EITB, kolapsoa

Egia esan, EITB taldeko hedabideek izan dituzten audientzia-datuak kezkatuta egoteko modukoak dira: Alberto Suriok, PSOEren eta PPren eskutik, zuzendaritza lortu zuenetik, audientzia galtzen ari dira modu nabarian Euskal Irrati eta Telebistak.

Audientzia-datuen zorroztasuna

Urriko emaitzak gogoratzen baditugu, esaterako, ETB1 kateak 0.3 puntu galdu ditu, urte batean -0.5 puntu, azken hilabeteetan- eta ETB2 kateak 3 puntu; hori gehiago da. Punta-puntan ibili den erdarazko telebista laugarren katea izatera pasatu da audientzien rankingean -Tele Cinco, TVE eta Antena 3 kateen atzetik-: zehazki, lehen %21eko audientzia zuen, eta egun, aldiz, %13ko batez bestekoa lortzen du.

Urgell Kultura sailburuak argudiatu duenez, audientziaren atomizazioa eta gaikako kateen gorakada egongo lirateke galera horren oinarrian; eta, jakina, aurreko zuzendaritzaren herentziari ere egotzi dio makurraldia. Baina gauza ez da hain erraz zuritzen, beheraldi handiena izan duten saioak Plató 2.0, Pásalo eta albistegiak izan baldin badira, estratega espainolen harribitxiak, hain zuzen.

Berariaz, gobernu-politika bermatzeko sortu zuten Plató 2.0 eztabaida-saioak –Políticamente incorrecto-ren lekua betetzera etorri zena-, esaterako, 18.000 ikusle baino ez zituen lortu urriaren 16an, eta, batez beste, %5aren inguruan kokatzen da. Agenda ez ezik, esatarien kualitate politikoa nabarmen eraldatu duen Pásalo magazinak, berriz, gehien ikusten zen saioa izateari utzi dio; lehen audientziaren %21 bazeukan, orain %12ra ez da iristen -gogora dezagun, maila gorenenera eraman zela zentsuraren ariketa Pásalo magazinean, zentsuratutako gonbidatu bat bertan eta zuzenean zentsuratu zutenean: keinu bat izan zen, krudela, desmasiatua, tiranikoa, egingo zutenaren iragarpen adierazgarria; ezkutatu beharrik gabe erakutsi zuten, beren asmoa burutze aldera, noraino joateko prest zeuden-. Zuzendaritza, editoreak, aurkezleak eta estilo-liburua zeharo bestelakotu dituzten tele-albistegien datuak ere antzekoak dira: garai batean ikusienak eta baloratuenak izan ziren ETB2ko albistegiak audientziaren %10aren inguruan ari dira geratzen.

Hain zuzen, modernizazioa ekartzeko -garbiketa ideologikoa eta doktrinamendu kognitiboa eragiteko- diseinatu edo berrantolatu ziren saio guzti-guztiak datoz oso behera, amildegian.

EITBk izan duen audientzia-galera nabariaren inguruabar horretan, batek baino gehiagok pentsatu du nolabaiteko boikota antolatu dela EITBren aurka, lehenagoko irrati-telebista ultra-abertzale, partzial, alderdikoi eta adoktrinatzailea berreskuratu nahiko lukeen sektoreak antolatua, hain zuzen. Alberto Suriok ezin zuen aitortu zuzentzen duen erakundeari halako boikot bat egiten ari zitzaionik -bere deslegitimazioa onartuko zukeen de facto– baina, esan gabe zihoan ideia hori bere adierazpenetan. Biktimizazioaren kultura.

Disonantzia eta kontsonantzia

Baina zer-nolako boikota da hori? Ez al da aspaldi ezagutzen hedabideen audientzien joerak esplikatzen duen legea oso-oso soila dela? Esplikatu ere, duela hamarkada asko, Festingerrek garatu zuen Disonantzia Kognoszitiboaren legeak esplikatzen duenez, entzun-ikusleak uko egiten dio zigortzen eta kognitiboki kalte egiten duen hedabide edo saioari. Alegia, jendeak gratifikatzen duena ikusten eta entzuten du, eta, aitzitik, jasan ezina zaiona saihesten du. Ez al da egongo EITBren audientzia-jaitsieren azpian halako zerbait?

Zergatik ez dute ikerketa erraz bat egiten? Zergatik ez diote galdetzen lehen EITB sintonizatzen zuen jendeari zer dela-eta ez duen orain sintonizatzen? Azterketa zehatzago bat ere proposatuko nuke: zergatik ez dute aztertzen zein jendek sintonizatzen zuen lehen EITB, eta zein jendek sintonizatzen duen orain? Zergatik ez dute aztertzen, galdutako audientziarekin batera, ikus-entzuleria berririk irabazi ote den?

Izan ere, lehen EITB sintonizatzen zuen jendea EITBk eskaintzen zizkion edukiengatik sintonizatzen zuen -eta, hori, jende askok, ezker abertzaleko jendeak, besteak beste, sariekin batera zigorrak ere jasotzen zituela-. Aitzitik, lehen EITB sintonizatzen ez zuen jendeak, hor zeuzkan, Tele Cinco, TVE, Antena 3, Cope edo Ser; eta, antza denez, hor dauzka oraindik ere. Pentsa baitaiteke, lehen EITB sintonizatzen zuen jendeak, estilo-aldaketa ultraespainolagatik, EITB sintonizatzeari utzi dion bitartean, lehen EITB sintonizatzen ez zuen jendeak, Tele Cinco, TVE, Antena 3, Cope edo Ser sintonizatzen jarraitzen duela. Hitz batean, lehen kate espainolak jarraitzen zituztenak orain ere kate espainolak jarraitzen dituzte; ez dira gerturatu EITB espainolizatura; ez dute EITB espainolizatua behar espainolak izaten jarraitzeko. Horrela esplikatzen da audientzia-galera.

Baina ez dute azterketa hori egingo, hain zuzen, ezin dutelako onartu eraldatu nahiko luketen errealitate setatia.

Boikota

Badakite zertan ari diren: EITBren audientzia naturala -esentzialistak garela esango digute, berriro ere- zigortzeko antolatu dute EITBren politika berria. Suriok aitortu bezala, katea arriskuan jar dezakete. Baina, egiatan, gutxi axola zaie.

Ez al zeuzkaten aldez aurretik iragarrita audientzia-kostu hain handi horiek? Ez al zeuden prest EITB audientziaz husteko? Alebosia eta premeditazioa erabili ala ez, euskal nazionalismoak -instituzionalak bezala, para-instituzionalak- eraiki dituen beste erakunde eta sinbolo guztiekin bezalaxe, EITB suntsitzeko prest daude, EITBk zeukan audientzia zigortuko badute.

Itxi egin zitzaketen irratiak eta telebistak, zuzenean, Guardia Zibila eta kamerak bidalita, gauez, beldurrez. Egin edo Egunkaria horrelaxe itxi zituzten. Ultra-demokrata, demokrata ultra espainol hauek, ordea, zentsura -biolentzia bezala- modu demokratikoan erabiltzen ere badakite.

Nork boikotatzen du, hortaz, EITB? Erakundearen barrutik ari dira EITB boikotatzen.

Ander Iturriotz Lauzirika

EHUko soziologia irakaslea

 

Berria-k argitaratua