Donostian euskararen normalizaziorantz (I)


Normalizazioaren ideiak euskara bizitzaren arlo guztietan normaltasunez erabiliko dela, jendartea elebiduna edota eleaniztuna izango dela adierazten du. Euskaraz bizitzea zerbait arrunta bilakatuko dela etxean, lanean, kalean, lagunartean eta osterantzeko jendarteko harremanetan ez ezik, telebistetan, irratietan, egunkarietan, zinemetan, mota guztietako ikastaroetan, aisialdiko jarduera orotan, tabernetan, pubetan, kontzertuetan eta abar ere euskaraz bizi ahal izateak normala izan behar duela.

Euskaraz bizi nahi duenak egoera normalizatuan bizitzeko eskubidea du. Euskara da hemengo berezko hizkuntza, gutxiagotua izan dena, baina hemengo berezko hizkuntza. Horrez gain, herri kontzientziak aurrera egin ahala euskaraz bizi nahi duen komunitatea hedatzen doa, normala den bezala. Eta aurrera begira, baldin eta demokrazian oinarritutako jendartea sendotzen bada, hedapen hori gehienen nahia bilakatuko delako ziurtasuna dugu. Etorkizunak norabide hori izango du.

Gaur egunean ordea, oraindik, normalizazio horretara ez bagara heldu, horretarako benetako borondaterik ez delako egon izan da. Bada uste faltsu bat errua euskaldunon epelkerian dagoela dioena. Zentzu horretan J.A. Artzek hauxe esaten du: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakienak hitz egiten ez duelako, dakienak hitz egiten ez duelako baizik». Esaera hori, baina, ez da zuzena edo, behintzat, ez da egia. Egia dena, aldiz, maiz, hitz egiteko aukerarik ez zaigula ematen da. Zer egin behar du euskaldun den batek ikusi badu zigorra eta bazterketa besterik ez dakarkiola euskaldun izate horretan saiatzeak? Egungo egoeraren errua euskal komunitatearena dela esatea edota Euskal Herriko jendearena dela esatea gezur hutsa da, zeren eta herri honek hamaika eratara eta hamaika urtetan euskaraz bizi nahi duela adierazi baitu.

Bestalde, ideologia mailan jendarte euskaldunaren aurkako pentsaerak eta diskurtsoak, gehienak behintzat, gaindituak ditugula esatea ez da gezurra, nahiz eta oraindik etengabeko jarioa dagoen hedabide gehienen partetik. Esaterako, horietako bat 2016ko egitasmoaren karietara batzorde txostengile batean eta diskurtso ofiziala justifikatzeko edo, batek esan zuen bezala, Donostiako jatorrizko hizkuntzak bi direla esatea da, euskara eta gaztelera hain zuzen ere.

Historian atzera egiten badugu -urrutira joan beharrik gabe-, ikusten dugu hori ez dela horrela. Koldo Izagirrek badu liburu bat Victor Hugoren testuekin osatua, Idi orgaren karranka. Euskal Herrian gaindi, 1843 titulua duena, non esaten duen Donostian hitz egiten diren bi hizkuntzak euskara eta gaskoia direla, eta gaztelera hizkuntza arrotza kontsideratzen duen. Horiek duela 200 urteko kontuak dira. Ez dira hain aspaldikoak. Gero zer gertatu den ikustea ez da hain zaila.

Herri euskaldun batetik urrun gaudela pentsatzen duenak pentsatu behar luke horren zergatietan. Mota guztietako diskurtsoak eta trikimailuak, iruzurrak eta mespretxuak, gutxiesteak eta mehatxuak jasan behar izan ditu euskaraz bizi nahi izan duenak. Hala ere, bizirik eta bizitzeko gogoarekin segitzen dugu. Baina, ez da erraza. Ez da erraza aurrerapausoak ematen joatea. Oztopo asko ditugu bidean, eta horietako gehienak agintzen dutenengandik datozenak dira.

Hala, inoiz ez al zaigu gertatu beste erremediorik gabe erdaraz hitz egin beharra? Batez ere, udaletxean, gobernuetako bulegoetan, Trafiko Zuzendaritzan, kuarteletan, epaitegietan, eskolan, justizian, osasun zentroetan eta abar. Denbora igaro da administrazioetan euskaraz hitz egitea ezinezkoa zenetik, alegia, derrigorrez gazteleraz edo frantsesez mintzatu behar zenetik. Eta hala eta guztiz ere, gaur egun euskara ofiziala den lekuetan barne, nola funtzionatzen dute?

Arestian aipatu dugun ildotik, diskurtsoaren esparruan salbuespenak salbuespen borroka ideologikoa irabazia dugula esaten genuen. Baina, zer gertatzen zaigu eguneroko praktikarekin?

Artikulu honen bigarren zatia datozen egunetan argitaratuko da.

 

Berria-k argitaratua