Akulturazioa, historia, autoestimua
Banaturik gaude, euskal kultura gutxietsia etengabe beste kultura indartsuagoen mesedetan, gure adierazpen kulturalak folklorearen etiketapean baztertuak
Pertsona edo talde batek kultura berri bat bereganatzeari esaten zaio akulturazioa, beti ere norberaren kulturaren kaltetan. Prozesu honen kanpo kausa tradizionaletako bat kolonizazioa izan da (Nafarroan eman zena kasu, 1512an Nafarroa Garaiaren konkistarekin gailurra jo zuena). Ezaugarri hau oso nabaria da gure gizartean: memoria galdu dugu, gure identitate politikoa, gure erreferentzia historikoak. Banaturik gaude, euskal kultura gutxietsia etengabe beste kultura indartsuagoen mesedetan, gure adierazpen kulturalak folklorearen etiketapean baztertuak.
Herri batek bere etorkizuna erabakitzeko beharrezkoa du auto-estimua izatea, bere arazoen jatorria zein den jakitea eta bere identitatea ongi ezagutzea. Lan horretan aritu da Nabarralde urte luzez, oroimen historikoaren bidetik. Nafarroako ondarea berreskuratzea eta arlo nazional eta kulturalean eztabaida teorikoa sustatzea izan dira bere bi ardatzak. Zentzu horretan bere eginbeharra ez da politikan aritzea, politika profesionalean bederen. Memoria historikoa lantzea gure herriaren ikuspegi berri bat eskaintzeko, hori da Nabarralderen helburu nagusia. Gaur egun argi dugu 1200ean Gaztelak nafar erresumako mendebaldeko lurraldeak konkistatu zituela, eta hortik datorrela gaur egun bizi dugun lurraldetasun arazoa. Edo 1512an Nafarroa Garaia indarrez menderatua izan zela, euskaldunek sortu zuten Estatu independentearen amaiera eraginez. Ez zen egon borondatezko akordiorik, euskaldunok ez genien uko egin gure erakunde eta antolamendu propioei. Eta horrek errotik aldatzen du gure errealitatearen ikuspegia.
“Euskal Herriko Historia” online ikastaroa Nabarralderen zereginaren adibide garbia dugu. Ikertuz, informazio berria argitaratuz, ezagutza zabalduz eta eztabaida berriak plazaratuz gure herriaren ikuspegi bat lantzen baitugu. Antzinako garaietatik modernitateraino gure herriaren bilakaeraren haria marrazten da, gure izatearen ikuspegi global eta koherente bat eskainiz. Oroimen historikoa bere osotasunean hartzen du Nabarraldek, ez erdi arokoa edo XX. mendekoa soilik.
Aurrera begira eginkizun honetan lanean jarraituko dugu. Egongo dira beste ikastaro batzuk ere, atal zehatzak aztertuko dituztenak: gerra karlistak, 1936ko gerra… Euskaldunon Estatu historikoa berreskuratzea ez delako iraganeko erronka, etorkizunean bizirik irauteko ezinbesteko baldintza baizik.
- Nabarralde: Elkarrizketa: Mikel Enparantza
- Mikel Sorauren: Convivencia y constitución
- Luka Lisjak : Con la consulta no basta
- Reyes Ilintxeta: Pamplona 1813 euskera. De esto no han dicho nada
- Jose Luis Yaben: Carta al lehendakari
- Patxi Goikoetxea: Foro Joan Coromines: Nuevos escenarios
- Javier Alday Careaga: Ferocidad
- Ana Telletxea: …sar dadila kalabazan…
- Beñi Agirre: Independentziarako bide luzea
- Angel Rekalde: Estatutuaren Eguna
Kazeta 82 (PDF)