Espainian beldurra eta amorrua eragin du. Erabakitzeko eskubideak sortzen duen izu-ikararen adierazgarri da, hain zuzen, Arenys de Munten joan den irailaren 13an Kataluniaren independentziari buruz kontsulta bat egiteko ekimenak ekarritako erreakzio alergikoa. Tokiko esperientzia jakingarri halako bat baino ez zen izango proposamen hura, baldin eta erantzun modura Espainiako Gobernuak, zenbait epailek eta beste hainbat komunikabidek jarrera deitoragarria agertu izan ez balute, suari su emateko prest betiere. Eta egun hartan falangista bakan batzuek Arenys de Muntetik zehar desfilean ibiltzea erabaki izan ez balute, auzotar guztiei beren iritzia adierazteko aukera zemaien jardunaldi demokratiko bat egitearen probokazioaren kontra protestatzeko. Hori bezain argi eta garden.
Ezinago harrigarria izan zen paradoxa. Gobernua eta epaileak oztopoak jartzen Arenys de Munteko herritarrei, zibismo eta bizikidetza irakaspen eredugarria eman eta kontsulta bat antolatu zutela eta. Ezbairik gabe, batzuen eta besteen jarrerak doi-doi adierazten du haien askatasun sena. Herri kontsulta demokratiko baten alde ez egoteaz gainera, ekimen hain goresgarriaren gurpilak makilaz trabatzen ahalegindu ziren Gobernua eta epaileak.
Eta, ezbairik gabe, egoeraren nolakotasunak berak eman zion zabalkunde nabarmena eta ezohikoa Arenys de Munteko kontsultari. Botere publikoen jokabide negargarriak erreakzio bat-batekoa ekarri zuen gizarte katalanean. Eta hori gutxi izango balitz bezala, Arenysko prozesuari arreta handiz kasu egin zioten Katalunia osoan, baina han ez ezik oihartzun nabarmena izan zuen nazioartean. Zapatero presidentearen pronostikoak etorri ziren hurrengo, Arenys de Munteko kontsultaren antzekorik ez zela berriro gertatuko ziurtatzeraino; lastozko sua baino ez omen zen. Bada, zenbatek eta 160 udalerrik jarraitu zioten Arenys de Munten lorratzari, abenduaren 13an, ahazteke beste hainbat eta hainbat ere prestatzen hasiak direla datozen otsailaren 28an eta apirilaren 25ean beste horrenbeste egiteko.
Egia da halako kontsultek ez dutela inolako lege ondoriorik, baina hori bezain egia da normaltasun demokratiko bateko jardun onuragarria dela, eta lehenago edo geroago bere fruituak emango dituen aurrekaria. Hain zuzen, horrexek aterarazten ditu babak Madrilen: erabakitzeko eskubideaz baliatu ahal izatea herritarrak, eta zibismo eta bizikidetza irakaspen bat emanez baliatu ere; Gobernuak eta hainbat epailek Arenys de Munteko herritarrekin agerturiko jarrera borrokalariarekin ezin alderatuzkoa, inolaz ere, ez baitzuten zalantza izpirik izan arrazoi juridikoak erabiltzeko herri kontsulta hura eragotzi nahi zutenak babestearren.
Egia da Arenys de Munteko adibidea ezinago samingarria izan zela, baina ez da hain ohiz kanpokoa ere. Eta sarri askotan eskuin muturreko taldeei oparitu bide dieten babesaz eta legezkotasunaz ari naiz, abantaila harrigarriak ematen baitizkiete, diru publikoaz babesteraino eta ia laguntzeraino ere. Edo ez al da hori Egunkaria-ren kontrako epaiketaren kasua? Zergatik egin du aurrera epaiketa horrek, ez bada epaileen ezohiko erabaki ezohiko bat dela bitarteko, nahiz eta fiskalak ez egin inolako akusaziorik? Zer gertatu zen Euskal herriko elkarrizketa aldeaniztun eta alderdianiztun haiekin, Ibarretxe lehendakariaren kontrako prozesu bat eta guzti ekarri ahal izateko? Nortzuk babestu zituzten epaileek, eta nork egin zuen akusazioa?
Horra hor, antza denez, Espainiako botere publikoen ibilbidearen noranzkoa, Brunete mediatikoak txalotuta. Gehienera jota ere, ordea, jakin ez dakite bidezidor horretatik irtenbiderik gabeko egoera baterantz doazela. Edo, agian, bidegurutze baterantz, Arenys de Munten gertatu bezala zikloi bat sorrarazteraino, haize kirri bat eragotzi nahian.
Joan Puigcercos
ERCko lehendakaria
(Erredakzioan itzulia)