahi politikoagatik: Indarkeria Polizialaren Biktimen Legea.
Konstituzionalak, gehienetan, estatuaren alde jokatzen du, estatuaren parte delako, besteak beste. Hasteko, Konstituzionaleko epaileen izendapena erabat politikoa da: Kongresuak lau epaile hautatzen ditu, Senatuak beste lau, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bi, eta Espainiako Gobernuak beste bi. PPk eta PSOEk izendatutako epaileek gehiengoa dutenez, zer berme juridiko du Nafarroak erabakia erabat inpartziala dela?
Konstituzionalaren epaien artean, esanguratsuena 2014ko ekainekoa izan zen. Bertan, Nafarroari hitzartu gabeko zergak ezartzeko ahalmena baldintzatu zion Konstituzionalak. Epai harekin eta Volkswagenen BEZagatik 1.500 milioi euro erreklamatzeko mehatxuarekin, azken negoziazioan indar korrelazioa are gehiago desorekatu zen, eta zerga ahalmena kolokan geratu da. Pixkana, urratsez urrats, atzerantz ari da autogobernua, estatuaren nahiaren eta erritmoaren arabera.
Berria









