Joseba Ariznabarretak egoera politikoaren eta politikagintzaren inguruan egin duen hausnarketa azalduko du asteartean Orioko Ikastolako aretoan
Orioko herritar talde batek eta Orreaga Iritzi Politikorako taldeak egoera politikoari buruzko hitzaldiak antolatu dituzte datorren asterako. Antolatzaileek azaldu dutenez, Euskal Herriko politika eta politikagintza izango dira hizpide. Euskarazko saioa Zarauzko Institutuko irakasle ohi eta Orreaga Iritzi Politikorako taldeko kide Joseba Ariznabarretak (Galdakao, 1936) emango du asteartean. Irakasleak urteak daramatza egoera politikoari eta politikagintzari buruz hausnartzen, eta horren inguruan hainbat liburu ere idatzi du. Datorren astean gaiaren inguruan duen iritzi kritikoa azalduko die hitzaldia entzutera bilduko diren herritarrei.
Zein gai jorratuko dituzu?
Gaur egungo politikari eta politikagintzari buruzko hitzaldia izango da Orion emango dudana. Gaia oso zabala da, baina horren inguruan dudan iritzia emango dut. Laburra izaten saiatuko naiz eta ondoren herritarrek galderak egiteko aukera izango dute.
Nola ikusten duzu Euskal Herria egoera politikoari dagokionean?
Nire iritziz Euskal Herria kinka larrian dago. Oker egongo banintz denontzat hobeto izango litzateke, baina denbora daramat horren inguruan hausnartzen eta aldaketa garrantzitsu bat eman behar dugula iruditzen zait.
Euskal Herrian politika egiten dela iruditzen al zaizu?
Politika egin behar dela eta beharrezkoa dela denok onartzen dugu; badakigu politika ezinbestekoa dela herri baten iraupena eta garapena mantentzeko. Dena dela, uste dut politika zer den gutxi eztabaidatu dela gizartean. Horregatik saiatzen naiz, politika hitza definituz, benetan politika zer den ulertarazten. Horren inguruan iritzi desberdinak izan daitezke eta nik urtetan zehar gaiaren inguruan egin dudan hausnarketa azalduko dut. Labur esan dezaket euskal politikarik ez dela egiten. Politika nik ulertzen dudana bada, pentsatzen dut ez dagoela momentu honetan herri honen aldeko politikarik.
Nola ulertzen duzu zuk politika?
Hitzaldian zehar gehiago zehaztuko dut ideia hau, baina, orohar, politika indar erlazioetan oinarritzen dela uste dut nik. Orokorrean politikari buruz ingelesek tender mind esaten dutena dagoela iruditzen zait, hau da, gizarteak politikaren inguruko iritzi bigun bat duela, politika elkarrizketan edo oinarri morala duela uste duela. Nire iritziz politika hori baino gordinagoa da; indar erlazioetan oinarritzen da. Hori kontuan hartu gabe ezin da politika egin.
Herritarren parte-hartzearen inguruan zein iritzi duzu?
Herritarren parte-hartzea derrigorrezkoa da, politika herriak berak egin behar baitu. Politikariek edo klase politikoak herritarren indarra kanalizatu edo bide onetik eraman behar du. Dena dela, indarra herriak du eta ez beste inork. Beraz, politikagintzan herriak izan behar du subjektu nagusia.
Gaur egun hori gertatzen al da?
Gai horren inguruan asko hausnartu dut eta nire iritzia ahal den ondoen finkatzen saiatu naiz, baina besteek esan beharko dute zuzen nagoen ala ez. Nik uste dut hemen engainu bat egon dela. Politikariak herritik at daude eta herritarren indarra zuzendu beharrean, indar hori ahultzen, desbideratzen edo bide okerretik eramaten saiatzen direla iruditzen zait. Nik politikari izena daramaten gehienei buruz iritzi hori dut.
Euskal Herrian zehar eman dituzun hitzaldietan herritarren inkonformitatea nabaritu al duzu?
Nire hitzaldietara etortzen direnak herriaren zati txiki bat dira, beraz, esan dezaket herriaren parte bat ez dagoela pozik gaurko egoerarekin. Dena dela, uste dut inkonformitate hori nahiko orokortuta dagoela gizartean eta herritarrek bide okerretik goazela sentitzen dutela. Bestalde, nire iritziz herritarrak ez dira gai bere nahiak eta helburuak lortzeko benetako bide bat sortzeko. Horregatik uste dut oso garrantzitsua dela egoerari buruzko azterketa bat egitea. Diagnostiko hori askoren artean egin behar dugu, zaila baita ondo pentsatzea bakarka pentsatzen denean. Horretarako, helburu berbera dugunon arteko eztabaida izatea beharrezkoa da, batzuk besteei kritika egitea. Horrela bakarrik lortuko dugu politika edo irtenbide amankomun bat.
Hitzaldiei buruzko xehetasunak
Antolatzailea: Orreaga Iritzi Politikorako taldea.
Saioak: – Euskarazko saioa asteartean izango da eta Joseba Ariznabarretak emango du. – Ostegunean gaztelaniazko saioa izango da eta Kepa Anabitartek emango du
Noiz eta non? Bi hitzaldiak Orioko Herri Ikastolako areto nagusian izango dira, 19:30etik aurrera.









