Espainia: marka!

Espainiako Gobernuak ez du beteko Argentinako epailearen agindua, eta ez du Martin Villa atxilotuko. Frankismo garaiko ustezko beste kriminalak ere ez, noski. Delitua preskribituta omen dago, eta gainera, Amnistia lege bat. Interpolek mundu osora zabaldu du agindua, baina Espainiak protesta egin du, eta neurri handi batean, indargabe utzi. Espainiak kriminalen paradisu izaten jarraituko du.

Gerta zitekeen Interpolen agindua jaso, pertsona horiek atxilotu, eta Espainiako justiziak erabakitzea delituak zaharregiak zirela, amnistiatuta zeudela… Baina ez da hori gertatu. Botere-banaketa nola ulertzen duen erakutsiz, erabakia zuzenean Espainiako gobernuak hartu du. Eta Martin Villari inork ez dio ezer galdetuko Estatuko mugak gainditzen ez baditu, eta aireportuetako VIP aretoetan hartuko dute, gozo. Gasteizko martxoaren 3ko krimenak, beraz, zigorrik gabe jarraituko du.

Besteok, bitartean, jarraitu beharko dugu aireportuetan katxeatuak izaten (azkenekoz, Bartzelonan, orain hiru egun), eta protestarik egiteko ere biderik gabe; jarraitu beharko dugu Rajoyren moduko lehen ministro zinikoak entzuten (“nik ez dakit ezer Kataluniari buruz fiskalak presta- tzen ari direnaz, periodikoan ikusitakoa bakarrik”); segitu beharko dugu ikusten Martin Villa Endesako ohorezko presidente gisa (edo Acebes Iberdrolako kontseilari gisa) eta argiaren faktura ordaintzean gainera, aurpegi ona jarri beharko dugu…Kaka egingo digute burutik behera, eta muturra okertu ere ezingo dugu egin.

Egunen batean, behar bada, lortuko dugu herri normal baten bizitzea. Bitartean, gutxienez, ez gaitzatela tontotzat hartu. Une honetan Martin Villa nazioarteko justiziaren iheslari bat da, ustez Humanitatearen kontrako krimenak egiteagatik, nahiz eta atxilotzeko agindua Interpolentzat lehentasunezkoa izan ez, Espainiak hala eskatuta Libre segitzen laguntzen diona kalifikatzea ere ez da zaila. Galdetu bestela Gasteizen, 1976ko biktimen etxekoei.

Berria