Hernani Errotzen Elkarteak, «bulego txukuna eta lanerako egokia», Villa Ave Marian
Hernaniarren nafartasuna eta memoria historikoa berreskuratzea helburu dituen Hernani Errotzen Elkarteari lokala utzi dio Udalak Villa Ave Marian, eta atzo inauguratu zuten bulegoa.
Hernani Errotzen Memoria Historikoa Elkarte Kulturalak bulegoa dauka Villa Ave Marian, atzoko egunaz geroztik. Hernani Errotzen Elkarteak, hernaniarren nafartasuna eta memoria historikoa berreskuratzeko lanean dihardu eta zeregin horretan segi dezan, lokala utzi dio Udalak. «Lokal txukuna eta lanerako egokia», azaldu du elkarteak. Atzo egin zuten inaugurazio ekitaldia eta bertan izan ziren elkarteko kideekin batera, Luis Intxauspe alkatea, herriko talde ezberdinetako kideak eta hainbat herritar. Bulegoak balioko die taldeko bilerak-eta egiteko, besteak beste, eta Nabarraldeko materiala ere bertan izango da eskuragai. Goizeko ordutegia izango du, normalean, 09:00-12:00. Bulegoko zenbakia, berriz, honakoa: 943 55 60 11.
Gaiarekin interesa, herritarrek
Hernani Errotzen, Nabarraldetik sortutako elkartea da. Badira 3 urte herritar batzuk nafartasunaren inguruan eta memoria historikoaren inguruan hitzaldiak eta liburu aurkezpenak antolatzen hasi zirela. Eta taldea, orain dela urte eta erdi inguru asentatu zen. Dozena bat herritar dabiltza taldean, baina laguntzen duen jende gehiago badela dio Beñi Agirre taldekideak: «Gaiarekin interesatutako herritar dexente dago. Eta publikoa zabala da, ikuspegi politiko eta kultural ezberdinetakoa». Herritarren inplikazioari lotuta, herri mailan dagoen laguntza eskertu du eta azaldu du horren adibide direla, besteak beste, Leokadisti liburudendak beraien materiala eskura jartzea eta Irizar tabernan, kamixeta eta banderak.
Hainbat ekimen
Ikerketak egiten ari dira. «Esaterako, aurkikuntza interesgarria izan da oso, XVIIgarren mendeko dokumentua bilatu izana». Dokumentua, Hernaniko kontzejuak Espainiako erregeari bidalia da garai hartan. Orain, arrasto gehiagoren bila dabiltza. Dokumentu haren erantzunaren bila, hasteko. Horrez gain, egin dituzte: hitzaldiak, liburu aurkezpenak… Hemendik aurrera, asmoa dute ikastaroak ere antolatzekoa. Azken bi urteetan Tilosetan egin den kulturen arteko azoka ere Hernani Errotzenek antolatu du, beste talde batzuekin batera.
Datorren urterako lanean
Datorren urtean, hau da, 2012an, Nafarroako erresumaren konkistaren 500garren urteurrena izango da eta Hernani Errotzen taldea Hernaniko beste elkarte eta taldeekin lanean ari da. «Asmoa da talde horiek beraien ekintzetan ikuspegi honen berri ematea. Argi edukitzea gai honen gainean denok egin dezakegula zerbait. Hori oso inportantea da», diote.