1980 hamarkadan, Montrealetik etorrita, bikiak jaioak, berriz hasi ginen Aralarrera joaten, bertako pago artean eta leku ederretan ibiltzeko. Belarretan eman zituzten gure alabek lehen urratsak. Han ezagutu nuen Lezaun (denbora hartan «Egin»-eko Goñi). Bertan izan nituen berarekin lehengo elkarrizketak. Geroztik, urtero biltzen ginen gutxienez behin: Aralarko San Migel aterpean, Zarauzko Arranon, Bardeetan, Bilbon, Donezteben, Iruñean…
Lezaunen lehen galdera hauxe zen: zer moduz bikiak? Zer moduz Garazi eta Irati? Gero, errepaso osoa politika orokorrari, ezker abertzaleko esparruari eta, maiz, teologiari eta Jainkoaren existentziari…
Jesusek errepikatzen zuen bezala, bi arazo nagusi zeuzkan, guk soilik bat: politikoa. Berak horren gainean Eliza zeukan ardura: hierarkia eta Eliza ofizialaren boterea eta maltzurkeria, Eliza ofizialaren diskurtso bikoitza.
Herrien Ligaren inguruko zenbait bileratan, «Herria 2000 Eliza»-koen hainbat ekitaldi eta kongresutan… hortxe zegoen Lezaun, hortxe zegoen Jesus beti kritiko, beti bere iritzi sendoa emanez, beti kezkati, beti adi eta besteon erantzunen bila. Lizarra-Garazi «aroan» izan zuen esperantza sakona eta geroko esperantza zapuztuarekin batera etorri zitzaigun iluntasuna: «Biolentzia bukatzen denean eta soilik orduan izango du ezker abertzaleak etorkizun oparoa» edo antzekoa hamaika bider entzun diot Jesusi, eta neure eginez maiz aipatu dut lagunen artean (baita hirutan edo arlo publikoan azpimarratu, inolako eraginik gabe, bistan denez).
Jesus joan zaigu. Aurrerantzean, udaro oso zaila izango dut eztabaidatzeko tenorea edukitzea. Nonahi ortodoxia da nagusi, edonon isiltasuna da oihartzun. Dena den, beti geratuko zaizkigu Jesusek zeuzkan grina eta sendotasun kritikoa, eta etsenplu gisa, ispilu moduan, beraren aparteko maila intelektuala.
Ez adiorik, Jesus, gero arte baizik.