Matalazen urratsetan

Bernat Goihenetxe apaizaren sorterri eta bizigunera eramango gaitu ibilaldi labur eta erraz honek. Goazen, bada, Mitikile eta Larrorira, Matalazen urratsetan ibiltzera.

Haritz zaharretik, ibilbide aldaera da

Mitikileko frontoia izango dugu txango honen abiapuntu. Hau topatzea oso erraza da, zeren eta, Mauletik sei kilometrora, Nabarrenkoserako norabidean (Biarno), kokatua den herri polit honen bide bazterrean ezkerraldetik ikusiko baitugu errebote hori. Ibilgailuak inguru horretan bertan utzi ondoren, eta, txangoari ekin aurretik, zein hori bukatu ondoren, ez dugu aukerarik galdu behar Matalazen sortetxeari begirada bat egiteko.

Etxe zahar eta dotore hau -ederki zaharberritu zuten orain dela urte mordoa- herriaren goiko partean kokatua da, elizatik berrehun bat metro aldegainean. Jakin beharrekoa da jabetza pribatu bat dela, egoiliarrak dituena. Beraz, horretan sartzea ez da komeni, bertakoek ez badizute baimenik ematen behintzat. Kanpoaldetik begiratuta soilik, dena den, etxe eder horren alboan egoteak bakarrik gogobihotzetan zirrararik sortzen du, historiaren ufakoak harrapatzen gaituelarik.

Geure txangora bueltatuta, haatik, frontoiari eta alboan daukan eskolari bizkarra emanda, Mitikile eta Larrabile arteko bideari buruz ibiltzen hasiko gara. Bide horrekin berehala topo eginik, eskuin alderat hartuko dugu, Maule eta Nabarrenkose arteko bide nagusia topatzearren. Hor, ezker alderat hartuta, ezker aldeko bazterretik hiruzpalau metrotan ibiltzea baino beste aukerarik ez dugu izango. Arreta handiz ibili beharko dugu zati horretan, Maule eta Paueren arteko ardatz nagusia baita, eta ibilgailu asko harahonakatzen da errepide horretan.

Haatik, laster batean iritsiko gara Larrori auzunerako bide abiagunera, eta horrara joko dugu, ezker alderat hartuta. Hasieratik bururaino bidelagun izango ditugun seinale horiei jarraituz, bide txiki honek Agerrea etxe dotorea eta haren aitzinean landatutako bi haritz guztiz ederrak miresteko aukerarik emango digu. Bidetik ibilita betiere, Mitikileko udalerriaren barne dagoen Larrori auzunera helduko gara, ordu bat pasatu baino lehen. Herrixka horrek badu xarma asko, bere harizti ederretik eta elizatxotik haste. Ez da lehen itxura batean ematen duen bezain baztertua ere. Larroritik Biarnoko bidean den Angastue herrira joateko aukerarik baita -euskaraz esaten diote horrela, frantsesez, Angous-. Txango hau egin ondoren egokia da Angastue bera bisitatzea, oso herri polita baita Nabarrenkose aldeko herri hori.

Abadia jauretxea begi bistan

Larroritik, baina, Urrustoi herrira ere joan daiteke, bide are txikiago batetik. Hain zuzen, horixe hartuko dugu oinezko ibilaldi horri jarraitzean. Elizatxoaren albotik pasatu ondoren, behealde batera iritsiko gara, eta berriz ere apurtxo batean gora egingo dugu, Etxeberria, Pribatea eta Bordatto etxe edo baserrien albotik igarota. Bide txiki eta gozagarri hori utziko dugu, haatik, Sagardoiburu etxera eta han dagoen lepora iristean. Bidea uztean ezker aldera jota eta Sagardoiburu etxearen aitzinean pasatuta, organbide zahar batean jarraituko dugu. Zuhaitzen artetik begiratuz, ipar-mendebaldera ikusiko dugun etxe multzoa Urrustoi herria da. Etxe horien artean ezagutuko dugu, agian, Antonio Abadia Urrustoi esploratzaile ospetsua eta euskaltzale sutsua izan zenaren sendiaren jauregia.

Organbidearen alboan Zuberoan ürzakagiak esaten diegun uso ehizarako ezkutaleku batzuk ikusiko ditugu. Hori dela eta, ibilbide hau urrian ez egitea komeni da, ehiztariekin liskarrik ez sortzeko. Une batean, baso txiki horretan aurrera goazela, ezker eta beherantz sartzen den lurbide bat ikusiko dugu. Horrek aukerarik ematen du Larrori herrixkara azkar batean bueltatzeko, Haranburua izeneko lekutik igarota. Alabaina, gure ibilbide hau bera nahikoa laburra denez, aitzina joko dugu, betiere seinale horiei jarraituz. Mendebaldera, hurrenez hurren, Ezpeize-Ündüreine, Bildoze-Onizepea eta Ainharbe herriak zuhaitzen artetik ikusiko ditugularik, urrizti -zubereraz ürrüstoi- polit batetik goxo-goxo ibiliko gara.

Pago, haritz, gaztainondo eta gorostiondoei ere agur egingo diegularik, xenda polit hau amaituko zaigu bide hariztatu batean. Horrek zeraman lehenago telebista errepikagailu batera, baina haren aztarnak bakarrik geratzen dira gaur egun. Bide harriztatu hori ororen buru seko eraisten da Mitikile herrira, eta, Larrabilerako bidearekin topo egitean, ezker aldera joko dugu, eta gure abiapuntura helduko gara.

Haritz zaharretik, ibilbide aldaera da

 

Txango honetan, autoentzako bideetatik ibili beharrean egongo gara, denbora gehienez bide oso txikia baldin bada ere. Bide horietatik apurtxo bat gutxiago ibiltzeko aukera bat bada, baina leku pribatu batetik igarotzera behartzen gaitu.

Hala, Agerrea etxe dotoreko bi haritz oso eder eta zaharrak agurtu eta mirestu ondoren, aberetegi zaharraren albo-albotik igaroko gara, eta gorantz hartuko dugu xenda batean. Gorenera ia heltzean, eskuin aldera joko dugu, burdin-hesi saihetsetik, bazkaleku zabal batera iristeko (321 m). Alagune horren ia bururaino joanen gara, ipar ekialderako urrunean Angastüe, Gaztelüberri (frantsesez Castetnau-Camblong), Nabarrenkose eta Biarnoko beste hainbat herri agerian direla. Gailur xume horretatik Biarno, Zuberoa eta Nafarroa bi aldeetako mendi ugari ere begi-bazka izango ditugu. Aurrera egitean, gorostiondo ilara baten saihetsesik soroaren behera joango gara, Mitikile eta Larrori arteko bidea topatuko dugun arte. Horretan, ezker alderat jota Larrorira iritsiko gara.

Berria-k argitaratua