1 Euskararen gau luzea
2 Euskarari erasotzeko hiru aitzakia
Euskara azpiratuta eduki gura dutenek beti aurkitu dituzte arrazoiak egoera hori zuritzeko eta larritzeko. Ondoren gaur egun erabiltzen diren hiru aitzakia nagusi nabarmenduko ditut.
Soziala eta komunitarioa elkarren aurka jartzetik dator bigarren aitzakia. Ikuspegi horretatik jarduera politikoaren ardura norbanakoaren eskubideen eta eskubide sozialen babesa izango da, eta, politika sozialei dagokienez, aberastasunen banaketarekin lotutakoak izango dira kontuan hartzeko benetako arazoak. Edozein erkidego-eskaera hirugarren mailan geratuko da, onenean, eta askotan kostako zaie onartzea hor benetako menperaketa dagoenik. Edozein kasutan, ez dute bidegabekeria esanguratsurik ikusiko hor (txikikeria nazionalistak, J. C. Monedero dixit). Izan ere, horiendako, euskararen aldeko aldarrikapena traba izango da gizarte zibil eta zuzena eraikitzeari begira. Benetako euren helburua da aldarrikapen komunitarioak eremu publikotik ateratzea, baina organikoak diren hizkuntza edo erreferente kulturalak babestuz. Horregatik ez da zenbatuko gastu modura espainiera edo frantsesa ezartzeko sartzen den dirua eta denbora, are gutxiago hizkuntza horien ezarpenak euskaldunen artean eragin duen, odola, jazarpena eta oinazea.
Orainagokoa, eta hirugarrena, multikulturalismoaren aitzakia da. Erkidego bat bizikidetza eremu esanguratsua da. Norbanakoa esangura eremu horretan txertatzen da eta hor aurkitzen du zentzua eta norabidea bere bizitzak, bere lanak, bere ekarpenak. Jaso eta emate horretan aurkitzen du komunikatzeko modua (hizkuntzaren bidez bereziki), orientazioa eta atxikimenduak, bere inguruarekin, bere iraganarekin eta orainarekin, eta hor gauzatu ahal izango du bere bizitza-egitasmoa. Bestalde, erkidego bat ez da inoiz sistema itxia, etengabeko truke eta komunikazioan dago beste bizikidetza sistema batzuekin, eta fenomeno hori gertaera naturaltzat jo behar da. Truke eta komunikazio natural horretan biltzen dira jendea, ideiak, tresnak, eta bera modu orekatu eta harmoniatsuan ematen bada, aitortza sistema horien iraupena bermatzen da. Helburua izango da bizikidetza eremu esanguratsu, orekatu eta harmoniatsuak lortzea, bai euren baitan, bai inguruarekin, duten harremanean, eta hori bermatzeko trukearen kudeaketa erkidegoen kontua izango da.
Multikulturalismoa dogma moral bezala defenditzen dutenek askotan kapitalismoaren kritikotzat jotzen dute euren burua, jabetu barik dogma hori gizarte liberal-kapitalistaren hastapenetan dagoen exijentzia dela eta eurak inperatibo moral horren kudeatzaileak bihurtzen direla. Horren oinarrian logika liberal-kapitalistaren bi hastapen fundatzaile daude: nonahikotasuna (mugitzeko askatasun osoan oinarritua, Hobbes), eta gizabanako erauzia (norbanakoa ez da ingurune kultural bateko kidea izango, ezta berarentzat esanguratsua den lur eremukoa, baizik eta bizi eremu unibertsal batekoa, S. Mill, Kant, Marx, Engels). Horiei gehitu behar zaie beste hastapen moral bat, hots, mundu osora ongia (Nire ustez ona dena) zabaldu beharra. Oso kristauak diren hiru hastapen horiek aitzakia izan dira XVI. mendetik aurrera zabaldu diren hainbat inperiorendako, eta horiei loturiko hainbat genozidiotarako. Aitzakia ere estatu modernoaren eraikuntzan gauzatu diren hainbat etnozidio eta genozidiotarako. Ez al ditugu hor sartuko Txinako komunistek Tibeten egiten dihardutena, Marokok Saharan, Stalinek hainbat sobietar errepublikatan egindakoa, edo Espainiar eta Frantziar estatuek ere Euskal Herrian eraman duten politika etnozida?
3 Euskarari buruzko gezur instituzionalak
Ez da arraroa entzutea euskararen egungo egoeraren arrazoia herritarren ardura faltan dagoela. Erakundeetatik behin eta berriz heltzen zaigun mezua da: hizkuntza-politikak egin du bere lana eta jendeak egin du huts. Ideia bera modu garratzagoan adierazteko esan izan da ere gezur handia dagoela euskararen inguruan, jendeak ez diolako eusten konpromiso serioari, eta erdarara jotzen duelako. Errua gainetik kenduta, hizkuntza kontuetan ardura politikoa dutenek ez dute beharrik ikusten hizkuntza-politikari buruz konturik emateko, ezta egin den lanaren balantze seriorik egiteko, alde argi eta ilunak azalduz, hurrengo urteetarako helburu zehatzak eta neurri zuzentzaileak jarriz, eurak aurrera eramateko tresnak eta baliabideak zehaztuz, eta lan horren emaitzak neurtzeko modua eta epeak eskainiz.
Inon aurrerapauso sendoa eman bada, ez da hizkuntza-politikari eskerrak izan. Aurreratu da euskaldun eremuko herri txiki eta erdi mailakoetan, euskarari egindako jazarpen modu gordinenak arinduta, herritarrek hartu dutelako euskara euren besoetan. Horretaz gain, ikusi dut jendea lanean egunkari eta komunikabideetan, idazten, euskaltegietan, orduak sartzen, soldata eskasekin; ikusi ditut euskal herritarrak umeei euskaraz hitz egiten; ikusi dut erdal giroko hainbat gazte euskara lantzeko pozarekin, euskara berea eginda, ikusi dut jendea ere sorkuntzan, kantagintzan, literaturan, euren konpromisoarekin, euskara lehenesten beste aukera batzuen artean. Eginahala, eskuzabaltasuna, poza eta negar malkoa. Eta ikusi dut hizkuntza-politika jaregina, etsia, fosilizatua, eta ardurarik hartu ez duena.
Nik esango nuke baietz, azken hogeita hamabost urte honetako hizkuntza-politika buruiritzia arrakastatsua izan dela oso, eta balio izan duela erdara finantzatzeko, sendotzeko eta finkatzeko. Are gehiago, esango nuke hizkuntza-politikek euskara menpekoa eta atxiloa egin dutela eta egin dutela erdara askea. Hizkuntza-politika jareginaren emaitza izan da euskara erakunde-kaiola baten kateatuta edukitzea, erdara aske ibiltzeko Euskal Herriko larre eta kale bazterretan. Eta nik horri denari negarktibity-a esango nioke.
4 Euskal hizkuntza‑politika baterako
Harritzekoa da hizkuntza‑politiken emaitza kaxkarrek pizten duten erantzun ezaxola. Noizean behin halako ika-mika sortzen da, diru kontuak tarteko, bakoitzak bere paperari eusten dio, eta ondoren garrantzitsuari heltzen diote: “herritarrak kezkatzen dituzten arazoak”, “politika sozialak”, “adiskideratzea”, “estatus berria”… Deigarria da hainbat aurrerakoi, intelektual, eta mugimendu sozialetan ere antzerako ardura falta somatzea. Beti dabiltza babestu beharreko baztertuen bila eta plataforma kultura‑anitzak bultzatzeko gertu. Euskararen inguruan, aldiz, nahikoa izaten dute noizean behin ateraldi bitxiren bat botata. Tamalez, antzerako noraeza edo soma liteke herri mugimendu abertzalean. Ematen du bere praktika politikoa ere hainbat mugimendu sozialen eta GKEren diskurtso doktrinario zibilistek mugatzen dutela, eta hemen ere euskara (eta beste hainbat gauza) alboan geratzen dela.
Horren arrazoietako bat da euskararen inguruko edozein planteamendu eskubide subjektibo hutsen eremura baztertu dela, eta eskubide subjektiboena tranpa mortala da euskararako bi arrazoirengatik: 1) Eskubide subjektiboez hitz egiten denean berehala agertzen dira hierarkiak, eta lehentasuna izango dute “eskubide (subjektibo) unibertsalek eta sozialek”, eta hor ez da euskara sartzen. Are gehiago, euskara trabatzat jotzen da “eskubide unibertsal eta sozial horiek gauzatzeko”, bazterketarako tresnatzat. Samur ahazten da Euskal Herrian benetan beti egon den, eta orain dagoen, bazterketa, jazarpena, herri baten aurkakoa dela, bere hizkuntzan hitz egiten duen herriaren aurkakoa. 2) Eskubide unibertsalen zelaia ez da neutrala eta beti epaile interesatu batek kudeatzen du. Alde horretatik, esan daiteke eskubide subjektibo unibertsalen ideologia praktika etnozidarako aitzakia ere izan dela, espainiar eta frantziar estatuek erabili dutena euskarari egin zaion eraso sistematikoan.
Aldaketa garaietan ei gaudenez, unea da euskara edozein adostasunetarako lehentasunen artean ipintzeko, eta, lehenengo aldiz, euskal hizkuntza‑politikarako ardatzak zehazteko. Horretarako, hiru eremu politikotan zatitu gaituztenez, hiruretarako puntu hauek joko nituzke oinarrizkotzat: a) Euskara eskubide hutsen kontua izatetik aitortza eta betebehar kontua izatera pasatzea. Erkidego bateko kideak garen neurrian denok ditugu gure betebeharrak, legezkoak, moralak eta politikoak, eta betebehar horiekin datoz eskubideak, ez lehenago. Praktika totalitarioen oinarrian dago betebehar bariko eskubidedunak egotea. b) Onartzea azken bi mendeetan zehar, gutxienez, eman den praktika etnozida, glotozida, espainiar eta frantziar estatuek bultzatu dutena eskubideak, berdintasuna, aitzakiatzat hartuta. c) Hizkuntza zorraren aldarrikapena. Hain samur esaten dutenek euskaran egiten den gastua gehiegikoa dela, edo euskara eremu pribatura baztertu gura dutenek, jakin beharko lukete gastu horrek, berez, espainiar eta frantziar estatuen kargura joan beharko lukeela, eurak izan direlako euskara egoera honetara ekarri dutenak. d) Edozein adostasunen abiapuntuan hizkuntza‑burujabetasuna onartuko lukeen estatus politikoa egon beharko litzateke, euskara egon ez dadin eten bariko erasoak eta trabak jasaten, legedi arrotzak aitzakiatzat hartuta. e) Hainbat bazterketarekin hain sentibera den Europaren betebeharra izan beharko litzateke euskararen, azpiratutako hizkuntzen, babesa eta berreskurapena. Horretarako estatuen gainetik legoken tresneria juridiko eta politiko europarra bultzatu beharko litzateke.
Horrek denak bere ondorio praktikoak ditu, eta eskatzen du plangintza serioak egitea euskal hiru eremu politikoak kontuan izanda. Ez dago aitzakiarik EAEan hamar urte barru funtzio publiko osoa euskalduna ez izateko. Datorren funtzionarioen belaunaldi aldaketarekin, eta gazteek euskalduntzeko izan dituzten aukerekin, zentzu gutxi dauka euskaraz ez dakien jendea hartzeak, gero eurak euskalduntzen dirua eta denbora gastatzeko. Garaia ere bada horien pareko neurriak hartzeko ekonomia pribatuari dagokionez, berdintasuna eguneroko bizitzan ere txertatu behar delako. Betebeharraren eta aitortzaren ereduak kontuan izan beharko luke azken hamarkadetan jende askok euskara zintzo ikasteko konpromisoari eutsi diola. Jarrera hori erakutsi duenari aitortu behar zaio dagokion eskubidea. Eta baten batek erabaki badu, bere eskubide liberal unibertsalak direla eta, euskararik ez ikastea, beti izango du aukera euskaltegietan maila egokia lortzeko.
Ez du arazorik egon behar termino horietan adostasun politikoetara heltzeko. Bi estatuetako eskuma eta ezkerraren tradizioa ezaguna zaigu, baina eurek ere eguneratu beharko dute noizbait euren diskurtsoa eta praktika zapaltzailea. Ezin da beti euskararen mamua astinduz bizi. Dena dela, badago motiborik hegoaldean Ahal Dugu talde berriarekin zorrotzagoak izateko eta eskatzeko jarrera gardenak euskararen inguruan. Ez du balio “txikikeria identitarioak” eta “gehiegikeria nazionalistak” aipatuz ezkutatzea, edo frankismoaren erreformaren garaian jartzea muga. Euskararen arazoa sakonagoa eta askoz lehenagokoa da. Azkenik, era guztietako “bazterketekin” hain sentiberak diren intelektual, aurrerakoi eta mugimendu sozial horien aldetik, ez legoke gaizki euskararen egoera salatu eta garai berri baten aitzindaria izango den plataformaren bat bultzatuko balute.
Xabier Arregi Gordoa
Filosofian doktorea









