kazeta 94

2015eko sareko ikastaroak

“Euskal Herriko Historia” sareko ikastaroa amaitu berri du Nabarraldek. Bigarren edizio honen balorazioa oso positiboa izan da: parte hartze altua, ikasleen jarrera aktiboa, gauza berriak ikasteko edo aspaldi ikasitakoak berrikusi eta eztabaidatzeko grina, eta hiru hilabeteko irmotasuna eta lana. Maila altua izan du aurtengo edizioak ere, ikasleek lortutako emaitzei dagokionez. Eta hiru zifratara gerturatzen den parte hartzea ez da marka makala sareko ikastaro batentzat. Horrek guztiak erakusten du euskal gizartean badagoela gure historiari eta erreferenteei buruzko interesa, eta antzeko ikastaroek badutela tarte bat heziketa eta formazio eskaintzan. Bigarren edizio honetan edukiak berrikusi eta eguneratu dira, eta material osagarri berriak eskaini dira, direla artikuluak, direla kronogramak edo mapak. Nafarroako Ikastolen Elkartearekin elkarlanean eskainitako ikastaro hau nafar gobernuak homologatua da, eta ikasleek 9 kreditu jaso dituzte amaieran.

Gure historiari buruzko ezagutza zabaltzea eta hezkuntza sisteman historia ikuspegi propio batetik lantzeko joera bultzatzea dira 2015 honetarako helburu estrategikoetatik bi. Urrutiko hezkuntzak hezkuntza sistema aldatuko duenaren iritzia gero eta zabalduagoa da irakasle eta profesionalen artean. Izan ere, teknologia berriei esker e-learning edo urrutiko hezkuntza gero eta erabilerrazago eta merkeago bilakatzen ari da, eta hezkuntza ofizialaren eremuan bere lekutxoa lortu du dagoeneko. Hori dela eta, Nabarraldek sareko hezkuntzaren aldeko apustua egingo du aurten ere, era honetako ikastaroen eskaintza areagotuz.

Horren adierazle da martxoaren 4tik apirilaren 1era luzatuko den “Foruak” online ikastaroa. José Luis Orella Unzué Erdi Aroko historian katedraduna izango du zuzendari eta foruak zer diren, nondik datozen, nolako bilakaera historikoa izan duten, eta gaur egungo foru sistemak izango ditu aztergai. Matrikulazio eta informazio eskatzea edizioa@nafarroa.biz helbidean edo 948 211057 telefonoan egin daiteke.

Honekin batera “Genozidio Kulturalari” buruzko beste ikastaro bat prestatzen ari gara, maiatzean argia ikusiko duena. Raphael Lemkinek, Holokaustotik ihes egindako legelari poloniar juduak, Gizadiaren kontrako eraso gisa definitu zuen genozidioa. Baina bere ohiko adieraz gain, eta kultura giza talde bat egiten eta bereizten duen elementua den heinean, talde horrekiko jazarpen kulturala ere talde horren desagertzea dakar, genozidio kulturala alegia.

 

  • Mikel Burgui: Reflexiones sobre banderas
  • Iñigo Larramendi: Trebiñuk eserlekua behar du Arabako Biltzar Nagusietan
  • Ferrán Archilés: Cuando el nacionalismo parece invisible
  • José Joaquín Saldias: De Navarra a Buenos Aires
  • Salvador Cardús i Ros: Cultura, poder y compromiso
  • Josu Tellabide: Txillardegi
  • Ana Telletxea: Adierazpen zer?
  • Beñi Agirre: Errelatoa
  • Angel Rekalde: Nafarroa Euskal Herria da!