Uda-Trebiñu, martxoa

Duela 12 urte, 1998ko martxoan, Uda-Trebiñuk erreferenduma egin zuen. Zeren erabakitzekotz? Honatx azalpen xumea.

Lehenik eta, galdera bat, historia eta egungo errealitatearen artean harremanik ote?

Irudika ezazu, irakurle maitea, Ordizia eta Tolosa arteko herri batean bizi zarela, hots, Itsasondo, Legorreta, Amezketa, Beizama, Ikaztegieta, Albiztur, horietako batean. Bada, edozein paper administratibo, ofizial, agiri, lizentzia, diru-laguntza tramitatu, zer edo zer xerkatu behar duzunean… Santander hirian egin behar duzu. Eta egin beharreko kudeaketa serioagoa denean, irudika ezazu Leon hirian egin behar duzula.

Hori da Uda-Trebiñukoek egin behar dutena. Haien herriak, bertzeak bertze, Arrieta, Marauri, Ogeta, Saseta, Obekuri, Askartza dira. Bada, edozein paper administratibo, ofizial, agiri, lizentzia, diru-laguntza tramitatu, zer edo zer xerkatu behar dutenean… Burgos hirian egin behar dute. Eta egin beharreko kudeaketa serioagoa denean, Valladolid hirian…

Zergatik? Historia eta egungo errealitatearen artean harremanik ote?

Hitz batez, zertarakotz balio nahi izan zuen, duela 12 urte, 1998ko martxoan, Uda-Trebiñuk eginiko erreferendumak? Uda-Trebiñuk Burgos utzi eta Araba izatekotz. Espainiak, ezetz.

Baina eta hemen, Uda-Trebiñu inoiz ez da Araba izan. Antso Nagusiaren garaian, 1016an, eta nazioartean bermaturiko mugen arabera, Iruñeari zegoen loturik. Berantago, 1054ko gaztelar uholde militarra izan eta gero, berdin jarraitu zuen. Mende osoa igaro eta, Antso Jakitunaren pergaminoek diotenez, Uda-Trebiñu nafar eskualdea zen, non nafar funtzionarioak (Albaro Munioz, Semen de Burueta, Alvaro Veteri) eta nafar foruak, legeak indarrean baitziren (1172-1191). Horregatik, 1177an, eta berriz ere nazioartean bermatu ziren mugetan, Uda-Trebiñu Nafarroako barnealdean zegoen kokaturik, Burebatik nahiz Errioxatik urrun.

Uda-Trebiñu, erran beharrik ez dago, euskaldun hutsa zen.

1200. urtean, halere, eta Erromako elizak bedeinkaturik, gaztelar armadak nafar eskualde batzuk militarki konkistatu zituen: «El rey de Castilla, despues de varios trances de Armas ganò à Miranda de Ebro […] con todo su poder se echó sobre Victoria. El Cerco se comenzò con baterìas, y assaltos, y todo rigor de las Armas: y que los Cercados emprendieron la defensa con muy fuerte, y denodada resistencia: y que se derramò mucha sangre en ella».

Uda-Trebiñun sarraskietan aritu ziren gaztelar soldaduek, haatik, ezin izan zuten Trebiñuko gaztelua irabazi, eta haien porrotaren ondorioz gibelerat jo behar izan zuten.

Antso Azkarrak, edonola ere, ez zuen aukerarik: gaztelarrek egungo Araba erdia, Bizkaia gehiena, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko hainbat hiri militarki okupatzen zuten. Areago, laster, Baztan-Bidasoan eta Lapurdin hedatu eta Baiona setiatu zuten.

Negoziaketak direla medio, ingeles zein frantses erregeek erdietsi zuten gaztelarrek Lapurdi utzi eta muga Bidasoan finkatzea. Era berean, egungo Nafarroa Garaiko Baztan-Bidasoa eta bertze zenbait hiri ere itzuli zioten Nafar Estatuari… Zerbaiten truke.

Hau da, duela 800 urtetako negoziaketak horrela agindurik, amore eman ez zuen Uda-Trebiñu gaztelarren eskuetan geratu zen. Jarraian, gaztelar erregeak Uda-Trebiñuri zegozkion nafar foruak, legeak faltsifikatu, bere sinadura ipini eta herrixka haietan gaztelar jauntxoak jarri zituen. Berantago, egungo Araba eratzen ari zelarik, Uda-Trebiñuk handiki horien esku pribatuetan jarraitu zuen, «Grandes de España», Burgosko eskualde gisa bihurturik…

Izan ere, 1200. urtean gaztelar armadaren aitzinean etsi egin ez zutenez, Uda-Trebiñuko biztanleek zigorra merezi zuten, hots, 2010ean indarrean dagoen zigorra.

800 urtetako zigorra.

Historia eta egungo errealitatearen artean harremanik ote?

Uda-Trebiñukoen iritziaz zer erran? 1646an Arabar Aldundiak berak, 1710eko azaroaren 16an bertako Antonio Urbina, Manuel Montoya, Jose Ruiz de Ozilla, Santiago Villarreal eta Mateo Turisok, 1833 inguruan berrituriko espainiar probintzia mapa aztertzen ari zenean, 1940ko falangistek ere, 1958an populazioaren %95ek, 1978ko «haize berriek», Europar Batasunaren boladan 1986ko Uda Elkarteak, Lizarra-Garazi usainean 1998ko martxoko erreferendumean eskatu dute, behin eta berriz, Burgosko egitura utzi eta Arabako Aldundiari legokiokeen «Zortzigarren Eskualde» bilakatzea. Hor da, baita ere, Trebiñu Batu ekimena…

Tartean, ai, 1857an milaka biztanle zuen. 1991n, 907. Industriarik ez. Bazterketa ikaragarria.

Uda-Trebiñukoen borondateaz zer erran? Haur eta gaztettoen artean euskararen ezagutza, hots, Burgosek praktikan debekatu eta gurasoek Gasteizen bilatu edota bertako ikastolan hazi dutena, %50ekoa. Hau da, Iruñekoa baino hagitzez hobea. Euskal etorkizun oparoagoa Burgos-en, euskal hiriburuan baino…

2001etik, urtero, euskal jaia, bertakoek osatu euskararen aldeko taldearen eskutik, jakina.

Arabako PP alderdiko buruek aspaldi ei errana: «Si el problema fuera en Guadalajara no habría ni problema, se habría solucionado. Pero al ser un tema vasco no se arreglará en muchos años».

Uda-Trebiñukoek, hamaikagarrenez borrokan, 2008ko uztailean Gasteizen agerraldi jendetsua egin zuten, Arabar Aldundiaren aitzinean, laguntza eske, eta azaroan Eusko Jaurlaritzaren batzorde berezia zelakoari «Agur-Ben-Hur» erran zioten, «porque ni los del PNV, ni los del PSOE, ni los del PP hacían nada».

Historiaren eta egungo errealitatearen artean harremanik ote?

Bitxia gero, Nafarroa edota Iparraldea beti mintzagai, baina euskal abertzaleak omen diren politikero profesionalek ez dute tarterik izan, ez 800 urteetan, ez Baskongadetako gehiengo absolutua zutenean, Uda-Trebiñu «bere onera» itzultzekotz.

Horregatik, eta Arrietako Javi zenak abenduaren 28ko data zeraman prentsa artikulu batean maisuki erakutsi zuenez, «jada ez dugu Araba izan nahi, Nafarroarat itzuli nahi dugu!».

Historia eta egungo errealitatearen artean harremanik ote?

Uda-Trebiñu, martxoa, neguaren amaiera eta udaberriaren hasiera delakoan.

Lopez lehendakariak konponduko?

Berria-k argitaratua