Joxemiel Bidador dantzari, ikertzaile eta idazlea hil da
2010
Joxemiel Bidador dantzari, ikertzaile eta idazle iruindarra hil da, 39 urte zituela.
Buruko isuria izan zuen joan zen ostiralean Joxemiel Bidadorrek eta ordutik erietxean zegoen, larri. Gaur hil da, 39 urte zituela.
Joxemiel Bidador irakasle eta idazlea zen, dantzaria, ikertzailea eta euskaltzalea. Liburu, artikulu eta hitzaldi ugari eman zituen. Iruñeko Duguna dantza taldeko kide izan zen urte askotan eta gaztetatik nabarmendu zen dantza-ikertzaile gisa. Azkenaldian, “Dantzariak” aldizkariaren koordinazioaz arduratzen zen. Esparru horretan lan mardula egin zuen, www.dantzan.com atariak jasotzen duenez.
Hainbat sari irabazi zituen, horien artean Bilboko Udalaren Miguel de Unamuno VI saiakera saria, 2005ean, “Dantzaren erreforma Euskal Herrian” lanagatik, eta 2007ko maiatzean Euskalerria Irratiaren Larreko Saria. Iruñeko Udalak idazle berrientzat antolatzen duen literatur lehiaketan ere saritu zuten, olerki zein narrazio laburrean.
Gara-k argitaratua
Joxemiel Bidador idazle eta ikertzailea hil da
Buruko isuria izan zuen ostiralean eta gaur zendu da. 1970ekoa zen, Iruñekoa.
Joxemiel Bidador Altonaga (Iruñea, 1970) idazle, ikertzaile, filologo eta historialaria hil da gaur, ostiralean buruko isuria izan ondotik.
Euskal Idazleen Elkarteko kidea zen -idazkaria izan zen duela urte batzuk-, eta Nafarroako euskal idazleei buruzko lan monografikoa egin zuen, besteak beste. Gazteleraz argitaratu zuen liburu bakarra: Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra.
Maiz idatzi zuen hedabideetan. Besteak beste, Egunkaria-n –Nafarkaria asteroko gehigarrian, Klasiko bitxiak, arront klasiko atalean- eta BERRIAn. Euskalerria Irratiko kolaboratzailea izan zen, halaber -irratiaren Larreko Saria jaso zuen 2007an-.
Literatur sari ugaritan epaimahaikide izan zen.
Berria-k argitaratua
Joxemiel Bidador hil da
Dantzari, dantza ikertzaile eta euskaralari iruindarra hil da, buruko odol isuri baten ondorioz. Pasa den ostiralean izan zuen isuria eta egoera larrian izan da ordutik ospitalean, gaur azken hatsa hartu duen arte. 39 urte zituen Joxemiel Bidadorrek.
Joxemiel Bidador dantzari eta dantza ikertzaile garrantzitsua izan da. “Dantzaren erreforma Euskal Herrian” izan da haren lanik sendoena, baina horrez gain hamaika artikulu eta lanen egilea izan da. Azken aldian, Dantzariak aldizkariaren koordinazio lanetaz arduratzen zen.
Iruñeko Duguna dantza taldeko dantzaria izan zen urte askotan, baita taldeko zuzendari ere tarte batean. Iruñeko San Lorenzoko dantzen plazaratze prozesuan parte hartu zuen.
Dantza ikertzailea
1970. urtean jaio zen Bidador Iruñean eta Duguna dantza taldean jardun zuen dantzari urte askotan. Gaztetatik nabarmendu zen Bidador dantza ikertzaile lanetan. Euskal Filologian lizentziatu zen eta euskara eta literatura irakasle lanetan ziharduen bigarren hezkuntzan.
Hogeitairu urterekin sinatu zuen dantzaren inguruko lehen ikerketa lan garrantzitsua, Cuadernos de Etnologia y Etnografia Navarra aldizkarian argitaratu zen “Materiales para una bibliografia sobre danza vasca”, 1993an argitaratutakoa. Gaur egun ere oso gida baliagarria da bibliografia hori euskal dantzaren inguruko ikerketak egiteko. Aldizkari horretan bertan argitaratu zituen ondoko urteetan bere zenbait lan, hain zuzen ere bere ikerketa mamitsuenen norabidea erakutsiko zutenak. Izan ere, eliz-gizonek dantzaren inguruan esandakoek toki asko hartu izan baitute bere lanetan.
Dantzaz gain, literatura eta hizkuntzalaritza lanak jorratu ditu Joxemiel Bidadorrek, eta azken urteotan Euskaltzaindiarentzat hainbat txosten egiten aritu da.
Lan nagusiak
Zalantzarik gabe “Dantzaren erreforma Euskal Herrian” izan da Joxemiel Bidador-ek utzi digun lan mardulena. Miguel de Unamuno saiakera saria jaso zuen lan horrek 2005ean. XVI-XX. mende bitartean Euskal Herrian dantzaren inguruan elizgizonek esandakoen bilketa eta analisi lan zabala da lan hori.
Horrez gain aipatzekoa da “Calendario de fiestas y danzas tradicionales en el País Vasco” lanean bera arduratu zela Nafarroako dantzen berri emateaz. Lan hori egiteko Nafarroako dantzen behaketa zehatza egin zuen 2000. urtean zehar eta horren berri emanez hitzaldi interesgarriak eskaini zituen.
Dibulgatzaile lanetan
Ikerketaz gain dibulgazioa ere jorratu zuen Bidadorrek. 2000-2002 urte bitartean Diario de Noticias de Navarra egunkarian dantzaren inguruko kolaborazio sorta mamitsu bat argitaratu zuen. Iruñeko San Lorenzoko dantzarien talde sorrera eta plazaratzean parte hartu zuen, eta haren berri emanez artikulu interesgarria argitaratu zuen Txistulari aldizkarian.
2005. urtean, Nafarroako Dantzarien Biltzarrak antolatuta, dantza taldeetako liburutegiaren inguruko hitzaldia eskaini zuen Iruñean. Azken urteotan, Euskal Dantzarien Biltzarraren “Dantzariak” aldizkariaren koordinazio lanak bere gain hartu zituen, eta berak gidatuta eta bere artikulu batzuekin argitaratu da 55. zenbakia.
Bibliografia (dantza alorrekoak)
1993. “Pedro Antonio Añibarro Aitaren Misionari euscalduna liburuan dantzei buruz dakartzan 66. eta 67. dotrinak bere adibideekin”, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 61. zk., 13-40 orr.
1993. “Materiales para una bibliografía sobre danza vasca”, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 62. zk., 65-114 orr.
1995. “Arte koreografikoaren semiotika baterako”, Egan, 50. zk., 45-60 orr.
1996. “Un edicto contra las danzas del obispo de Pamplona Juan Lorenzo Irigoyen Dutari (1769)”, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 67. zk., 13-18 orr.
1997. “El dominico Antonio Garcés a su paso por Euskal Herria y su opinión sobre la danza”, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra n, 69. zk., 25-35 orr.
1998. “Azpiazu y su descripción de las diversiones públicas de Guipúzcoa (1858)”, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra , 72. zk., 285-306 orr.
1999. “Las danzas de San Lorenzo de Pamplona”, Txistulari, 180. zk., 9-13 orr.
2004. Fdez. de Larrinoa (editor) eta beste autore batzuekin: Calendario de fiestas y danzas tradicionales en el País Vasco, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz.
2005. Dantzaren erreforma Euskal Herrian, Bilboko Udala, Bilbo.
2006. “Bibliografia sobre danza vasca: la biblioteca básica del grupo”, Dantzariak, 53, Euskal Dantzarien Biltzarra, Bilbo.
2009. “El Corpus Christi pamplones”. Dantzariak, 55, Euskal Dantzarien Biltzarra, Bilbo.
Artikuluak prentsan
- Maskadeer buruzko bi ele, Zintzhilik, 6, 1991/03/01
- Danza tradicional y norte espiritual, Diario de Noticias, 2000/09/17
- Ligeras reflexiones en torno al carnaval, Diario de Noticias, 2000/09/17
- La prohibición de bailar, Diario de Noticias, 2001/02/11
- Lauetan erdizka!, Diario de Noticias, 2001/04/21
- De mayos y mayas, Diario de Noticias, 2001/05/13
- Los paloteados de Navarra, Diario de Noticias, 2001/06/17
- La danza folklórica en Navarra, Diario de Noticias, 2001/10/14
- Los obispos y las danzas, Diario de Noticias, 2002/02/10
- Esteban Frauca y su ‘Plato del día’. Diario de Noticias, 2002/02/18
- La Fiesta Vasca de Villanueva de Arakil, Diario de Noticias, 2002/09/22
Bidador-en heriotzaren oihartzuna beste medioetan
- Sustatu: Joxemiel Bidador hil da
- Berria: “Joxemiel Bidador idazle eta ikertzailea hil da”
- Gara: “Joxemiel Bidador dantzari, ikertzaile eta idazlea hil da”
- Euskalerria Irratia: Joxemiel Bidador joan zaigu, gure arteko bat
- Nabarreria: “Joxemiel Bidador zendu da”
Joxemiel Bidador, gareno bizirikATSEKABETURIK gaude, Joxemiel, min eta amorrazionez atsekabetuak. Hain goiz eta hain bortizki, bidegabe eta ustekabean gutartetik eta gugandik joanik, umezurtz gara senti, gazte izanik ere heldua baitzinen. Heldua gure literaturaren edota dantzaren ikerketan bezainbat lagunarteko eta jaian murgiltzeko, alderdikeria eta zikoizkerien gainetik euskaldungoan hegan egiteko jeneroski, bizitzen jakiteko, adiskide izateko beti.
Eta oraidanik jada zure ausentzia lazgarria ezin berdinduz gabiltza. Gure letretan zenuen behako jantzia ments, eransten zenuen naturaltasuna eskas, lagunartean txertatu ohi zenituen ironia eta irria izozturik, familian zinen zutabe eta arnasa doloroski faltan… Gure soka higatuan, eta hala ere bizian, esku zabal eta oin dantzari alai eta trebearen tokia hutsik gelditu zaigularik. Nola joanen gara orain San Lorentzo gauean Jarautara geure eta besteren buruaz trufatuz, afaltzera eta edatera, dantzatzera, libertitzera, subertitzera… eta geure nahi eta ezinak liseritzera? Nola moldatuko gara literatur lehiaketetan eta edizio lanetan zure aburu beti aske eta pisuzkorik gabe? Nola larrituko dira liburutegi eta artxiboak ferekatzen zituzten esku eta laztantzen zituzten begiak ez sentituz? Nola osasundu euskaldungoa zu gabe eri?
Izigarria da bizitza laburrean, dantzan eta euskara-literaturan garatu dituzunak. Batetik, Duguna dantza taldea, Dantzariak aldizkaria, hainbat artikulu eta lan mardul (Dantzaren erreforma Euskal Herrian lanarekin 2005eko M. Unamuno saria). Bestetik, hainbat nafar idazleren lanak aztertu, miatu eta zokoratu egoeratik argitaratuz (Joxe Agerre, Larreko, Alexander Tapia-Perurena, Mikelestorena, Sakanako idazleak…), gaitasun eta dohai handiz. Irakasle eta euskal filologian eskolatua izateaz gain, letretean aditua eta aritua zinen, afizioz eta ofizioz… eta poeta. Poetika bereziaren jabe, bertan isuririk dago, agian, zure ni-rik behinena, zure mundu ikuskera, barneneko poz eta mina. Dakizun bezala, horretan ginauden, aurteminten igorri baitzenuen zure poemategia, azkenean, argitaratzeko menturan. Arnasa handikoa, sentibera, ironikoa, jantzia eta naturala… Jakizu berant gabe plazara izanen dela, gure Parnasoan merezi duzun tokian izan zaitezen.
Hain zuzen, poema batean zenion: Herio soraio betorkit/berak aukera duenean,/baina ailetorkidan berant,/baikor nagoenean. Ondikotz, ez da hala gertatu, baina zure giza izariak lagunduko gaitu bidean. Guk bizituko zaitugu poesian, literatur lanetan, lagunartekoan, jaietan, dantzetan, Idoia bizi-lagunaren eta Ilazki eta Maddi alaben minean… Ez zaitugu ahantziko Joxemiel, gugan zara, gareno, bizirik. Jose Angel Irigaray
Bidador gogoan BIDADOR era increíble, único. Se ha ido un referente de la cultura vasca en Navarra pero, ante todo, un amigo querido, divertido y bonachón, epíteto este último que lo llevaba rubricado en la cara, como diáfano espejo del alma. Por eso, estos días han sido agónicos; se nos acumula la pena y una rabia impotente por la desaparición de quien todavía tenía un larguísimo recorrido intelectual, y todo un proyecto vital para los suyos. |