Suntsiketa faxistaren 70.urteurrena

Otxandio izan zen 1936ko gerran hegazkin eraso gogorra jasan zuen lehenengo hiria. Uztailaren 22an gertatu zen, goizean, herriko jaietan, eta 57 pertsona geratu ziren Andikonako plazan hilda. Gerra hastearekin batera hainbat gudu hegazkin heldu ziren Italiatik eta Alemaniatik, Savoia-81 italiarrak eta Junker-52 eta Heinkel-51 alemanak batez ere, eta laster ikusi zen airea menperatzen zuena izango zela azkenean irabazlea. Otxandion hasitako taktika, populazio zibilaren kontrako hegazkin-erasoa, Irunen, Donostian eta beste hainbat hiritan eraman zen aurrera, baina Durangon eta gero Gernikan gauzatu zen gogorren.

Gerra hasi zenean, Durango herri lasaia zen, mendiz inguraturiko haran zabalean. Handik pasatzen zen Donostiatik Bilborako bidea, eta Gasteizera doana Urkiola gainetik, eta Elorriora doana Abadiñon zehar; eta trenbideak ere pasatzen ziren bertatik.

Ez zen handia Durango, 8.797 biztanleko errolda zuen, baina gerrarekin iheslari asko etorri zen Nafarroa, Gipuzkoa eta Araba aldetik batez ere. Politikaren alorrean, tradizioz jasotako karlismoarekin identifikatzen zen jende gehiena. Gerra hasi zenean, Durangoko Udalean bi zinegotzi bakarrik ziren Frente Popularrekoak, hiru Alderdi Jeltzalekoak eta zortzi tradizionalistak; gehi alkatea, Adolfo Uribasterra, hau ere karlista.

Gerrapean ez zen gertaera bereziki ankerrik ezagutu Durangon, 1936ko irailaren 25ean gertatu zena salbu. 11.00ak aldera, Gasteiztik heldutako hegazkinek hainbat bonba jaurti zituzten Durangora. Bonba horietako bat Ezkurdiko frontoira jausi zen, Gipuzkoa aldetik heldutako iheslari ugari zeudela bertan. 12 hildako eta zauritu asko jaso behar izan ziren. Iheslari haiek eta milizianoek berehala hartu zuten mendekua, bide errazenenetik. Durangoko udal-kartzelara joan ziren, zaintzaldian zegoen mutila lotu, presoak ziegetatik atera, Santi Kurutzeko kanposantura eraman eta bertan hil zituzten tiroka. 22 preso akabatu zituzten, uztailaren 18an matxinatzeko prest egondako erreketeak gehienak. Presoetatik bakar batek salbatu zuen bizitza: Feliciano Lebariok. Udaletxeko idazkaria zen eta, karlista militantea zelako preso egon arren, udaletxean lan egiten uzten zioten, beharra egin ondoren kartzelara itzultzeko tratuarekin. Irailaren 25 hartan, bonbardaketan eta gero kartzelan zer pasatu zen jakinda, Feliciano

Lebariok kartzelara itzuli beharrean ihes egin zuen eta Orozketa aldeko baserriren batean geratu zen ezkutatuta luzaroan, harik eta udaberriarekin karlistak Durangora irabazle sartu ziren arte.

Neguan gerra frontea Kalamuan, Intxortan eta Otxandion egonkortu zen. Durango, tropen pasalekua izan eta kaleetan barrena automobil eta iheslari ugari ikusten zen arren, nahiko lasai zegoen. Jakina zen erasoaldia zetorrela baina, gauza izugarriekin gertatzen denez, jakinaren gainekoa ere ustekabekoa suertatu zen gertatu zenean. Egun haietan karlistak goizero joaten ziren mezetara erreketeen banderak sortaldetik heltzen ikustearen alde errezatzera, milizianoak Foto Germanera sartzen ziren erretratuak ateratzera euren buzo lohi eta arma zakarrekin, eta abertzaleek Aberri Eguna jaitu zuten azkenengoz 1937ko martxoaren 28an. Bezperan batzokiko txistularien kalejira eginda, igande goizean Andra Mari elizan meza eman, eta meza ostean txistulariak hasi ziren. Gero pilota partida, Kirikiño Batailoiko Municha eta Ormaechea Ibaizabal Batailoiko Iturriaga eta Totoricaren kontra, eguerdian Durangoko udal bandaren kontzertua eta arratsaldean erromeria. Azken Aberri Eguna izan zen eta hiru egunera heldu zen tragedia.

Tragediaren prestaketa lanak nabarmenagoak ziren beste aldean. Erreketeen Iruñean, gerra egun tamalgarri haietan idatzi eta oraintsu argitaratu den «Gerla urte gezur urte» egunkarian, Fermin Irigarai Larreko-k ez zuen bonbardaketaren bezperako frankisten atzeragoardiako giroa tristurarik gabe azaldu: «Bazko ondoko egun oketan gudulari-igitze gaitza bazterretan; diotenez Bizkaia aldean aitzinatu gogo dute eta aitzinaldi ori egiteko prestamenak egiten ari dire; gudariketa gaitza bildu omen da Mondragon, Elgoibar, Bergara, Motriko, Eibar eta berdin Araba aldetik; gaur Epaillak ogeitamar egun ditu; Jainkoak begira gaitzala!».

Emilio Mola jeneralak erasorako propaganda orriak inprimatzeko agindu zuen, eta mezua hauxe zen: «Si vuestra sumisión no es inmediata, arrasaré Vizcaya, empezando por las industrias de guerra. Tengo medios para hacerlo».

1937ko martxoaren 31 zeregin askorekin argitu zen Soriako airedromoan. 07.00etan, Soriatik hegazkinak aireratu eta laster 1.800 metrora igo ziren Errioxara bidean. Bonbardaketa astuneko 24. taldeko 213 eta 214 eskuadrilakoak ziren. Savoia S-81 hegazkin sendoak egokiak ziren bonbardaketak egiteko: 700 kilometro orduko abiadura, 1.000 kilometroko joan-etorriak egiteko eta, batez ere, tona bat bonba eramateko ahalmena. Eta lehergailuz ia beterik zihoazen.

Operaziorako agindua «U. Marelli» izenez sinatu zen. Marelli hau Aviazione Legionaria-ko Ferdinando Raffaelli koronela zen, 21. bonbardaketa-eskuadrako komandantea. 24. eskuadrako burua Igino Mencarelli zen. Eskuadrila haiek saguzarra zuten izen eta sinbolotzat, Pipistrelli deitzen ziren eta hegazkinen buztanean saguzar zuriz pintatua zeramaten zirkulu beltzaren barruan.

08.00ak aldera, Errioxako zeru zabalean, Savoia S-81 altzairuzko saguzar erraldoi haiei Logroñoko airedromotik heldutako Fiat CR-32 modeloko 18 ehiza-hegazkin inguratu zitzaizkien. Bonbaketari astunak ehiza-hegazkinekin elkartu eta, formazioan, 1.600 metroko altuera mantenduz, Idiazabaleraino heldu ziren. Egun oskarbia zen eta eguzkia bizkarrean izatea komeni zen. Idiazabal gainean bira eman eta eskuadrila bakoitzak bere helbururantz hartu zuen: 213. eskuadrilako bost hegazkin, Victtorio Cannaviello buru zutela, Elorriorantz joan ziren, eta 214. eskuadrilako beste bost, Gildo Simini buru zutela, Durangorantz.

Elorriora 50 kiloko 88 bonba utzi zituzten jausten. Durangora ere 214. eskuadrila sortaldetik sartaldera sartu goizeko eguzkiarekin ez itsutzeko, Kurutziagatik aurrera hiriaren diagonalik luzeena egin eta, bonbardaketako lau hegazkin handi haiek, 50 kiloko 80 inguru bonba bota zituzten.

1937ko martxoaren 31 zen eta eguna ez zen seinale bereziekin argitu. Gerrako ohiko kalteak bakarrik: hiru zauritu ekarri zituzten autoz egunsentiarekin batera Otxandio aldetik Durangoko ospitalera, laugarren bat bidean hilda. Erizainak haiei hirurei laguntzen ari zirela entzun ziren Santa Anako kanpaiak alarma deika, sei kanpaikada. Baten batzuk lo egongo ziren oraindik, baina jende gehiena etxetik kanpo ibiliko zen, lanean zein elizan. Jendeak ez zien kanpaiei jaramon handirik egin. Egunak ziren nazionalen hegazkinek orriak botatzen zituztela mehatxu larriekin, errenditu ezik goitik behera suntsituko zutela Bizkaia osoa, baina orriak baizik ez ziren eta inork ere ez zuen gertatuko zena espero.

Gero Santa Anako kanpaiak hasi ziren etenik gabe jotzen, errepikan, eta orduan gordelekuetara sartu ziren baten batzuk, beldurturik, baina ez zegoen gordeleku haietan babes handirik, sotoak baizik ez ziren, edo aterpeak, lur zaku batzuen laguntzarekin eta gutxi gehiago. Orduan, sirena ere entzun zenerako, 13 hegazkin ikusi ziren sortaldetik Abadiño gaineko zerutik zetozela, eta ikusgarriak izango ziren goizeko eguzkiaren errainuen kontra.

Teodoro Bereziartuak honela kontatu zuen ikuskizuna: «Ba ikusi nabezan aireplanuek etorri ziena, lau aireplano nausixek eta beste hiru edo lau txikixek, da hasi zien ba bonbak soltetan eta guk pentsau gañun papelak ziela lenengotan, baña ez, gero, papelak barik, belozidadie hartu abien haundixaue, eta esan gañun bonbak bonbak diez…».

Lau hegazkin astun bonbardaketakoak eta bederatzi arin ehizakoak. Hegazkinak Kurutziagatik hasi ziren, goizeko eguzkia bizkarrean helburuak argiago ikusteko. Andra Mariko kanpandorrea erreferentzia segurua izango zuten horrela Durango luzeen ibiltzeko Ezkurdi eta tren geltokiraino.

08.30ak aldera gertatu zen tragedia. Rafael Cuevas mezamutil zegoen Andra Mari elizan, 12 urte zituen orduan, eta betiko gogoratuko zuen bonbardaketaren une zehatza: «Sagararen bigarren eta hirugarren txilinen artean».

Kurutziaga kalean, 34, 36, 38 eta 40. zenbakidun etxeak zeharo hondatu ziren. Bada erretratu bat auto bat arbola baten kontra geratua kale suntsituan. Kurutziagako etxe bat bete-betean hartu zuen bonbardaketak eta jabeak hil ziren; miliziano batzuk ere bazeuden etxean, baina sukaldean, eta sukaldea izan zen leherketa heldu ez zen leku bakarra. Kortan ere behi bat hil zen.

Kurutziagako gurutze zaharra apurtuta geratu zen eta Jesuiten San Jose elizaren dorre horizta deigarriaren kontra ere jausi ziren bonbak. Jesuiten ikastetxeko parte bat Kirikiño Batailoiko gudariek okupatua zuten. Bonbak elizaren gainera jausi ziren; lau horma eta aldare nagusia besterik ez ziren geratu. Meza zen; Rafael Villalabeitia abadea, ostien kopa eskuan, komunioa ematen ari omen zen mezamutila alboan zuela, eta Kirikiño Batailoiko gudari bat ari zen memento hartan jauna hartzen. Han aurrean belauniko egongo ziren fededunak, alarmak eta zaratak entzun arren sakratuan eta babespean zeudela sinetsirik. Sabaia, arkuak, habeak, koroa, organoa, koloretako beirateak, dena fededunen gainera jausi eta gero, hondakinen azpitik 50 bat atera zituzten hilda, emakumeak asko, baina gudariak ere bai, bertan meza entzuten zeuden 18 gudari hil zirelako. Jesuiten erretorea ere hantxe omen zegoen, aitorlekuaren barruan, bekatuak entzuten emakume bati. Suntsidura entzun eta zurezko kabina hartatik harriturik irten zen erretorea, zauririk gabe bera, hondamendia ikusteko eta emakume hura eliza hondatutik hilzorian ateratzeko.

Andra Mari elizan ere meza zen. Carlos Morilla abadea ari zen meza ematen, eta Rafael Cuevas gaztetxoa zegoen mezamutil. Carlos Morilla asturiarra zen eta Asturias aldea apezentzat arriskutsua izan zitekeelako etorri berria zen Durangora, bertan notarioa zen bere anaiaren etxera. Emakume asko omen zeuden mezan, eta haiek ere belauniko egongo ziren, sagaratzearen mementoa zelako, bigarren eta hirugarren txilinen artean. Kaliza gora zuela erori zen sabaia koroarekin eta horma batzuekin batera abadearen eta jendearen gainera. Aldare barrokoaren gainaldean, gurutziltzatuak berak ere eskumako besoa galdu zuen, egur eta guzti. Hagak, teilak, horma zatiak, aulki apurtuak, hautsak, kristalak, kalizetik eroritako Kristoren odolarekin nahastu ziren, itzelezko zabortegia bihurturik dena. Santu batzuk hormen kontra geratu ziren, teilaturik gabe orain, lehenengoz ikus zezaketen zeru zatiari begira. Hautsa eta kea ezabatu ahala, gora begira geratu ziren santuak, begiak harriturik, udaberriko zeru zati oskarbiari begira, axolagabetasun infinituarekin.

Andra Mariko arkupean merkatua zen, Merkatu Plazako esparrua auto militarrentzat hartuta zegoelako, eta haren gainera ere jausi ziren bonbak. Sabai zabalaren haritzezko hagak apurtu eta teilatu guztiarekin erori ziren. Barazkiz edo esnez zamatuta heldutako astoak hilda zeuden lurrean, eta gurdiak suntsiturik.

Santa Susana komentuan 11 moja agustindar hil ziren, eta haientzat lanean zebilen neska bat ere bai. Batailoi komunista bat omen zegoen Santa Susanan. Bonbardaketa alarmak jo zuenean, mojak hango txabola batean ezkutatu ziren arineketan, txabola barruan babespean zeudelakoan, eta errezatzen hasi ziren harik eta lehergailuetako bat haraxe jausi zen arte. Hau irakur zitekeen biharamuneko «Eguna» kazetan: «Biotz garbi eta gogo zuridun neskuts ezkutuok ezeben asko uste eurekana kristarrak direla diñoenak bonbarik jaurtiko ebenik».

Komentuaren alboko etxeak ere erdi hondaturik geratu ziren, teilatu hondatu eta horma kaltetuekin. Alarmak, hegazkinen soinuak, bonben txistuak, eta eztandak, denak ia aldi berean gertatu ziren: jendeak ez zuen halako bonbardaketarik espero eta arrapaladan hasi ziren denak kaleetan barrena etxe zati jausien artetik itsumustuan, inork aurrez esan ezineko moduan.

Begoña Erdoizak honela ikusi zuen, 16 urte zituela, Batzokiko eskailerapetik irtenda Ezkurdi aldea: «Ezkurdi eguen billurre emoteko moduen, umiek hildde eskolarantza duezela, maletak lepuen da, beste gizonezko bat arbolapien geratu, da, arbolie zelan apurtu zan, bertan zatittute».

Zuhaitz adarrak, kableak, umeak, maletak, gizonezko bat arbolapean, lurrean zehar dena. Miren Itziar Erdoiza ere han zebilen: «Dana apurtute, ta handik ba martxau, ja hasi ginen martxetako, preparau, Andra Marirantza, bañan dana eguen apurtute, pasau be ezin egin, dana billurre ta dana estukurie, da gero ostetik zelan barriro urtetan zien, ba añeketan, ahal zan moduen añeketan».

Horrela pasatu ziren hegazkinak Durango gainetik, hegaldi bakarra eginik. Bonbaketari italiarrek bonbardaketaren mementoa fotografiatu egin zuten, gainera, argazki panoramiko eta planimetrikoz. Argazki horietako bat ezagutzen da, hiria leherketa-onddoz josirik ikusten dena.

Orduan, bonbak gutxi zirelakoan hondamendirako, ehiza-hegazkinak 400 bat metrora jaitsi eta jendea metrailatzen hasi ziren. Fiat CR-32 modelokoak ziren, jendeak «kazak» deitzen zituen, «Eguna» egunkarikoek «izkilazkarrak», eta ehiza-hegazkin hauek etxeen hormak eta landetan zehar ihesean zebilen jendea metrailatu zituzten.

Une batzuk beharko zituen jendeak suntsidura hura guztia benetakoa zela ikusteko, kalkulatzeko eta gogoan kargatzeko. Horma apurtu eta haga jausiek eragindako hautsa zegoen airean, eguzkiak zeharkatzen zuen. Andra Mari, Kalebarri, Goienkale, Artekale, Barrenkale, hildakoak eta zaurituak zeuden bazter guztietan, etxeak kalteturik eta, hondakinen artetik, gorputz zatiak ikusten ziren, eta kexuak. Izu-ikara gainditu eta jendea mugitzen hasi zen. Maite zuen jendearen bila bakoitza, itzeleko larritasunez. Eta jendearen ibilera entzun zen, ibili ahala teila eta kristal zatiak zapaltzen zituelako.

Ezkurdiko etorbidean auto bat suak hartuta eta erretzen ari zen astiro. Erreskatatze lanak hasi ziren orduan hildakoak altxatu eta kanposantura, zaurituak jaso eta ospitaletara eramateko.

Hildakoak eta zaurituak

Durangotik Bilborako bidea abiadan pasatzen ziren Osasun Militarreko anbulantziez eta zaurituz kargaturiko auto partikularrez ere bete zen. Bilbon ere begi-bistakoa zen frontean zerbait gertatu zela, bandera zuri gurutze gorridunek endredatzen zutelako zirkulazioa Durangotik Basurtoko ospitalerainoko bidean.

11.00etan berriro agertu ziren hegazkinak Durangora. Oraingoan, gainean ibili eta hiriari begiratu besterik ez zioten egin, aurrekoan egindako hondamendia ikuskatzeko bakarrik beharbada. Baina jende asko beldurtu eta abiatu zen ihesean. Antonio Trueba foruzainak pistola altxatu eta Andra Mari elizan erreskatatze lanean ari ziren lagun batzuek behartu omen zituen ihes abiatzekoa egin zutenean hondakinak ateratzeko lana jarraitzeko, hondakinen azpitik intziriak entzuten zirelako artean. Eta Rafael Cuevas agertu zen bizirik handik azpitik, Carlos Morilla abadearen gorpuaren alboan.

Gorpuak polizia militarrek eta Euzkadiko Gobernuaren ordezkariek jaso zituzten. Eszena lazgarriak ikusiko ziren, batez ere Santi Kurutzeko kanposantuan lurrean etzanda ikusgai jarri zirelako hildako saldoak, gorpu bakoitza identifikatzeko. Hantxe zeutzan bata bestearen alboan, zurbil, urdinduak, odol hariak sudurretik edo ezpain okertuetatik, arropak ere urraturik. Jendea etsiturik heltzen zen ea familiako edo lagunen bat ezagutzen zuen, eta gorpuen identifikazioa ezinezkoa zen batzuetan.

Josepa Arangurenek, orduan 24 urte zituen lekukoak, honela kontatu zuen bere bilaketa lazgarria: «Ba ni be atara nintzen, zelan osabie be hil zan, eta etorri nintzen kanposanture, eta gure neban topau osabie, ba aber nik topetan neban da, denak eguezan, kanposantue dana gorpuz beterik, danak trabes, danak illadan ipinitte, eta bakoitzak beriek ezautu ezinik, eta danak han ibiltzen giñen, eta halakoren baten, ezin neban topau, eta enaban topetan, pentsetan neban derrigor hanketatik ezetu binabela ze oinetako diferentiek erabiltze abezan berak beti, baina gixajuek hanka bixek falta zittuen eta ezin izen naben ezetu, eta esaostien, ba eztau hemen gure osabie esan notzen bateri, eta bai badau, etorri zaittez neugaz, eta harexek eruen ninddun, eta klaro, ba ezautu neban, aurpeixe euken sano garbi garbirik eta oso osorik eguen, baña hanka bixek falta zittuen».

Santi Kurutzeko kanposantuan 64 hildako zenbatu ziren lehenengo zerrendan eguerdirako. 127 hildako kontatu ziren arratsalderako. Eta luzatzekoak izango ziren zerrendak. Batzuk izen abizenez apuntatu ziren, beste batzuk ezezagun legez. Hobi komunerako egin zen zerrenda ikaragarria da, eta lerro batzuk transkribatuko ditugu bakarrik: «2 eta 3. Ezin dira identifikatu; gizonezkoak ala emakumezkoak diren ere ezin da jakin». «29. Gizonezkoa, arotza edo ebanista ematen du, daukan apunte koadernoagatik». «39. Bi edo hiru urteko kreatura, emea. Identifikatu ezinekoa». «42. Mutila. Lauren bat urte. Jertse eta galtzetinak gorriak ditu, eta zapatak». «45. Florentina Larrizubiarrementeria. Abadiñon bizi zen. 5,85 pezeta ditu. Eta arrazio libretak». «73,74,75. Uriarte familiako hirurak, senarra, andrea eta kreatura txiki bat». «86. Dolores Arroitajauregi. Sati Kurutz kalekoa». «87. Ana Maria Barrueta Arroitajauregi. Santi Kurutz kalekoa». «88. Josefina Barrueta Arroitajauregi». «127. Abadiñoko abadearen ama».

Arratsaldean, 17.45ak aldera, Santa Anako alarma kanpaiak entzun ziren berriro. Tragediaren errepika izango zen, Soriatik heldutako zortzi hegazkin astunek bonbardatu zuten berriro Durango, beste hiru hegazkinek Elorrio erasotzen zuten artean. Bonbaketari astunak Logroñoko 15 ehiza-hegazkinekin etorri ziren oraingoan ere. Arratsaldeko bonbardaketa honetan kanposantura daraman zeharkalea bonbardatu zuten batez ere, ospitalera arte.

Eta jendea hiltzeko leku aproposa suertatu zen zeharkale hori, jende ugari zebilelako ordu horretan kanposantutik ospitalera eta ospitaletik kanposantura goizeko zaurituen eta hildakoen bila. Santa Susanako beste bi moja ere hil ziren arratsaldean, goizekoekin batzeko. Savoia S-81 hegazkinen bonbardaketa izan zen, 50 kiloko 36 lehergailu bota zituzten eta 100 kiloko 22, baina oraingoan ehiza-hegazkinek hartu zuten protagonismoa. Hegazkin astunetatik hiruk tren geltokia izan zuten helburu, 100 kiloko 13 lehergailu, 50 kiloko 20 eta 15 kiloko 56 bota zituzten hara. 15 kilokoak su-eragileak ziren eta, Ferrocarriles Vascongados enpresaren tailerrak eta hainbat bagoi suak hartuta geratu ziren.

Baina oraingoan protagonismoa ehiza-hegazkinek hartu zuten, «kazek», «izkilazkarrek». 33 izan omen ziren, informe frankisten arabera, eta hiritik ihesean zihoan jendea metrailatzen jardun ziren luzaroan Durango inguruko auzo eta landetan, Montorreta, San Roke, Landakon barrena. Jendearen atzetik jaisten omen ziren, iheslariak goitik behera metrailatu eta esku-bonbak jaurtiz.

Honela kontatu zuen Begoña Erdoiza lekukoak: «Etorten zienien kazakuek ba sartzen giñen zubixen azpixen eta zubixen azpixen egozan losak ipinitte, ba, uren ganetik ezin gintzezan ibili eta harri batzuk bota ta hantxe, ta martxetan abienien ba barriro kanpora, eta lar jente plantetan bagiñen ba beste batzuk piñudixetara, baña gero piñudixek eta ametralletan zelan hasi zien ba gero billurtu egiten ginen, eta holan egon ginen gu ba hainbat egun».

Lekukoen arabera,defentsa gabezia hainbestekoa zen, hegazkinetatik metraileten munizioaren kaxak ere bota omen zituzten jendearen gainera.

Bonbardaketa honetan, Santi Kurutzeko kanposantuan zegoen jende askok panteoietan ezkutatu behar izan zuen, eta hildakoak geratu ziren kanpoan, formazioan, zerura begira, beldurrik gabe.

Horrela hasi zen gaua, Durangon sekula bizi izan den gaurik larriena beharbada. Argindarra amatatu zen, Defentsa Batzordeak kriseilurik edo surik ez iziotzeko agindua eman zuen gauez etor zitezkeen bonbaketariei erreferentziak kentzeko, eta jendeak ilunetan pasatu zuen gau ikaragarri hura, gero Europa osora zabalduko zen samin, izu eta itxaropen gabezia guztiarekin. Kalean jende gutxi zebilen, gorpuen eramaileak bakarrik, eta gorpu bilatzaileak. Defentsa Batzordearen agindua alde batera, kriseiluekin ibiliko ziren, zelan aurkituko zituzten ba bestela bilatzen zituztenak. Mamuen moduan pasatuko zen jendea, berbarik gabe, edo berbak dei bihurturik, tontotuta bezala.

Munduko gaurik luzeena eta tristeena izan zen jende askorentzat, Federiko Belaustegigoitiarentzat esate baterako, kandela baten alboan pasatu baitzuen gau hura. Federiko Belaustegigoitia argizarizko kandela iziotu eta haren argi mendrearen argitan egon zelako eguna joan zenetik luzaroan, gauerdira arte. 17 urteko alaba galdua zuen goizean, Itziar deitzen zena, eta iloba bat ere bai, 22 urtekoa, Arantxa, Arantxa Malaxetxebarria, neskato biak elkarrekin Jesuiten elizan zeudela meza entzuten.

Eta hurrengo goizean itzarriko ziren suntsidura berriz ikusi eta sinetsi ahal izateko. Hormak erortzear, kristaleriak mila zatitan, odola lurrean barreiatua. Eta erreskatatze taldeak antolatu ziren gorpuen bila jarraitzeko hiriko hondakinen azpian eta inguruetako soro-landetan, biziez eta hildakoez aparte desagertuak ere bazirelako. Hiru edo lau egun geroago ere agertu ziren hildakoak.

Planifikazioa

1937ko martxoaren 31ko erasoaldia eta Durangoko bonbardaketa ez ziren gerra gehiegikeria aldrebes eta zentzugabeak, estrategia militar eta politikoaren testuinguruan arrazoiaren arabera planifikaturiko pausoak baizik. Gupidagabeak baina logikoak, eta horixe da beharbada tristeena, Durangoko bonbardaketa planifikazio tekniko baten ondorioa izatea.

Emilio Mola izan zen gerra zibilaren benetako «zuzendaria», eta hari zor zaio gerra-leku nagusia Guadalajara aldetik Euskal Herrira lekualdatzea, arrazoi ekonomiko, militar eta politikoengatik. Ekonomikoki inportantea zen, euskal herritarren kontrako frontea gaindituz gero industria siderurgikoa kontrolatu ahal izango zelako. Militarki bideragarriagoa zen, Alejandro Goicoechea otsailean Bizkaiko defentsa-gotorlekuen plano guztiekin heldu zenetik arerioen puntu ahulak hobeto ezagutzen zirelako. Politikoki ere derrigorrezkoa zen euskal herritarrak mapatik desagerraraztea, nazioarteko oihartzunari begira espainiar nazionalistek erlijioaren defendatzaile eta komunismoaren kontrako gurutzatutzat agertu nahi zutelako, eta euskal herritar katolikoak Errepublikaren alde agertzea kaltegarria zitzaielako mezu hori indartzeko. Beraz, tropa italiarrek Guadalajara aldean jasandako desegigoen ondoren, 1937ko martxoan, Francisco Francok operazio militar nagusiak Bizkaiko frontera ekartzeko agindua eman zuen azkenean.

Ejercito del Norte» delakoaren komandantea zen Emilio Mola jenerala erasoaldirako planak zehazten hasi zenerako, argi zegoen fronte horretan aurrera egiteko aire armadak izango zuen garrantzia. Aireplanoz nagusitzen zenak irabaziko zuela gudua pentsatzen zuten militar espainolek, Juan Vigon eta Alfredo Kindelan-en arteko gutunetan azaltzen zenez. Juan Vigon Brigadas de Navarra gogorren komandantea zen eta Alfredo Kidelan aire armada frankistaren burua. Bizkaiaren kontrako erasoaldiaren planifikazioan Emilio Mola, Juan Vigon eta Alfredo Kindelanez aparte, alemanek ere parte hartze zuzena izan zuten. Wolfram von Richthofenek eta Legion Condor zelakoaren logistika zerbitzuek egin zuten aire erasoen planifikazio teknikoa. Han zen Hugo Sperrle Sander ere, Legion Condor-ko komandantea, gero 1939an «Die Wehrmacht» aldizkarian azaldu zuenez. Eta Velani aire jeneral italiarra, armada italiarra berrantolatzen zen artean Gasteizera etorri zena.

Erasoaldi orokorraren atala zen Durangokoa. Prestaketak ikusi eta Fermin Irigaraik erasoaldi gogorra izango zela susmatu zuen euskarazko ohar gupidatsu hartan: «Jainkoak begira gaitzala!». Manuel Aznar kazetari frankistak, egiaren zerbitzaria ez zen arren, datu hauek eman zituen «Historia militar de la guerra España» liburuan: 50.000 soldadu eta 500 edo 700 hegazkinek parte hartu zutela erasoaldian.

Beraz, erasoaldia eta bonbardaketak agintari espainolek proposatu zituzten, alemanek zehaztu zuten planifikazio teknikoa eta, Wolfram von Richthofenen hitzez, Condor Legioarekiko «subordinazio lagunkoian» ari zen Aviazione Legionaria italiarrak egin zuen bonbardaketa, Soriako airedromotik eta Logroñokotik abiaturiko hegazkinez. Materiala ere elkarlanekoa zen, Durangon bota zituzten 100 kiloko bonbak italiarrak zirelako eta 50 kilokoak alemanak. Planifikazio eta aginduen katea zehazki dokumentaturik dago, Jon Irazabalek bere liburuan fotokopiaturik erakutsi duen paper honetan esate baterako: «Orden de colaboración del apoyo de las fuerzas aéreas con las Brigadas de Navarra el 31.3.37».

Apirilaren bian berriro

1937ko apirilaren 2an, 16.30ak aldera, berriro agertu ziren italiar bonbaketariak Durango gainera. Soria-Logroño-Gasteiz-Otxandio-Durango izan zen airebidea oraingoan. Bonbaketari astunei Fiat ehiza-hegazkinak Gasteiz gainean batu zitzaizkien. 213. eskuadrilako hiru hegazkin joan ziren beste hainbat bonba jaurtitzeko Mañaria gainera. Beste hiru Savoia S-81, 214. eskuadrilakoak, 100 kiloko 10 lehergailu eta 50 kiloko 36 deskargatzeko pasatu ziren Durango gainetik.

Geltokia izan zen helburuetako bat, bonba su-eragileak ere bota zituzten eta suak trenen tailerrak hartu zituen. Batzokia eta Ezkurdi aldea ere eraso zuten, eta Berrioren oinetako fabrika, eta Merkatu plaza, eta Andra Mari ingurua. Ospitalea ere bonbapean geratu zen, Gurutze Gorriaren sinboloa errespetatu gabe, hainbat moja eta erizain zaurituz. Baina hildako gutxi izan zen oraingoan, jadanik jende gutxi geratzen zelako Durangon. Ospitaleko mojak, suhiltzaileak eta hondakinak biltzeko lanetan ari ziren langileak hil ziren bakarrik.

Aurreko bonbardaketei buruzko albisteak zenbateraino ziren egia frogatzeko etorritako lekuko ingelesak izan zituen bonbardaketa honek. Hewet Johnson, Canterburyko dean edo burua; John MacMurray, Londresko unibertsitateko filosofia irakaslea, «Reason and Emotion» liburuaren egilea; Monica Whately, London County Councilekoa; Margaret Beer, idazlea; eta halakoak. Durangora ailegatu orduko ikusi zituzten hegazkinak hiriaren gainean jirabiraka, entzun zituzten hirira jausten ziren bonben eztandak eta egiaztatu zuten ehiza-hegazkinak ihesean eta gordeleku bila zebilen jendea metrailatzera jaisten zirela. Canterburyko deanaren lekukotasuna garrantzitsua izan zen nazioartean zibilizazioaren aldeko gurutzada katolikoaren argudio frankista desmuntatzeko.

19.00etan beste bonbardaketa bat heldu zen Andra Mari eta Santa Ana artera. Lehergailu su-eragileak ere izan omen ziren, eta suak hartu zituen Artekale, Goienkale eta Kalebarriko etxeak. Gau hartan tren berezi bat antolatu zen Bilborantz. Gauez atera omen zen jendea gordelekuetatik, trenera sartu eta Bilbo alderantz alde egiteko. Iheslariz beterik joan zen tren hori, eta argirik gabe.

Apirilaren 4an beste bonbardaketa bat izan zen. Durango ia hutsik zegoen ordurako, gerrako mamuentzat utzirik, jendea beste herri batzuetara edo inguruetako baserrietara joana zen eta hondakinak biltzeko lanetako beharginak geratu ziren bakarrik.

Durangoren kontrako bonbardaketak apirilaren 26ra arte mantendu ziren. Baina lehenengo bost egun haietako bonbardaketen ondorioak, Jon Irazabalen datu zehatzen arabera, hauek dira: 281 baino gehiago jaurtitako bonba astunak, 14.840 tona inguru gutziz lehergailutan; 336 hildako martxoaren 31tik apirilaren 4ra arte.

Baina Durangoren kontrako erasoak apirilaren 26ra arte jarraitu zuen. Otxandio aldean, nazionalen aurrerabideak aire erasoen laguntzarekin egiten ziren. Condor Legioak basoak ere bonbardatzen zituen bonba su-eragilez errepublikanoen erretirada behartzeko.

Apirilaren 26an Gernika bonbardatu zuten, Durangon hasitako saioen segida aldaketa esperimentalekin. Durangon bonbaketari astunek 1.500 metroko altueratik jaurti zituzten bonbak, Gernikan 3.600 metrotik, ez hiri batak ez besteak hegazkinen aurkako defentsarik ez zuten arren. Durangon baino askoz bonba su-eragile gehiago erabili ziren Gernikan. 50.000 kilo bonba jaurti omen zituzten 43 hegazkinetatik, eta hondamendia handiagoa izan zen Gernikakoa, milatik gora hildako, hiriko etxeen %70 zeharo suntsiturik, eta beste %20 kalteturik.

Messerschmitt-109 ehiza-hegazkinek metrailatu zituzten, lur-arraseko hegalaldiak eginik, ihesean zihoazenak.

Euzkadiko Gobernuak bonbardaketaren berri eman zuen, hurrengo egunetan munduan zehar zabalduko zena. Eta hala, Frantzian, Suedian, Txekoeslovakian, protestak ugaldu egin ziren. Durangoko bonbardaketari buruzko Euzkadiko Gobernuaren lehenengo bertsioa nahiko egiatia zela egiaztatu da denborarekin, puntu batean ezik, Durangoko bonbaketariak ez zirela alemanak, baizik eta italiarrak. Alemanak izan zirela mantendu da ia gaur egun arte, eta jakitekoa da italiarrak errugabetzen zituen bertsio horrek Juan Ajuriagerrak faxista italiarrekin 1937ko maiatzetik abuztura negoziatu eta gero Santoñan gauzatu zen errenditzearekin erlaziorik ote zuen.

Bando nazionalaren lehenengo bertsioa nahiko irudimendtsua izan zen. Gonzalo Queipo de Llano jeneralarena, Radio Sevillatik, erdaraz uzteko modukoa da Durangon zer gertatu zen argi konprenitzeko: «Nuestros aviones bombardearon objetivos militares en Durango, y más tarde los comunistas y socialistas encerraron a los curas y monjas en las iglesias, asesinándolos a balazos sin piedad y quemando después las iglesias».

Apirilaren 2an nazioarteko batzorde bat heldu zen Durangora suntsidura hurbiletik ikusteko. Bertatik bertara, beste bonbardaketa baten lekuko izan ziren. Egia argitzeko, garrantzitsua izan zen haien lekukotza, batez ere Hewlett Johnson, Canterburyko dean «gorriarena».

Apirilaren 8an, George L. Steer egon zen Durangon eta lehenengo «Times» egunkarian eta gero «The Three of Gernika» liburuan argitaratu zituen kronikak idatzi zituen: «Populazio zibilaren kontrako bonbardaketarik ikaragarriena izan zen memento hartara arte, gizadiaren historian ez zen halakorik gertatu 1937ko martxoaren 31 hartara arte».

Maiatzaren 17an, Jose de Arteche idazlea, jeltzale ohia, erreketeekin sartu zen Durangora eta ospitaleko erizain baten ahotik entzun zuen bonbardaketaz. Munduaren amaiera ematen zuela esan zion erizainak. Eta hildako gehienak eskumakoak zirela. Eta aita batek hiru seme-alaba galdu zituela egun hartan. Eta liberazioaren zain zeudenentzat izan zela gogorren egun hura, bonbapean berdin hil eta, gainera, jendea ernegatuta, imajina ezin daitekeen moduan ernegatuta, eskumako jendea hiltzeko eskatzen hasi zelako.

Claude G. Bowers, Ameriketako Estatu Batuetako kontsularen iritzia ere hor dago bere Espainiako memorietan; «Gero Durangoko herri txikiaren martirioa gertatu zen, 1937ko martxoaren 31n, populazio zuriaren kontra ezagutzen den bonbardaketarik izugarriena munduaren historian».

George Steer-en hitzak ziren, baina «populazio zuriaren» zehaztasunarekin. «Populazio beltzaren» kontra italiarrek, eta George Steer-ek ere ondo ezagutzen zuen hori, Abisinian aire eraso eta sarraski gogorrak eginak zituztelako.

Bando nazionaleko bozeramaile eta historiagileen joera nagusia gertaerak minimizatzea izan zen. Manuel Aznar, Juan Vigon, Jesus Salas Larrazabal eta halakoentzat Durangon ez zen ia ezer gertatu. Ezer egin bazuten, gune militarren kontrako erasoa izan zen, eta gainerako guztia propaganda gorria litzateke.

Jesus Salas Larrazabalek 1970ean argitaratutako «La guerra española desde el aire» liburuan, Durangoko bonbardaketa aipatu ere ez zuen egin, artean gertatu ez balitz bezala. 1981etik aurrera argitaraturiko saioetan, Durangoko bonbardaketari buruz asma zitezkeen topiko eta justifikazio guztiak pilatu zituen: Durango interes militarreko gunea zela; hildakoen kopurua ematen dena baino askoz txikiagoa zela, 80 izango zirela gehienez; zibilak hil baziren militarrak egoten ziren lekuetan zeudelako hil zirela; Durangoko hiritarren arduragabekeriagatik suertatu zirela hildakoak, gordelekurik eraiki ez zutelako; bonbardaketa haren garrantzia separatistek eta gorriek puztu zutela; errepublikanoak, dena dela, nazionalak baino gaiztoagoak zirela; eta, nola ez, gerra berez dela ankerra.

Egia ezkutatzeko eta itxuraldatzeko ofizio horretan, Jesus Salas Larrazabalek lagun ugari izan ditu. Ricardo de la Cierva izan da behinena, bertsio berri irudimentsuenak eman dituena, Gernikan 12 pertsona baizik ez zirela hil esan zuen, esate baterako, 1970ean «Arriba» egunkarian emandako elkarrizketan.

Durangoko bonbardaketaren egia argitzen ahalegindu direnen artean, hor daude George Steer, Herbert Southworth, Claude Bowers, eta abar. Baina 2001ean Jon Irazabalen monografia argitaratu zen: «1937 martxoak 31 Durango», gaiari buruz orain artean idatzi den saiorik onena. Liburu horretan gertaerak pausoz pauso ikertu zituen, informazio dokumental ugari erakustearekin batera. Gertaeren, kalteen eta hildakoen kopurua izen-abizenez zehaztu zuen, zenbakien espekulazioa mugatuz; esate baterako, izenik izen, 336 ziren gorpuak.

Jon Irazabalek, gainera, bonbaketarien helburuen analisi zehatza eginik, argi frogatu du bonbardaketaren xedea ez zela berez militarra: ez kontzentrazio militarrak suntsitzea, ez Durango zen bidegurutzea ebakitzea. Bonbardaketa ez zela horretarako planifikatu, ez egin.

Arrasar Vizcaya»

Estrategia eta taktika militarren eremuan gaude. Aire Indarraren teorikoek argi zuten ordurako zeintzuk ziren bonbardaketaren helburuak. 1921 urtean «Il dominio dell’aria» izeneko liburua argitaratu zuen Giulio Douhet koronel italiarrak behintzat argi zuen, Aire Indarren eginbidea kolpe bortitzak jotzea zela, arerioa erreakzionatzeko ahalmenik gabe uzteko. Lehenengo Mundu Gerraren amaiera aldera, alemanek Paris eta Londres airez eta lehergailu su-eragilez bonbardatzeko asmoak landu omen zituzten. Ez ziren ausartu azkenean, Frantzia eta Britainia Handiaren aldetik etorriko ziren errepresalia gogorrak susmaturik. Baina estratega militarrek bazekiten jadanik zer gerra mota zetorren, airetik, gerra suntsitzailea, pertsonal militarra eta populazio zibila egundo baino gutxiago bereziko zuen gerra erabatekoa.

Legelariak mobilizatu ziren eta gerran populazio zibila babesteko arau batzuk bultzatu zituzten. Hagako Legelarien batzordeak 1923an airetiko bonbardaketen kontrako proposamenak egin zituen. Nazioen Elkarteak, gaur egungo Nazio Batuen Erakundearen aitzindariak, 1932ko uztailean hartu zituen erabakietan, bonbardaketek etorkizunean izan zitzaketen ondorioak aintzat harturik, erabaki bat onartu zuen, lehenengo puntu honekin: «Absolutuki debekatzen dira populazio zibilaren kontrako aire erasoak». Bigarren puntua, nazio tratugileek aire bonbardaketak ezabatzeko beren artean ados jarri behar zutela.

Baina bakearen aldeko erakundeak alde batetik zebiltzan eta gerraren eragileak bestetik, eta hauek askoz bortizkiago. Gerra arautzeko ahalegin haiek ez ziren gero errespetatu. 1935eko abenduaren 22an, 8.000 soldadu etiopiarrek Adi Quala inguratu zutenean, italiarrek hegazkin-bonbardaketa latza egin zieten, iperita edo mostaza-gasa jaurtiz. Ausardia eta ankerkeria puntu batzuk baizik ez ziren falta, egoera edo aukera batzuk, teknologia eta metodo berriak laborategi militarretatik gerralekuetara eramateko. Armada espainola ere ausardia eta ankerkeria muga gehienak gainditzetik zetorren Mohamed Abdelkrim eta bere arrifarren aurkako gerratik.

Gerra zibila eta Durangoko bonbardaketa ezin dira ulertu Emilio Mola eta enparauak nondik zetozen jakin ezean. Marokon Rif aldeko moroen aurka Armada espainolak erabilitako metodoak espainolen arteko borrokara ekarri besterik ez zituen egin. Han balio bazuten, hemen zergatik ez; azken batean, arrifarrak baino zitalagoak ziren bertako gorriak eta separatistak. Alde horretatik, zuhurra da Claude G. Bowers kontsularen zehaztasuna, «populazio zuriaren kontra ezagutzen den bonbardaketarik izugarriena» izan zela Durangokoa, memento hartara arte.

Izua zabaltzea izan zen Emilio Molaren helburua gerra hasieratik. Hitzez hitz esan zien Nafarroako alkateei 1936ko uztailaren 19an, eta erdaraz utziko dugu: «Hay que sembrar el terror. Hay que dejar sensación de dominio eliminando sin escrúpulos ni vacilación a los que no piensen como nosotros»

Bizkaiko fronteko erasoa abiatu orduko egin zituen mehatxuak argiak izan ziren, eta italiarrek Abisinian bezala zabaldu zuen abisua, hegazkinetatik paperak jaurtikiz, errendizioa berehalakoa ez bazen Bizkaia osoa erraustuko zuela. Mehatxu hura bete besterik ez zen egin martxoaren 31n, gerra metodologia berria aplikatuz. Eta Durango ondoren, Gernikaren txanda heldu zen 26 egun geroago.

Ideia zen, eta Pentagonoko idazleen paperetan ideia berberari eusten zaio gaur egun ere, bonbardaketa zeharo suntsitzailearen azpian harrapatuta, ihesbiderik gabe, jendeak errendizioa bilatuko zuela, bere gobernuaren kontra egingo zuela horretarako, eta soldaduek ere gerran jarraitzeko gogoa galduko zutela zeharo.

Alemaniako gobernuak, kide frankistak laguntzeaz gainera, bazuen bazter interes propio bat Durangokoa edo Gernikakoa bezalako bonbardaketetan. 1935 urtean Adolf Hitler-ek hiri frantsesak ez bonbardatzeko konpromisoa hartu zuen, baina bitartean » blitzkrieg » edo oinaztargi-gerra frogatzeko saiakeretan ari zen teknologiak eta industriak aurrera egin zuen heinean berrikuntzak frogatu behar zirelako.

Nurenbergeko epaiketa orduko, 1934az geroztik Aire Indar alemanaren ministro izandako Herman Goering-i Gernikakoa bezalako bonbardaketak zergatik egin ziren galdeturik, hiri bonbardaketa haiek Lutwaffe-rentzat probaleku modukoak izan zirela erantzun zuen. Eta froga ariketa haien biktimak aipatu zitzaizkionean, honela erantzun omen zuen: «Tamalgarria da, baina ezin genuen besterik egin. Sasoi hartan ez genuen halako esperimentuak egiteko beste lekurik».

Armamentu eta taktika berriak frogatzeko hartu ziren, beraz, hiriak. Gerra zibilean estreinatu zituzten alemanek Junker-52, Junker- 87, Heinkel-111 eta Messerschmitt-109 hegazkin modelo berriak. Lehergailu molde berriak ere esperimentatu zituzten, batez ere bonba su-eragileak. Eta bonbardaketa taktika ugari frogatu zuten, hegazkinen altuera diferenteak, lehergailu kantitate eta tamaina desberdineko konbinazioak.

Durango eta Gernika ostean, etortzekoa etorri zen, geroago eta suntsitzaileago, Madril, Bartzelona, Londres, Conventry, Hanburgo, Dusseldorf, Berlin, Dresden eta ez zen geratu harik eta Hiroshima eta Nagasakiko izugarrikeriak arte. Ez zelako nazien edo faxisten gauza bakarrik. Ingalaterran Arthur Harris jeneral ingelesa famatu zen Royal Air Force delakoaren bonbardeketa izugarriekin, bere gizonek ere Harakina deitzen zioten, eta «Bomber Offensive» liburua idatzi zuen gero bere jokabidea justifikatzeko. 1943ko uztailaren 24an 40.000 hiritar akabatu zituzten Hanburgon. Aliatuek berriztatze tekniko eta taktiko ugari egin zituztelako denbora gutxian. Esate baterako, Pathfinder hegazkin eskuadrilarena, bonbardaketa nagusiaren aurretik, atzetik zetozenek bonbardatu beharreko espazioa bonba su-eragilez markatzen zuena. Dresden hiriaren bonbardaketa ikaragarria izan zen 1945eko otsailaren 13an eta 15ean, bonba su-eragilez. RAFeko bonbaketariak hirian zehar su ekaitza eragiten ahalegindu ziren eta birritan izan zuten arrakasta, Hanburgon, eta gero Dresdenen. Hemen, hildako biztanleen kopurua are itzelagoa izan zen: 150.000 eta 200.000 artekoa.

Japoniaren kontra ere halako taktika erabili zen. Bonbardaketen gidaria Curtis LeMay izan zen, estatubatuar demokraziazalea, sasoiko militar espainol, italiar edo alemanen antzeko gizakirtena. Tokio bonba su-eragilez bonbardatu zuenean, 100.000 hildako egin omen zituen, eta gero Hiroshimakoa. Gertatu zen, gainera, amerikarrak ez zirela desastre hartan gelditu eta harrezkero suntsidura gerra egiten jarraitu dutela, Indotxinan lau milioi pertsonaren heriotza eraginez. Eta egunotan ere, etxetik irten gabe, telebista pantailan B-521 hegazkinak ikusten ditugu egunero munduan barrena suntsidura ereiten.

Freeman Dyson RAFeko partaidea izan zen eta, oso gazte, Alemania garaituaren kontrako bonbardaketa masiboetan parte hartu behar izan zuen. Gero, «Weapons and Hope» idatzi zuen, gerraz eskarmentaturik, eta Talleyrand diplomatiko frantsesaren esaldi bat gogoratzen zuen Freeman Dysonek, militarrei emateko aholku bakartzat: «Surtout, pas trop de zèle!».

Makinaria militarraren ondorioak izugarriak izaten dira. Arrazoiz, logikaz eta kontsekuenteki egiten diren gerrak ere gupidagabeak dira. Gerrak gerta ez daitezen jarri behar da, batez ere, gogoa eta ahalegina.

Publicado por Garak argitaratu