«Ezkarai inguruan garrantzizko hizkuntza zen euskara»
Egun erdaldunak diren lurretan, Ebro ibaiaren hegoaldean, Euskal Herritik at, euskaraz usu mintzo zirela agerian utzi du ikerketa batean.
«Euskara liburuko gai nagusi bat da, baina ez bakarra; lanaren abiapuntua izan zen». David Peterson historialariak (Cardiff, Gales, 1966) asteazkenean aurkeztu zuen, Gasteizen, Frontera y lengua en el Alto Ebro, siglos VIII-XI liburua. Koldo Mitxelena hizkuntzalariak garai batean egindako lanei segida emanez, egun erdaldunak diren eremuetan -Errioxa eta Burgosko hainbat tokitan (Espainia)- euskara hizkuntza bizi-bizia zen garaiak agerian utzi ditu. Lan aski interesgarria izan dela dio euskal ikertzaileen ondoan lanean denbora luzea daraman aditu honek, eta oraindik zer ikertua franko dagoela.
Zein eremu geografikotara garamatza zure ikerketak?
Nik Ebro hegoaldean euskarak izan zuen hedadura aztertu nahi nuen, Errioxa garaian eta inguruko hainbat lekutan izan zuena; Demandako mendilerroan, egun Ezkarai dagoen eremuan hain justu, baita Haro inguruan ere. Hor badira, esaterako, -uri amaitzen diren hainbat izen: Otxanduri, Ziuri eta abar.
Ikerturiko sasoi historikoan, inguru hori muga eremua izan zela nabarmendu duzu, leku aski bizia, eta musulmanek ere aparteko eragina izan zutela. Zein ikuspegitatik aztertu duzu hizkuntza?
Toki izenak aztertu ditut, eta pertsonen izenak ere bai. Erdi Aroko dokumentuak aztertu eta, Mitxelenaren aurreko ikerketarekin erkatuz, ondorio nagusi bat atera dugu; euskal toponimia ez da homogeneoa Ebroko hegoaldean, bi estratu ditu, ezberdinak. Estratu bat Ezkarai inguruan legoke, hor aztarnak VIII. mende erdialdekoak dira, eta IX. mendekoak. Hortik aurrera ja gain behera zihoan, toponimoak-eta desitxuratuta ageri dira.
Garai hartan hizkuntza bizia zen inguru horretan euskara?
Bai, Ezkarai ez zen euskara hutsez mintzo zen eremua, baina garrantzi dezenteko hizkuntza zen inguru horretan euskara, hiztunen ehuneko handi batena.
Bigarren estratua zein litzateke?
Geroagokoa litzateke. XI. mendearen erdialdera, Nafarroako Erresuma zabaldu egin zen mendebalde aldera, eta ordura arte mugak hartzen zituen inguruetara kolonoak heldu ziren. Hainbat herrixka sortu zituzten -uri amaiera zutenak. Erdi Aroko dokumentazioan hogei-edo dira horrelako izenak, baina egun hiru geratzen dira.
Araba aldetik iritsitako kolono euskaldunak ziren, ezta?
Bai, hori da. Horregatik agertzen dira izen euskaldunak ibai, iturri eta mendien izenetan. Hiri bat era dezake gizon ospetsu batek, eta jar diezaioke bere izena, baina mendi bati ez; argi dago artzainak behintzat euskaldunak zirela, eta gaur arte heldu dira, gainera, izen horiek.
Zein izan da lan honen abiapuntua?
Mitxelenak eginda lagatako lanetan oinarritu gara, sakondu egin ditugu, eta adibide gehiago lortzen saiatu gara; hark egindako lanekin erkatuz, kronologia apur bat aurreratu dugu, eta aipatutako bi estratuen berri eman dugu. Hori da gure lanaren berritasunik handiena. Ezkarai aipatu dugu, baina, gero, euskal toponimia hegoaldera zabaltzen da, Burgos aldera, Tirongo mendilerroaren inguruetara
Gaur egun euskal aztarna horrek zenbateko presentzia du toki izenetan?
Toponimia oso ugaria da, batez ere Ezkarai inguruan, eta Tiron haranean ere bai. Asko ja eraldatuta daude, eta adibideak ugariak dira. Bada, esaterako, erreka bat Turriozar izena duena, eta garai batean, noski, Iturrizar izango zen, baina i hori galdu egin da. Bada beste iturri bat, Torreluna, jatorriz Iturri-iluna zela pentsatzen dena… Hainbat adibide daude, batez ere toponimia txikian. Baina, Ezkarai-ren beraren jatorria argi eta garbi euskalduna da. Segur aski, haitz garaitik dator.
Hango jendeak badu euskal jatorri horren berri?
Bai, nik uste dut baietz. Gero batzuek baztertu egiten dute. Badakigu hori nola izaten den.
Noiz arte izan zen eremu geografiko horretan euskara hizkuntza bizia?
Zail da jakiten. Zer ikertua franko dago alor horretan, dokumentazioa ugaria da, eta ikertu beharko litzateke. Lan handia da, hori bai; maiz orri pila bat irakurri behar da erreferentzia bat aurkitzeko.