Getaria nafar fundazioa duen hiribildua


Xehetasun handietan sartu gabe, saiatuko naiz laburtzen nire azken egun hauetako lanak. Getariako antzinatasuna garbi azaltzen da Historiaurreko aztarna arkeologikoetan eta geroztik, gizakiaren presentzia etengabea izan da Getarian. Baina, Getariak nik dakidanez, ez du gorde sorrera-gutunik, eta hiribilduaren fundazioari buruzkoak, foru-gutuna noiz eta nork eman zion orain arte zalantzapean egon da. Batzuentzat Gaztelako Alontso VIII.ak, orain dela 800 urte, (horiek Esteban de Garibairen testuetan oinarrituta); besteentzat, berriz Antso VI.a Jakitunak edo Antso VII.a Azkarrak, errege nafarrak, duela 800 urte baino gehiago. Azken egun hauetan hori argitu nahian ibili naiz buru belarri.

Historiak bere lege eta metodo propioak dituen zientzia bat da. Bere adierazpenetan zorroztasuna, zehaztasuna eta batez ere traiziona gaitzakeen fantasiaren kontrol zorrotza eskatzen dituena, interesatzen zaiguna Historia denean. Garrantzitsua da, behin eta berriz iturrietara bueltatzea, eta esaldien arkitektura korapilatsuak baztertzea, esaten zidan dotoreago noski, oraindik doktoradutza egiten ari nintzela nire maisu handia izandako aita Kandido Zubizarretak.

Beraz gure lehenengo kontsulta Colección de documentos medievales de las villas guipuzcoanas (1200-1369) izan zen. Getariaren fundazioa Alfontso VIII. a gaztelauak esandakoaren arabera errege nafarrari esleitzen zaio; izan ere, 1209ko irailaren 1ean Donostian zegoela foruaren berrespenean esan zuen: «eo modo quo rex Navarre illud dedit vobis habendum». Gaude, beraz, oso garrantzitsua den albiste baten aurrean, baina ez nahikoa begi zorrotzentzat. Bestalde, ordurako, irakurria nuen La Voz de España (1974-O2-27) Gonzalo Martinez, Valladolideko Unibertsitateko zuzenbideko katedradun izandakoaren testua, non esaten duen Donostia eta Getaria zirela nafar jatorria zuten bi hiribildu bakarrak. Esan beharra dago idazle honek Guipuzcoa en los albores de su historia (siglos X-XII) liburu dokumentatuaren egilea dela.

Lope Martinez de Isastiren Compendio Historial de Guipuzcoa (1625) eta Madrilgo Errege Akademiarako helmuga zuen idatzitako eskuizkribua Descripciones geográfico-historicas de los diferentes pueblos de la Provincia de Guipuzcoa y de la ciudad de San Sebastian (1786), azken hori Getariari dagokionean getariarrek idatzitakoa; tokatu zitzaien txanda. Bietan, Garibairen arabera, Alfontso VIII. ak herria berreraiki zuela diote, eta ez gehiago. Beranduago, 1862an Pablo de Gorosabelek Cosas memorables de Guipuzcoan Alfontso VIII.ak 1209an Donostiako foru-gutuna eman ziela getariarrei Nafarroako errege-erreginen garaian gozatzen zuten moduan, esaten du. Baina ez omen zen argi agertzen nork gozatzen zuen pribilegioa nafarroako errege-erreginen garaian, donostiarrak edo getariarrak.

Hurrengo pausoa, Esteban de Garibairen Compendio Historial, Anberesen argitaratua 1571an, balio handiko liburua kontsultatzea izan zen, non Getaria beste herriengandik nabarmentzen du bereziki. Bertan, esaten du Alfontso VIII.a Gaztelakoak 1209an Donostiako forua eman ziela, «para que ellos y sus sucesores gozasen perpetuamente del fuero de San Sebastian en los montes, pastos, y aguas, y en todas las causas, de la manera que gozar solian en tiempo de los Reyes de Navarra, y dice la suscripción y confirmación»). Hemen bai argi agertzen da Nafarraoko errege-erreginak lehenago forua eman ziela eta Alfontsok berresten duela. Aurrerago erregearen hitzetatik dio «Esta villa, cuya iglesia mayor es de la advocación de San Salvador, estaba de antes fundada como de las razones del mismo privilegio consta» Oraindik argiago. Bukatzeko falta zaigu esatea Mutriku ere aipatzen duela eta berreraiki egin zituztela. Honekin Garibairen hitzetan Geratariarrei foru-gutuna errege-erregina nafarrak eman zietela, eta Alfontso VIII.ak baieztatu garai batean zutena, hain juxtu, adierazten da. Garibaik bere konpendioan ez du problemarik planteatzen.

Beraz,badago zerbait guzti honetan atentzioa deitzen duena. Bidegabekeri batzuk saihesten zailak direnak. Ez dago besterik pentsatzea baino iratxo bat egon dela atsegin ematen bere bihurrikeriekin. Eta gerora, egiazkotzat hartu dira Garibairen izenean besteek idatzitakoak.

Garibai, historialari eta idazle arrasatearra Felipe II.aren kronikari ere izan zen. Artxiboetako miatzailea, Iturri-dokumentaletan oinarritu zituen bere lanak. Datuen hornitzaile honek eskaintzen dituenak ezin dira aurkitu beste iturri mota asko aztertuz. Erreferente bat. Azpimarratu nahi dugu idazle honen garrantzia ez dagoela ulertzerik ez badugu kontutan hartzen atzoko eta gaurko historigileek aipatzen duten maiztasuna. Zentzu honetan, Garibairen azterketa zuzena ez egitea, bere osotasunean ez irakurtzea, edo besteen erreferentzitan oinarritzea Garibairenak zirelakoan, Getariaren fundazioari buruzko zalantzak sortu ditu historiogileen artean.

Aipatu beharra daukat niretzat berria dela garai honi buruz idaztea eta nik ditudan baino datu gehiego beharko nituzkela prezisio matematikoekin esateko noiz eta nork eman zion foru-gutuna getariarrei, bai ordea 1180-1200 bitartean eta Antso VI.a edo VII.a nafarrak Izan zirela. Une honetatik aurrera, beraz ez dago inongo zalantzarik: Getaria hiribildu nafarra da.

Idoia Arrieta Elizalde

Historian doktorea

Getariaren sustraiakeko taldekidea

Publicado por Nabarralde-k argitaratua