Ur handitan murgiltzearekin parekatzen dute euskal identitatearen inguruan eztabaidatzea. Sakonera hartuz joan da gaia urteotan giro intelektualean; oso azalean geratu da, ordea, oro har, gizartean. Gogoeta eragiteko abiapuntu bat proposatzen dute adituek: zer den definitzeari uztea.
Abstraktua, lausoa eta sakona da. Ez da gauza bat. Ezin da ukitu, baina egunero dago presente. Sentitu egiten da. Ezinezkoa da, ordea, euskal identitatea definitzea. Zergatik? Estaturik ez duelako. Argi eta garbi diote hori adituek. Abiapuntu horretatik aurrera, batzuek estatugintzari ematen diote zentraltasuna, eta besteek, euskarari. Bi ikuspegien arteko talka nabarmena da.
Arabar, bizkaitar eta gipuzkoarren artean, %32 espainiar bezain euskal herritar sentitzen dira, Euskobarometroak joan den urtean argitaratutako txostenaren arabera. Entitate kolektibo baten ikuspuntutik erreparatuta, hori ezinezkotzat jotzen du Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak (Baiona, 1975): «Bateraezina da izatea frantsesa eta euskalduna aldi berean, edo espainola eta euskalduna aldi berean». Haren arabera, Ipar Euskal Herrian, euskal identitatea oztopatzen duen nortasuna da frantsesena, existitzen uzten ez diona. Paradoxa baten bidez bat egin du, hein batean, analisi horrekin Xabier Landabideak, Deustuko Euskal Gaien Institutuko ikerlariak eta irakasleak (Bilbo, 1981): «Suposatzen da, jatorriz behintzat, identitas hori dela berdina dena, edo bat dena; hau da, denok konpartitzen dugun zerbait. Baina, aldi berean, identitateek maila sozialean beti funtzionatzen dute alderantziz. Hau da, ezberdin izate horrek batzen gaitu».
Euskal identitatea zein baldintzatan sortzen den hausnartu behar da, Jule Goikoetxea EHUko irakaslearen arabera (Donostia, 1981). «Euskal identitatea deitzen dugun praktika sozial, politiko eta ekonomikoen multzoa» nola eraikitzen den, alegia: «Praktika horien guztien artean, batzuek praktika linguistikoarekin lot dezakete, euskararekin alegia; beste norbaitek praktika kooperatibistekin edo ekonomia sozialarekin; beste askok estaturik ezarekin lotuko dute identitate politiko hori, ETApm-rekin, GALekin, Ibarretxe, Otegi edo Mari Domingirekin…». Berak aipatu guztiarekin lotzen du.
Hizkuntza eztabaidagai
Goikoetxearen ikuspegia ez du partekatzen Eneko Bidegainek. Ez, behintzat, hizkuntzaren garrantziari dagokionez. Euskararen gaiak batzuen begietan zentraltasuna galtzeak arduratzen du: «Norbaitek ez badio euskarari atxikimendurik, ez dut uste atxikimendua dionik hemen herri bat izateari, estatu bat izateari». Euskara euskal komunitatearen oinarria eta identitatearen ezinbesteko hiru zutabeetako bat dela uste du Landabideak ere. Lurraldea eta historia dira beste biak. Bi ikerlariek uste dute, nolabait, ezinbesteko oinarri horiek krisian daudela. Batetik, Bidegainek honako hau dio: «Lurralde honen berezitasun gisa hartu behar baldin bada menpekotasunaren ondorioz indarrean dagoen identitatearen ezaugarriak ere bereak dituela, orduan indarkeriarekin inposatutako identitate baten ezaugarriak nahasten ari gara». Gainbehera horren aurrean, gehitu du iraganaz ez dela nahikoa hausnartzen, eta gainera, azkenaldian kritikatu egiten dela iraganari erreferentzia egitea.
Bestalde, Lorea Agirre kazetari eta antropologoari entzun moduan, identitatearen iturriak aldatu egin direla berretsi du Landabideak. Nongotasuna, ondarea, kontsumoa eta partaidetza aipatu ditu lehengo iturri nagusi gisa. Elementu klasikoak presente diren arren, postmodernoagoak sortu direla aipatu du, «lotuagoak daudenak norbanakoari».
Beste gauza batzuk ez dira batere aldatu. Gizartearen gehiengoak ez duela bere identitatea hautatzen adierazi du Goikoetxeak: «Ez dituzunean zure ekonomia, zure kultura, herrialdea eta erakundeak aukeratzen, oso zaila da zure identitatea aukeratu ahal izatea». Hori horrela, goi klasekoek identitate aukera handiagoa dute erdiko klasekoek baino, eta erdiko klasekoek, pobreek baino gehiago: «Horregatik diot beti norbere egoera sozioekonomikoa dela dugun identitaterik indartsuenetakoa».
Bestalde, euskal gizarteak estatu bat zer den irudikatzeko eta estatu propioa eraikitzeko duen ezintasunak kezkatzen du gehien Goikoetxea: «Euskal ezkerrak estatua eskatzen du, baina ez du estatugintza egiten, ez duelako euskal estatua irudikatzeko gaitasunik. Eskuin abertzaleak, aldiz, ez du estatu propiorik nahi, ez dutelako herria gobernatu nahi; herriak sortzen duen aberastasuna kudeatu —pribatizatu— nahi dute, besterik ez». Aldiz, hizkuntza bera euskal estatuaren alde egiteko aitzakia izan daitekeela uste du Bidegainek: «Estatu batek baditu tresnak eta garantiak —borondatea ere behar du, noski— bere identitatearen alde indarra jartzeko. Batetik, identitate horren oinarria den hizkuntza lehenesteko eta derrigortzeko; baina, batez ere, naturaltasunez hartzeko hizkuntza hori derrigorrezkoa izan behar dela». Hori azpimarratu du. Lanpostu publikoetan euskara eskatzearen beharra zalantzan jartzen dutenen arrazoi bakarra Euskal Herria estatua ez izatea dela deritzo: «Norbait Alemaniara baldin badoa, ez du zalantzan jartzen han lan egiteko alemanez jakin behar duela».
Subalternitatearen pean
Identitateak proiektu izaera duela azpimarratu du Landabideak. Independentismoa eta abertzaletasuna aipatu ditu, besteak beste, Euskal Herriari erreferentzia eginez. Narratiba handi asko gainbeheran daudela uste du, ordea: «Asko errepikatzen den ideia da borroka batzuk irabazi izanaren sentimendu bat dagoela: gizon-emakumeak jada berdintasunean bizi gara eta euskara normalizatuta dago». Ondorioz, erresistentziaren identitatea «itzaliago» dagoela iritzi dio; izan ere, aldatu egin dira euskal identitatea sustraitzeko mekanismoak.
Mekanismoak aldatu badira ere, euskaldunak oraindik ere identitate subalternoa du, hiru adituen esanetan. Identitate homosexualarekin parekatu du Goikoetxeak: «Heterosexuala izatea zer den, galdera hori ez dago gure agendan, eta zinez interesgarriagoa iruditzen zait. Baina, jakina, heterosexuala izatea hegemonikoa izatea da, espainiarra izatea bezala, eta identitate hegemonikoek ez dute beren burua denbora oro zalantzan jartzen».
Baikor egoteko arrazoien inguruan galdetzean, bakoitzak bere bidea hartu du. Arrazoiak badirela azpimarratu du Landabideak: «Maitasunez sortzen ari diren proiektu berriei erreparatu beharko genieke, eta ez gelditu bakarrik betiko aieru horietan. Bada garaia euskal identitatearen lanketarako aukerak kontuan hartzekoa, eta disfrutatzekoa; harro egoteaz gain, gozatzeko unea da». Agian, berriro ere, oinarri berriak instituzioetatik at sortzen ari direla nabarmendu du. Goikoetxeak ere badu pozik egoteko arrazoirik: «Azken boladan Euskal Herriak duen gaitasuna emakume indartsu, trebatu, antolatu eta feministak sortzeko». Hezkuntzaren bidez egiten den lana eta komunikabideen indartzea nabarmendu ditu Bidegainek, eta erronka bat ere aipatu du: potentzial hori «urrunago joateko» erabiltzea.
BERRIA








