2008ko iraila apartekoa izan da. Hori dela eta, zertxobait aipatu nahi nuke. Batez ere, gertatutakoaren ildo nagusiak eta arazoei proposatutako irtenbideak.
Joan den uztailean Hudson-i egindako elkarrizketa , hauxe esan zidan: «…aktibo-prezioak kolapsatzen direnean, haiek altxarazi dituzten zorrek zutik diraute Ekitate Negatiboko eran Zor Poluzioaren ondorioa utziz. Horixe da AEBetako higiezin erreal askoko baldintza, eta horrek AEBetako banku handietarako ekitate negatiboa sortu du .»
Ekitate negatibo hori izan da irailean nonahi azaldu dena.
1. Gertaeren segizioa
Hona hemen gertaeren segizioa ulertzeko lan batzuk. Hasieran fikzioa zen , gero krisia aipatu zen , baita zeuden aukerak ere .
Irailean sartu ginen eta irailarekin batera zenbait salaketa eta proposamen azaldu ziren.
2. Wall Street-eko sozialismoa
Krisia heldu da, hemen dago. Gogorra da. Irtenbidea? Goazen berripaperak irakurtzera:
«Nazioarteko finantza merkatuetan likidezia gabeziak sortutako egoerari aurre egiteko eta krisia larri ez dadin elkarrekin aritzea erabaki dute munduko sei banku zentral nagusiek: Fed-ek merkatuan 180.000 milioi dolar (125.543 milioi euro) jartzea izan da elkarrekin erabaki duten lehen neurrietako bat. Europako Banku Zentralak, berriz, 40.000 milioi euro jarriko ditu; Suitzako Banku Nazionalak 10.000 milioi euro, Kanadakoak 10.000 milioi dolar eta 60.000 milioi dolar Japoniakoak.»
Konponduta dago, likidezia’ zen arazoa. Diru gutxi omen zegoen merkatua. Hortaz, sar dezagun dirua.
Hori gutxi balitz, AEBetan hipoteka-erakunde nagusiei eta aseguru erakunde nagusiari, haien kreditu-luzapen kudeaketa txarra eta haren aseguruen gestio kaxkarra direla eta, diru publikoa emanen zaie, diru gehiago, ‘likidezia’ gehiago merkatuan. Dena konponduta ote?
The Wall Street Journal-ek argitu zuen, Marxez geroztik sozialistek aipatu dutena: «Zerga ordaintzaileek ulertu behar dutena da Fannie Mae eta Freddie Mac -hipoteka-konpainiek- jadanik sozialismoa praktikatzen dutela, nahiz eta sozialismo mota hori tranpatia izan. Haien irabazia pribatizatua da baina haien arriskua sozializatua.»
WSJ-en arabera, «… eszenategirik okerrena kapital injekzioa izango litzateke, zeinak konpainiei (hemendik bi edo hamar urte barru) mozketa berbera berriz egiteko aske utziko baitie.» Hortaz, WSJ-ek dioenez, ez dago ezer konponduta.
Baina azkenean AEBetako Kongresuak 700 x 109 dolarreko kopurua merkatuan ‘injektatzea’ onartu du. Gainera, konpainia handi horien lekua gobernuak berak hartuko du beroriek egindako zor txarren azken babesle modura. Gora Wall Street-eko sozialismoa!
Dena den, AEBetako Kongresuak plan hori onartu baina bi egun lehenago, Stephen Zarlenga-k jadanik abisatu zuen ezen lapur errukigabe koadrila batek 700 x 109 dolar lapurtu nahi zituela, AEBak arrisku ekonomiko baten aurrean egongo direlakoan. Are gehiago, Zarlenga-k zuzentzen duen American Monetary Institute delakoak prentsa-ohar bat plazaratu zuen (2008.08.29) ondokoa esanez: «Finantza-sektore pribatuak porrot egin du. Espero da sektore publikoak bera erreskatatzea eta egingo du. Hortaz, sektore publikoak sistema monetarioa kontrolatu behar du, herriaren onurarako.»
Ez hori bakarrik: «Arazoaren bihotza da gure sistema monetarioa pribatitzatu izan dela. Eta zuzendua izan da bera kontrolatzen dutenen onurarako, interes publikoarekiko kezka minimoarekin.»
Eta oso funtsezkoa dena: «Federal Reserve System into the U.S. Treasury» jarri behar da , hots, gobernuak sortu behar du dirua, eta ez banku-sistemak. Zeren, «Gure sistema monetarioa kreditu eta zorretik benetako dirura aldatu behar da,… (…) AEBetako gobernuak berak dirua jaulki behar du, eta ez bankuetatik maileguz hartu. (…) AEBetako Altxor Publikoa [U.S. Treasury, alegia] lagunduko du dirua ekonomia errealera zuzentzeko, ez espekulaziorako».
Gobernuak espekulatzaileen gaineko benetako kontrola eduki dezan eskatzen da. Alegia, Alan Greenspan-ek lortu zuen banku-sistema desarautzea (esanez modu horretan ekonomiak hobeki funtzionatuko lukeela!), berriz ere, eta modu zehatz batez, arautzea, kontrolatzea. Hain zuzen ere, Wall Street-eko ‘sozialistek’ aldarrikatzen dutenaren aurka .
Likideziarekin batera, badago nonahi aipatzen den beste hitz magiko bat: konfiantza. Michael Hudson-ek dioenez (e-mailetan), konfiantza hitza aipatzen dutenei ‘con men’ (‘kon gizonak’) deitzen diegu. «Konfiantza izan zen lehenik eta behin burtsako burbuilara eraman zuena eta gero higiezin errealeko burbuilara – eta gero gainbehera handira. Arazoa ez dagokio psikologiari – zorrak askoz handiagoa dira ordaintzeko medioak baino. Deribatiben kontratuak deuseztatuak izan behar dira. Deribatibak ez dira bonoak. Ez dira aurrezkien kontuak. Zabor hipoteketan eta zabor bonoetan oinarritutako zabor matematika eta zabor ekonomia dira.»
Karlenga-k dioenez, Michael Hudson-ek aurreikusi zuen, orain dela bi urte, etxegintzaren krisia zehazki .
3. Krisiaren funtsa: matematika eta kontabilitatea besterik ez
Krisiaren zurrunbiloan gaude sarturik. Bankuek eta finantza eta aseguru enpresek langileriaren dirua behar dute bizirik egoteko. Zerga ordaintzaileei laguntza eskatzen zaie, erabakiak ate itxietan aberatsek, erregulatzaileek eta erregulatzen porrot egin dutenek hartzen dituzten bitartean.
Baliteke finantza krisia areagotzea. Jende askok etxea erosi zuen subprime hipoteken bidez, eta dagoeneko beren etxeak galdu dituzte edo galtzeko bidean daude. Finantza-agenteek hipoteka horiek ‘paketatu’ zituzten hipoteka babestutako tituluetan eta beste deribatiba-inbertsioko bonoetan. Inbertitzaileek deribatiba horiek erosi zituzten gero eta mailegatutako diru gehiagorekin.
Hona hemen bi adituk esandakoa :
Alde batetik, Nomi Prins-ek zioena: «AIG ez zen ari aseguru-konpainia gisa. Banku espekulatzaile, babes fondoko espekulatzaile modura ari zen lanean, Bear Stearns, Lehman Brothers eta Bank of America/Merril Linch bezalaxe. Hortaz, egoera batean gaude zeinetan AEBetako Gobernua ulertzen hasteko gai ez den item-en arriskua hartzen ari baita. (…) ez dago inolako gardentasunik Fed-ekiko, Altxor Publikoarekiko, inorekiko ere ez. (…) Dena erabat interkonektaturik dagoen intzestu-mailegatzearen bidez gertatu da, zeinak banku-sistema osoa porrotera baitarama.»
Prins-ek berriro: «Banku-sistemaren alderik txarrena nazionalizatzen ari da (…) arriskua hartzen ari da [gobernua], ulertzeko gai ez den arriskua.»
Hudson-ek honela jarraitzen du: «Ekonomia sakrifikatua da jokalariei ordaintzeko.» Eta hauxe gaineratzen du: «Bigarren hezkuntzako eskoletan (…) hasi behar zen ekonomiaren lehen kurtsoak ikasleei adierazi beharko lieke zer dela-eta den faltsua Wall Street-ek azken mende erdian saldu nahi izan duen iragarkia eta promesa: ekonomia bat aberats bihur daitekeela `interes konposatuen magiaren’ bidez.»
«Promesa horren faltsukeria agerian geratzen da garapen esponentzialaren matematikari begiratuz gero. (…). Zorrak tasa `geometrikoetan’ hazten dira, ekonomia bera soilik aritmetikoki hazten den bitartean, modu lineal eta mantsoago batez.»
Izan ere, behar den guztia hauxe da: zorren eta ekonomiaren hazkundearen «ideia hori partida biko kontabilitatearen oinarriko balantzearen definizioarekin batera jartzea: pertsona baten aurrezkiak mailegatzen dira beste pertsona batzuen zor bihurtzeko. Hortaz, aurreztaileentzako `interes konposatuen magiak’ ekonomiaren beste batentzako `zor-lehertzearen magia’ esan nahi du. (…) `Interes konposatuen magia’ aurrezkiak esponentzialki bikoiztearen eta berriz bikoiztearen joerari dagokio, balantze orriaren beste aldean zordunek zor dutenaren igoera berdinkidearekin.»
Matematika horiek historian zehar aritu dira, eta ezagututako gizarte guztietan ondorio berbera izan dute, hots, aberastasuna dirudunen eskuetan kontzentratzea.Matematikak eta kontabilitateak argi, garbi, garden eta ezin hobeki erakusten dute ezen inongo ekonomiak ezin ditu jasan tasa esponentzialean hazten diren zorrak. Inolako ekonomia ezin da hazi proportzio esponentzialean. Soilik zorrak biderkatu daitezke modu horretan. Beraz, Hudson-ekin batera, hauxe diogu guk ere: «Horrexegatik Paulson jaunak bere Wall Street-eko lagunei luzaturiko 700 x 109 dolarreko `opariak’ ez du funtzionatuko.»
Krisia hedatuz doa, baita Europara ere. Eta Espainiara (Una-Grande-Y-Libre-ra)? Itxaron pixka bat. Bitartean emaiozue begiradatxo bat Venezuelari buruzko ondoko dokumentuari : Capitalist vs. Socialist State Intervention of the Economy.
4. Nazionalizatu dirua, ez bankuak
Horixe izan da Stephen Zarlenga-k luzaturiko mezua. Zarlenga American Monetary Institute (AMI) izeneko zuzendaria da eta urteak eman ditu desertuan predikatzen. Horren lan nagusia The Lost Science of Money da, eta hamaika artikuluren artean ondoko hau: The need for monetary reform. Goian ikusi dugun moduan, Zerlanga-k oso gogor kritikatu du AEBetako Altxor Publikoko idazkaria den Paulson jaunaren plana . Zerlanga-ren iritziz, erakunderik garrantzitsuena Altxor Publikoa da eta banku zentrala (kasu honetan Fed izenekoa) horren barruan sartu behar da .
Halaber, badakigu likidezia ez dela arazoa. Izatez, merkatuan likidezia asko, gehiegi, egon da . Gainera, sostengua edo sorospena (‘bailout’) aipatu barik, Hudson-ek ‘giveaway ‘ aipatzen du, alegia, ‘oparia’.
Deribatuak dira gainditu (eta alboratu) behar diren zaborrak. Aparteko parafernalia eta formula matematikoak erabiltzen dira zabor deribatuak kalkulatzeko. Hori airea besterik ez da. Negozioa aire hutsa erosiz eta salduz egiten da .
Espekulatzaileekin bukatu behar dira. Espekulazioa da arazoa. Horretarako ikus dezagun Zarlenga-k berak idatzitako joan den irailean eta urrian. Zerlanga-k, beste ekonomialari batzuekin batera, dirua, diru erreala (gobernuak sortzen duena) eta kreditua (bankuek luzatzen dutena) bereizten ditu. Hona, bada, haren testuak:
(a) 700 x 109 dolarren kopuruaren aurrean :
Sistema monetarioak kreditutik eta zorretik diru errealera igaro behar du. (…) … zalantzazko denboretan kreditua desagertzen da, baina dirua ez da desagertzen, egonkorragoa da.» Diru erreala gobernuak jaulkitzen du.
AEBetako aginte monetarioen proposamena Keynes-ek Depresio Handian proposatu zuenaren antzerakoa da. Keynes-ek nahi zuen gobernua bankuekiko zor handiagotan sartzea. AEBetako ekonomialari batzuek , denbora hartan, gobernuak dirua sortzea nahi zuten, ez zorra. Erreforma monetarioa martxan jartzen ez bada, «egoera txartoago bilakatuko da… (…) Sektore pribatuak porrot egin du. Espero da sektore publikoa erreskatean etortzea, eta etorriko da. Beraz, sektore publikoa sistema monetarioa kontrolatu behar du, herrialdearen onurarako», ez esku pribatuetarako.
(b) AIM-ren prentsa-oharra (2008ko irailaren 29an):
Hona hemen aipatzen diren punturik garrantzitsuenak: (1) finantza-sektore pribatuak porrot egin du; (2) sektore publikoak erreskatatuko du; (3) beraz, sektore publikoak sistema monetario kontrolatu beharko luke, herrialdearen onurarako; (4) konfiantza ez da lortuko banku-sistema hondatu zutenei beraiei diru-laguntza luzatuz; (5) konfiantza lortzeko, krisia nola gaindituko den eztabaidatu behar da; (6) dagoen sistema monetario ez-justuaren ordez, sistema on eta egoki bat behar da hurrengo hilabete edo urteetan, krisi hau garatzen den bitartean; (7) arazoaren muina da sistema monetarioa pribatizatu dela; sistema hori kontrolatzen dutenek beren onerako erabiltzen dute; (8) Fed sistemaren erreforma monetarioak Fed bera AEBetako Altxor Publikoan sartzen du; banku-sistemak dirua sortzeko pribilegioa alboratzen du, eta gobernuak sorturiko dirua ekonomian sartzea bultzatzen du, bereziki azpiegituretan, baita osasungintzarako eta heziketarako giza azpiegituretan ere; (9) sistema monetarioak krediturik eta zorretik diru errealera igaro behar du; (10) AEBetako gobernuak berak dirua jaulki behar du, ez bankuetatik maileguz hartu ; (11) gobernuak dirua sortzeko ahalmena dauka, kontu batean, edo soilik bera inprimatuz, ‘paper berde’ gisa; (12) ez litzateke egongo inongo ondorio inflaziogilerik, zeren uste baitzen diru hori jadanik existitzen dela higiezin errealeko balioen eta maileguen eran; (13) izatez, diru horrek deflazio bat geldiaraziko du, oraingo merkatu-prezioetan aktibo eta mailegu horiek ezabatzerakoan azalduko litzatekeen deflazioa; (14) erreformako baldintzek segurtatzen dute banku-sistemak ez lituzkeela erabiliko gobernuak sorturiko dolar horiek kreditu gehiago luzatzeko, zeina, kasu horretan, bai inflaziogilea izango bailitzateke; (15) AEBetako Altxor Publikoak dirua ekonomia errealera zuzenduko luke, ez espekulaziora.
c) 2008ko urriaren 9ko e-maila:
Hona aipatzen diren puntuak: (1) Egoera monetarioa, ekonomikoa eta enplegua gaiztotuko da datozen hilabeteetan eta urteetan ez bada hartzen erabaki zuzentzaile bat; (2) Horrek suposatzen du erreforma monetarioa martxen jartzea (The American Monetary Act delakoa ).
d) 2008ko urriaren 14ko e-maila:
Barack Obama-ren aldeko J. Stiglitz eta M. Scholes ekonomian Nobel saridunen aurka, Zarlenga-k argi diosku: «… erreforma monetarioa ezin dela utzi ekonomialarien esku».
Hona hemen, aldiz, Zarlenga-ren iritziz, AEBetako presidente-gaiei galdetu beharko litzaizkieke galdera nagusiak eta proposamena:
1) Ulertzen al duzu diruaren eta kredituaren arteko desberdintasuna? Kenduko al diezu gure finantza-erakundeei diru-eskaintza sortzeko (beraien kreditua maileguz emanez) daukaten pribilegio berezia? Horren ordez, jarriko al zenuke gobernuak sorturiko dirua? Ulertzen al duzu kreditu hori finantza-estreseko denboran desagertzen dela, eta gobernu-dirua ez dela desagertzen?
(2) Ulertzen al duzu goian aipaturiko kontabilitate-pribilegioa dela aberastasunaren kontzentrazioaren azken iturria, eta argudio moralengatik, zuzendu behar dena? Nahi al dituzu justizia-, zuzentasun- eta moralitate-puntuak politika publikoen erabaki ekonomiko eta monetarioetan sartzea?
(3) Onartuko al duzu, ados al zaude ezen finantza-sektore pribatuak porrot egin duela eta berriz ere (!) erreskatatu behar dela sektore publikoaren bidez? Hortaz, halaber, onartuko al duzu publikoki kontrolatutako egitura batek ordezkatu behar duela, non dirua gobernuak jaulki behar baitu, ez banku pribatuek?
(4) Nazionalizatu dirua, ez bankuak.
Hona hemen, bada, sistema monetarioa ‘salbatzeko’ benetako apustua, apustu sakona, teorikoa noski, eta praktikan lehenbailehen jartzeko modukoa. Bestela jai. Okerrago, bestela zor handiagoa, egoera txarragoa, langabezia handiagoa.
5. Aldaketa monetarioaren beharra
Goian aipatutako American Monetary Institute (AMI) urtetan egon da Stephen Zerlanga-ren gidaritzapean aldaketa monetario sakon bat proposatuz; azkenean The need for monetary reform izeneko artikuluaren bidez
Hona hemen azken lan horren punturik garrantzitsuenak :
a) Erreforma monetarioa kritikoa da oso. (b) Dirua sortzeko ahalmena harritzeko moduko boterea da – askotan indartsuago botere exekutibo-, legegile- eta judizialaren konbinaketa baino. (c) Ahalmen hori pribatuki kontrolatuta dagoenean erabil daiteke aberatsak areagotzeko. Eta garrantzitsuena: berak determinatzen du gure gizartearen norabidea, dirua nora doan erabakiz -zer finantza daitekeen eta zer ez. Erabakiko al da azpiegiturarako? Ala joango al da gerlak finantzatzeko edo higiezin errealeko maileguetara, aktibo-prezioko inflazioa sortuz – hau da, higiezin errealeko burbuila? (d) Hortaz, dirua jaulkitzeko botera ezin da inoiz alboratu demokratikoki aukeratutako gobernutik, eta esku pribatuetan jarri, gaur egun AEBetako Fed-ekin gertatzen den moduan. (e) Izan ere, AEBetako diru-eskaintzaren gehiena ez du gobernuak sortzen, banku pribatuek baizik, beraiek maileguak egiten dituztenean. (f) Fed-en erreserba frakzionalaren prozesuaren bidez, sistemak erosteko medioak sortzen ditu bankuek maileguak egiten dituztenean txeke-kontuetan. Hortaz, AEBetako diru gehiena interesa daraman ‘zor’ gisa jaulkitzen da. (g) Gu [AEBetako hiritarrak] diru-sistema hori maileguz hartzen ari gara banku pribatuetatik, eta sistemaren jabe izan beharko ginateke, ez hura errentan hartzea. (h) AEBetako gobernuak subiranotasun boterea dauka dirua jaulkitzeko eta bera gastatzeko ongizate orokorra sortzearren. (i) Aldiz, sistema monetarioa gaizki erabiltzen ari da espekulaziorako, bankugintzak historikoki egin duen moduan . (j) Diruak balioa dauka trebetasun-jendearengatik, baliabideengatik eta azpiegiturarengatik, batera lanean marko sozial eta legalaren barnean. Dirua beste guztiek funtziona dezaten beharrezko labaingarria da. Berez ez da aberastasuna, aberastasuna lortzeko ahalmena baizik. Dirua legean oinarritutako botere sozial abstraktua da, eta gobernuak zergak ordaintzeko onartzen duen edozer izango da dirua. Orain bera kontrolatzen duten korporazio pribatuek ez dute dirua kreatzen. (k) Zoritxarrez, diru-sormen pribatuaren esperientzia iruzurren, kudeaketa txarren eta are zitalkeriaren historia luzea izan da. Bankugintzaren abusuak begi bistakoak eta etengabekoak izan dira . (l) Diru-sormen pribatuak (bankuen erreserba frakzionalaren bidez lortua) inoiz ikusi ez den aberastasun-kontzentrazioa sustatzen du, zeinak prozesu demokratikoa deuseztatzen baitu. (Populazioaren %1 baino gutxiagok aberastasunaren %50ko jabegoa dauka.) (m) Desoreka izugarri horrek sistema monetarioaren erreforma eta aldaketa eskatzen du. (n) Azpiegituren lanek kalitatezko enplegua hornituko lukete. (ñ) Batzuen iritziz, proiektu horiek gauzatzeko, gobernuak dirua maileguz hartu behar du edo zergapetu. Baina oso ezaguna da ezen gobernuak behar den dirua zuzenki sortu ahal duela, eta proiektu horietarako gastatu, inolako ondorio inflaziogilerik gabe.
Erreforma edo aldaketa monetarioak hiru atal ditu, zeintzuk batera hartu behar baitira, aldaketak lan egin dezan. Hona hemen atalok:
1) Federal Reserve sistema AEBetako Altxor Publikoan sartu behar da, non diru guztia gobernuak sortzen baitu, diru gisa, ez interesa daraman zor modura. Diru hori aberastasun orokorra bultzatzeko gastatuko da. (2) Bankuek dirua sortzeko pribilegioa geldiarazi behar da, erreserba-sistema frakzionalarekin bukatuz. Iraganean monetizaturiko kreditu pribatu guztia AEBetako gobernu-dirua bilakatuko da. Orduan bankuak benetan bitartekari moduan arituko dira, aurrezki gordailuak onartuz eta mailegariei gordailu horiek maileguz emanez. Hau da, bankuek egin behar dute jendeak oraindik uste duena, ez benetan egiten dutena. (3) Diru berria azpiegituretan gastatu behar da, heziketan eta osasungintzan barne.
AIM-koek bultzaturiko Money Reform Plan delakoak zergapekoei aurreztuko die dolar kopuru izugarria. Izan ere:
I) Erreformaren menpe, soilik AEBetako gobernuak, ez banku pribatuek, dirua sortuko luke. Zarlenga-k eta AIM-koek proposatzen dutena 1930 hamarkadan zenbait ekonomilarik proposaturiko ‘Chicago Plan ‘ delakoaren antzerakoa da. (II) Plan berriaren arabera, gobernuak diru berria gastatuko du beharrezko diren azpiegituretan, baita heziketa eta osasungintzako azpiegituretan ere. (III) Aldiz, gaur egungo kontrol pribatuaren menpe, diru gehiena burbuila espekulatibora, Wall Street-eko jolasetara eta higiezin errealera doa.
Zarlenga-ren aburuz, gizarte-kontrolaren menpe, diru gehiago joango da aberastasun orokorra bultzatzera. Gainera, inflazioa alboratuko da zeren aberastasun material erreala produzituko baita prozesuan.
Hona hemen, bada, krisitik ateratzeko proposamen zehatz eta sakona. Proposamena, noski, arlo teorikoan sartzen da, ez baitago beste erremediorik. Zarlenga-ren lema hauxe da: «Denboraren gainean, diru-sistema kontrolatzen duenak nazioa kontrolatzen du.»
Eta Euskal Herrian? Zer esan dakieke Euskal Herri osoan aritzen diren banku eta aurrezki-kutxa guztiei? Zer egin daiteke horiekin guztiekin? Irakurleak du hitza.
6. Erreskatea?
Jadanik ezaguna dugu: interes konposatuen magia zorrak bikoizten eta birbikoizten ari da, ekonomia gai ez den bitartean zor horiek ordaintzeko beste superabit ekoizteko.
Bi irtenbide nagusi aurreikusten dira: (a) finantza-polarizazioa eta zor-peoitzaren bidez elite oligarkiko berri bat azaltzea; ala (b) zor-deuseztapenaren bidez gizartea bera erreskatatzea.
Zabor-ekonomian oinarrituta, finantza-jokalariek zabor-hipotekak, zabor-bonoak eta zabor-merkataritzazko paperak erosteko, espekulatzeko eta beraiek aseguratzeko parafernalia handiko zabor-matematika erabili dute. Dena den, badirudi zabor-matematikazko modeloetan jarritako fedea desagertuz doazela. Bejondeigula!
Jakina denez, AEBetako Fed-eko presidentea, eta oro har, banku zentraleko presidenteak ez dira era demokratikoz aukeratu. AEBetan Wall Street-eko finantza-sektoreak izendatzen du. Harrigarria bada ere, suposatzen da Fed-ek berak kontrolatu behar duela sektore hori. Hortaz, Fed finantza-sektore horren aldeko lobbysta gisa arituz, populazioaren %10 aldekoen onurarako dago lan egiten eta populazioaren zorpeko diren %90ren aurka. Banku zentralaren ‘independentzia’ hori demokraziaren ezaguera modura goraipatzen den bitartean, izatez erabat demokraziaren kontrakoa da. Hain zuzen ere, kontrol publikotik kanpo dagoelako. Beraz, hona hemen krisiaren aurkako lehen ondorio zuzena: banku zentralak kontrol publikoaren menpe aritu behar dira nonahi.
Beste aldetik, Altxor Publikoak interes nazionala errepresentatzen duela uste da, ez bankariena, nahiz eta gaur egun AEBetan erakunde horren nagusia Wall Street-ek erabili eta beraren lobbysta gisa aritu. Izan ere, AEBetako Altxor Publikoko Paulson-ek ‘aberatsentzako sozialismoa’ martxan jarri du, Wall Steet-i aparteko ‘oparia’ emanez .
Wall Street-ek AEBetako ekonomiari honelako mezua luzatu dio: «zure dirua ala zure bizitza». Eta AEBetako Kongresuak amore eman du, eta ‘ekonomia salbatzearren’ oparia onartu. Ekonomiak, alta, gaizki segitzen du…
Bankuek ezin dute dirua egin ad infinitum gero eta kreditu gehiago salduz, hau da, ekonomia ez-finantzario gero eta gehiago zordunduz. Badakigu ondokoa ere, baina badaezpada ere, errepikatuko dugu: interes konposatuen magiaren ‘leloa’, hots, jendea aberats bihur daitekeela «soilik dirua lan egiten jarriz» faltsua da oso. Izan ere, diruak ez du lan egiten. Bera maileguz ematen denean, produkzio- eta kontsumo-ekonomia errealetik interesak ateratzen ditu benetan lan egiten duten lan-indarretik eta industriatik. Zerga moduko bat da, sektore finantzarioak ezartzen duen zerga, monopolio-errentaren antzeko bat.
Oparia aipatu dute ekonomialari batzuek. Baina egoera larri honetan inork ez du aipatzen (salbu ekonomialari gutxi batzuek) Paulson-ek bankuei luzaturiko opariak nora daraman. Azkenean gobernuak, AEBetan eta edonon, ‘azken mailegu-emailearen babesle’ gisa ari dira funtzionatzen: etxe-jabeei eta ez-finantzazko zordunei ez zaie zer oparitu, alderantziz. Oparia populazioaren mailarik aberatsenari eman zaio. Ondorioz, finantza-oligarkia sendotuz doa AEBetan eta nonahi.
Zenbat denbora eutsiko dio Altxor Publikoak Wall Street-i luzaturiko diru-laguntzak esponentzialki handituz doan zor orokorrari? Altxor Publikoaren ahalegina alferrikakoa da. Inongo diru-kopuruk ezin dio eutsi zorraren hazkunde esponentzialari, ezta azken urteotan deribatuen jolasetan eta beste finantza-eskaeretan izugarri handitu diren kreditu askeei.
Dirua berreskuratzeko AEBetako gobernuaren plana, iluntasunean txistuka jotzea da, besterik ez: planak bankuei «zorretik beren bidea irabaztea» esan die, beren produktutik gehiago salduz , hots, kredituak luzatuz, alegia, zorra handituz. Izan ere, zor orokorra areagotzen ari da.
Paulson-en hitzetan ez da eskatzen erregulazio eta kontrol publiko gehiago, alderantziz baizik: Wall Street-ekiko kapitulazio bat da, zor handiago eta sakonago baten ildoa irekiz, bankuei animatzen baitzaie «zorretik beren bidea irabazteko», hori noski, gainontzeko ekonomiaren kontura.
Mailegu gehiagok higiezin errealeko merkatuak eta burtsa-merkatuak birpuztuko ditu, zor-deflazioa berriz azalduz, benetan fenomeno kaltegarria .
Hortaz, berriz ere, Hudson-ekin batera hauxe esan behar: zorrak ezabatzeko legeak behar dira, ez ekonomia osorako interesa daramaten zorrak areagotzeko mailegu txar gehiagorik. Maileguak ekonomia errealera zuzendu behar dira (azpiegituretara, industriara, zerbitzu sozialera, hezkuntzara, osasungintzara, …), baita kontsumora ere. Inondik inora espekulaziora.
Zenbat aldiz errepikatu behar da lelo hori? Ikasiko ote dugu inoiz?
7. Klase-borroka globala
Industriaren eta finantzaren arteko borrokak zutik dirau . Borroka horrek zenbat eta lan-indarrari errenta gehiago gutxitu orduan eta gehiago itotzen du kontsumo-ondasunen merkatua.
Baina zorrek finantzaturiko burbuilek ezin dute urte asko iraun, nahiz eta akzio-prezioko inflazio batek beraiek elikatu. Kasu, behin etxegintza- eta hipoteka-burbuila lehertu, jolasa bukatu zen. Jolasa bukatu da ez soilik AEBetako ekonomiarako, baizik eta atzerritar ekonomietarako ere, zeintzuek beren barneko produkzio industriala AEBetako merkatua zerbitzatzeko erabili duten, ez beren merkatuak elikatzeko. Oraingo mehatxua atzerapen industrial globalari dagokio, eta segituko du harik eta atzerritar barneko merkatuak bertako industriak elikatuko dituen arte.
Lanean ari den dinamika ulertzeko, ordainketa-balantzari begiratu behar zaio -ez merkataritzaren beraren balantzari, baizik eta azken bi hamarkadetan truke-tasak menperatu dituzten moneta-espekulazioari eta nazioarteko diru mailegatzeari .
Truke-tasek ez dute gehiagorik islatzen alokairu erlatiboen mailak, ‘erosteko ahalmenak’ edo bizitza-kostuak, iraganean egin zuten moduan. Egun, nazioarteko mailegatzearen fluxua islatzen dute, non interes-tasak baxuak diren eta gero, kreditua tinko den guneetan, tasa garestiago batean mailegatu egiten diren. Modu horretan, ordainketa eta moneta-balioen balantza ‘post-industrializatua’ izan da, barneko ekonomiak berak izan diren modura. Barneko merkatuetan hazkunde industriala babestu eta sustatu barik, gobernuak, munduan zehar, ‘aberastasun sormeneko’ finantza-estrategia ‘post-industrialari’ eutsi diote. Enpresa txikiak deuseztatu dira bankuek kreditua luzatu ez dietelako, atzerritar espekulatzaileak kreditu merkeak eta errazak jasotzen zituzten bitartean. Horixe izan da kapitalismo industrialaren eta finantza-kapitalismoaren arteko etengabeko borroka .
Bankuak salbatzen dira, ez AEBetako industria, ezta AEBetako langilea edo eta kontsumitzailea. Enplegua areagotu barik (gobernuak industrian, azpiegituretan eta zerbitzu sozialetan inbertitu gabe) AEBetako Altxor Publikoak eta Fed-ek bankuei dirua hornitzen diete, AEBetako finantza-sistema bermatzeko.
Ekonomialari batzuek (Zerlenga, Hudson, …) salatu dutenez, sektorerik aberatsenei (gaur egunean sektore finantzarioari) dirua emateko politikak, aberastasunaren kontzentrazioa dakar, besterik ez. Egungo finantza-erreskateko jarduerak ezin du luzaro bizi, ekonomia ‘erreala’ itotzen den bitartean.
Hona hemen Hudson-ek dioena :
a) Mundua bira ideologikoaren aurrean egon daiteke.
b) Europako oligarkiak ikusi nahi duen azken gauza lan-indarraren maila altuagoa bat da; gauza bera gertatzen zaio AEBetako klase finantzarioari.
c) Europa eta Asiak beren fedea jarri dute AEBetako kontsumo-merkatuan, ez beren merkatuan.
d) AEBetako finantza-sektoreak aurreko jarrera liluragarri aurkitu zuen kontsumoa zorren bidez finantzatu zen artean, ez diru gehiago irabazten zuten edo zerga gutxiago ordaintzen zuten langileen bidez.
e) Munduan zehar, politikariak eta industria-gizonak hain gogor egon dira lan-indarraren aurka ezen itxaropen gutxi dago bizitza-estandarrak altxatzeko, alokairu-maila altuagoen bitartez; edo eta lan-indarretik eta industriatik zergapetzea jabegora igarotzea, non zerga politika progresiboak erabili ohi baitziren.
f) ‘Ekitate maileguek’ zor hondarra utzi dute, zeina orain ekitate negatibo bilakatu den, oraindik berrordaindu behar diren maileguekin. Horrek gutxiago utziko du kontsumorako.
g) Hortaz, AEBetako kontsumo-gastua gutxituko da zeren (1) ez baita egongo hipoteka erraz gehiagorik, ezta kreditu-txarteleko krediturik ere; (2) kontsumitzaileek iraganeko maileguak berrordaintzen duten heinean, zor-deflazioa agertuko baita; eta (3) enpresen itxierak eta lanpostuak galtzeak alokairu-errenta gutxitzera baitaramate.
Kontsumitzaileen gastu gutxiagoak esan nahi du AEBeta eta atzerritar fabrikatzaileen salmenta gutxiago -batez ere dolarraren kontra moneta handitzen deneko herrialdeetan, kasu Japonian). Salmenta gutxiagoek irabazi gutxiagoak esan nahi dituzte, hortaz salgaien prezio baxuagoak. Salgaien merkatuan, prezio/irabazi ratioak gutxitzen dira burtsa-merkatuko espekulazioa bultzatu zuen kreditua mozten den heinean. Hortaz, prezio/irabazi ratioen eta irabazien gutxitzeek esan nahi dute gutxiago dagoela denominadorean (irabaziak) prezioetan biderkatuak izateko (kapitalizatutako irabaziak indarrean dauden interes-tasan).
Atzerritar esportatzaileak AEBetako eskariaz jakitun egongo direnean, noiz ariko dira Europa eta Asia beren barneko kontsumo-merkatuei begira produzitzen, alternatiba gisa?
Lehen arazoa hauxe da: Chicagoko eskolaz doktrinatuak izan diren banku zentraletako nagusien ideologia gainditzea. Jakina denez, Chicagoko eskolakoak lan-indarraren (eta are industriaren) kontrako borroka finantzarioan ari dira. Hortaz, banku zentraleko nagusiek beren lan-indarraren aurkako ideologia neoliberala baztertu behar dute eta ikusi ezen ongi hazitako barneko merkaturik gabe, beraien guneetako enpresa industrialak desagertuko direla.
Irtenbidea sektore politiko berri batetik etor daiteke, lan-indarraren interesak (eta are industriaren interesak) islatuko dituen politika berri batetik, zeren barneko merkatuak berpiztu behar baitira.
Aro berri baten aurrean egon gaitezke. Politikak du hitza.