Munduko produktuak, euskal kultura eta nafar identitatea sustatu dituzte Orhipean parkean

Ostiralean hasi eta atzo arte Orhipean parke tematikoaz gozatu zuten herritarrek Hernanin. Antolatzaileek azaldu zutenez, hiru ardatzen inguruan eratutako ekimena da Orhipean: alde batetik, azoka bat du munduko produktuak dastatu eta ezagutzeko; bestetik, euskal kultura babestu eta bultzatzen du; eta, azkenik, nafar identitatea lantzen du. Helburu nagusi horiez gain, zehatzagoak ere baditu; memoria historikoa berreskuratzea eta herrien arteko harremanak estutzea, adibidez. Arduradunak benetan pozik zeuden atzo egunaren amaieran, jendearen erantzuna bikaina izan zelako eta Udalak eta Nabarraldek proiektuarekin bat egin eta babestu egin zutelako. Bihotzez eskertzen dute laguntza hori.

Hitzaldiak, artisautza, elikagaiak, antzerkia… Denetariko bideak baliatu zituzten Orhipean parke tematikoan aipatutako helburuak betetzeko. Aisialdian txertatuak denak, herritarrak ia nahi gabe kulturaz elikatuz. Herritar guztientzako moduko ekintzak zeuden, eta beste herri batzuetako lagunak ere gonbidatu zituzten: kataluniarrak, galiziarrak, asturiarrak… Iñigo Gallartzagoitia antolatzaileak adierazi zuen bezala, sabela bete, kulturaz jantzi eta egun pasa ederra egin zuten.

Ekintzen artean baten bat nabarmentzekotan, Euskal Herriko Ekonomiaren eta Gizartearen Atlasaren inguruan Gaindegiko Irati Azkuek emandako azalpenak aukeratuko lituzke, eta, horrekin lotuta, estatu independente baten bideragarritasunari buruz egindako hausnarketa.

Gertaera tamalgarri bat ere izan zuten tartean: bi posturi su eman zien norbaitek. Aldiz, eltzetxo bat jarri zuten kalteak ordaintzeko eta herritarrek erakutsitako elkartasunarekin eta borondatearekin gelditzen dira.

 

Gara-k argitaratua