AEBetan kanpaiak jo dituzte azken hilabeteotan hazkunde ekonomikoak gora jo duelako, eta oihartzuna, nola ez?, Euskal Herrian berehala entzun da. Ortodoxiak bere lekua behar du, baita gurean ere. Baina zer-nolako hotsak entzun dira?
AEBak nahiko handiak eta zabalak dira, baita maila ideologikoan ere, eta, zorionez, iritzi desberdinak plazaratzen dira, datuetan oinarritzen diren jarrera ezberdinak.
Hona ahots bat: Mike Whitney-k dioenez, finantza sistema askoz erraldoiagoa da ekonomiak daukan ahalmen produktiboa baino. Hortaz, ondorioz, sistema finantzarioa murriztu behar da (www.counterpunch. org/whitney11032009.html). Jakina denez, AEBetako banku zentralak, Federal Reserve-k, aparteko opariak eman dizkio Wall Street-eko eliteari. Fed-en arabera, finantza sektorearekiko zor osoa 16,5 x 1012 dolarrekoa izan da 2009ko bigarren laurdenean, azken urtekoaren antzera.
Beste aldetik, langabeziari dagokionez, hona zenbait datu esanguratsu: Obama presidentearen 787 x 109 dolarreko suspergarri planak porrot egin du langabeziaren kopurua jaisteko. Izan ere, plan hori martxan jarri zenetik, 2,7 x 106 lanpostu galdu dira (http://republicans.waysandmeans.house.gov/News/Document Single.aspx?DocumentID =150826).
Beraz, oso jende gutxik sinesten du susperraldi ekonomikoan, nahiz eta mass media-n atzeraldiaren bukaera aldarrikatu AEBetako BPGa %3an igo zenean. Baina, igoera horretan, zenbat dagokie pizgarri fiskalei? Hazkunde positiboa ilusioa da, gobernuaren gastuak sortutako ilusioa.
Dirk Bezemer-ek gogoratzen digu maileguz emateak ekonomia erreala babestu behar duela, ez besterik. Izan ere, finantza krisia aurreikusi zutenek (ez ortodoxiako inongo Nobel saridunek), kredituari eta zorrari begiratuz, argi zeukaten arazoa: aktibo merkatuetan erabili zirenean, kredituek aparteko zorra sortu zuten, bera ordaintzeko ekonomia errealak zeukan ahalmenaz baino askoz haratago (http://www.ft.com/cms/s/0/ 547d2fd8-c977-11de-a071-00144feabdc0. html ).
Bezemer-ek azpimarratzen duenez; «… AEBetako sektore errealari maileguen tasa (…) ia konstantea izan da 1980ko hamarkadatik. Aldiz, beste bankuei AEBetako bankuen mailegatzea 1980an BPGaren 2,5 bider izatetik 2007an BPGaren 5,8 bider izatera igo da, guztia finantza sektoreari emandako maileguen hazkundea izanik. Hortaz, AEBetako finantza sektorea 2007an hiru bider handiago izan da 1980an baino».
Mailegatzeak ekonomia errealari eragin behar dio, ez jadanik existitzen diren aktibo, bono, titulu eta abarrei. Aktiboen inflazioak deflazioa dakar (http:// www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/fire-sua-ote-3 ). Ondorioz, langabezia handituz doa. Eta, gure ustez, lanpostu berriak dira susperraldiaren indize argi eta garbi bakarra.
AEBetan atzeraldiak bere horretan dirau, eta egindako aurreikuspenak ez dira batere gozoak (http://www.cbpp.org/cms/ ?fa=view&id=711). Zeru beltz horretan, badago izar argitsu bat: Ipar Dakota.
2000tik, Ipar Dakotako BPGa %56a igo da, pertsona errenta %43a eta soldatak %34a. Aurtengo aurrekontuaren superabita 1,3 x 109 dolarrekoa da, inoiz izan duen handiena (http:// www.webofdebt.com/articles/cut-wallstreet.php). Ellen Brown-ek dioenez, Ipar Dakotaren arrakasta bere bankuari dagokio. Ipar Dakota bere bankuaren jabea da, kreditua kontrolaturik dago eta ez da erabiltzen jadanik existitzen diren aktiboen, bonoen, tituluen eta abarren prezioak puzteko, ekonomia produktiboari eragiteko baizik.
Izatez, Ipar Dakotako Bankua (IDB) bankarien bankua da, banku zentral gisa funtzionatuz, Federal Reserve-ren adar modukoa izanik. Banku pribatuekiko lehia alboratzen du, beraiekin bazkidetza konpartituz.
Horrela, gobernuak lanpostuen sortzeari eragin diezaioke, azken bermatzaile gisa, eta enpresari moduan arituz, eta ez banku handietarako azken bermatzaile bezala, beraiei dirua oparituz.
Gainera, gobernuaren, enpresen eta langileen arteko akordio iraunkorra lortzeko, komenigarria da zerga erreforma sakona martxan jartzea (http://www.uni bertsitatea.net/blogak/heterodoxia/zorrik-gabeko-ekonomia-baterantz).
Hori guztiori posiblea da, egingarria da aparteko iraultzarik gabe. Kontua politikari dagokio. Borondate politikoak du azken hitza.