‘Iparraldea XXI’

Iparraldeari «itxura berri bat emateko»

Hegoaldeko gazteentzako ‘Iparraldea XXI’ filma ekoitzi du Euskal Kultur Erakundeak

Donostian ikasten duten 30 bat gazteekin egin inkesta txikitik abiatu dute Iparraldea XXI filmaren proiektua. Ikasle horiei Ipar Euskal Herria hiruzpalau hitzetan laburbiltzea eskatu zieten. Eta erantzunen artean hiru ideia nagusi agerian gelditzen zirela ohartu. Batetik, Pastorala eta Maskaradak dira beti erreferentzia nagusiak, nahiz eta anitzek ez ikusiak izan zuzenean. Bestetik, leku hotza omen da Iparraldea, eta, azkenik, «euskara bitxi bat» mintzo dute bertakoek.

Horiek horrela, «Iparraldearen beste errealitate bat» aurkeztea izan da filmaren abiapuntua, «itxura berri bat emateko Iparraldeari», erran du filmaren egile Juhane Dasconek. Maxence Peyras lankidearekin hasi zuen lana iazko uztailean. Biek sortu Medialab Productionek du eraman grabaketa guztia.

Emaitza, inkestaren harira justuki, Hegoaldeko gazteentzat dute pentsatua. Halere, behin lana egin eta ikusiz horrelako produktuak ez direla anitz, baliatuko dira hedapen zabalago bat antolatzeko. Horretarako, frantses bertsioa prestatua dute, ingelesezkoa, gaztelaniazkoa eta katalanezkoa ere. Hamabost egun barne Bartzelonara joatekoa baita Euskal Kultur Erakundea (EKE) Batek Mila erakusketarekin eta bide batez filma ekartzekoa die. EKEk baitu ekoitzia filma, Gipuzkoako Foru Aldundiaren partaidetzarekin. Azken horrek lan berezi bat eramatekoa du filma Gipuzkoan gaindi hedatzeko. Udaletxeetako teknikariei aurkezteaz gain, ikastetxeetan ere erakustekoa dute. Orotara, 20.000 euroko aurrekontuarekin osatu dute 17 minututako lana. Bertan, Ipar Euskal Herriko leku ederrak beti irudi zaindu baten osagai gisa erabiliz, hainbat eragileren elkarrizketa eta lekukotasun ematen dituzte entzutera. Eta mikrofonoa atxikitzeko, Yves Salaberri Xala pilotaria daukate. Pilotaria kazetari lanetan jarri dute, lekuko batetik bestera loturak egiten. «Hegoaldean ari den Iparraldeko pilotaria delako, bi aldeen arteko jarraipena irudikatzeko egokia iruditu zaigu», Dasconen hitzetan. Xalak elkarrizketatzen dituenak Lapurdiko Donibane Lohizunetik Zuberoako Bostmendira eramaten dute ikuslea, Baxenabarreko Heletatik pasatuz. Iaztik Heletan baita antolatzen Euskal Herria Zuzenean (EHZ) jaialdia. Elixabet Aizager antolatzaileetako baten bidez eta iazko jaialdiaren irudiak oinarri (Kanaldudei erosiak) jaialdia zer den zuzen azaltzen dute. Heletatik Angelura doa ondotik kamera. Hor surf mundua du aurkezten Philippe Malvaux surf irakasleak: «Kultura kirola ere baita», azaldu du Dasconek. Baionako Rene Cassin lizeoan goi mailako surfa egiteko ikasketak proposatzen dituen formazio berezia dago. Gazteentzako filma denez, egokia iruditu zaie horren berri ematea.

Bertsoa, kantua, dantza, surfa

Beste elkarrizketaturen artean, Amets Arzallus eta Maiana Irigoien bertsolariak daude. «Hats berria erakusteko». Jon Eiherabide ere elkarrizketatu dute, eta rap musika egiten duen bere Mak taldearen berri ematen du. «Kantu modernoetan ere gauzak egiten direla» erakutsi nahi izan dute, azaldu du Dasconek. Amaren Alaba taldea, berriz, Bostmendin kantatzen filmatu dute: «A cappella ari badira ere, era moderno batean ari dira». Tartean baita, Celine Petrissans Dantza Hirian festibalaz ari da. Hautaketa egiteko orduan «ez da beti erraza izan», adierazi du Dasconek. Xede nagusia «urrunago joateko gogoa piztea da». Interneten jarri dute, www.iparraldea.info webgunean, besteak beste.

Berria-k argitaratua