Nazioarteko Diru Funtsa, bankuzentralak eta banku globalak

Ortodoxiaren arabera, banku zentralak edozein erakundetatik, eta batez ere erakunde politikoetatik, independenteak dira. Ikus dezagun ea uste hori zuzena ala okerra den.

Ezaguna da egun zer-nolako garrantzia eta eragina daukaten nazioarteko enpresa erraldoiek eta banku handiek. Merkatu askea aldarrikatzen den bitartean, oso boteretsuak diren erakunde produktibo eta finantzario horiek agintzen dute mundu mailan. Eta, bistakoa denez, produkzio hori eta kredituetarako maileguak moneta konkretuetan agertzen dira: oraintsu arte dolarretan, orain dela gutxiz geroztik dolarretan eta eurotan.Errusian, erreforma makroekonomikoak gauzatzearren, 1992an NDFren shock terapia martxan jarri zenetik ikaragarrizko dirutza igaro da mendebaldeko inbertsiogileen eskuetara. Merkatuen indarren manipulazioen bidez lorturiko osasun guzti hori NDFren eskusartze makroekonomikoen babespean gauzatu da. Are gehiago, herrialde askotan behar den legislazio berezia xantaia finantzarioaren bidez lortzen da: legislazioa ez bada egokitzen NDFk emandako azken datetarako, finantzak gelditurik geratuko lirateke, berriz ere, moneta-espekulazioan erortzeko arriskuarekin. NDFk luzatutako «irtenbide-programek» herrialde horietako enpresei atzerriko enpresekiko aliantza estrategikoak gomendatzen dizkiete, lan-indarra trebea eta oso merkea izaten delarik.

Hori gutxi balitz bezala, banku globalei, hots, munduko banku erraldoiei, NDFk eta Mundu Bankuak deitzen diete aholkulari gisa parte har dezaten irtenbide-programa horietan. Bide honetatik, herrialde horien ekonomiaren giltza-sektoreek pribatizatze berezia ezagutzen dute, munduko banku erraldoien menpe jartzen baitira.Beste aldetik, herrialde horien banku zentralek beren moneta nazionalak babestearren, dolarretan, bilioi askoko maileguak eskatzen dizkiete banku erraldoiei, NDFren akordioen bidez. Aurreko artikulu batean esan genuen bezala, herrialde horiek, espekulazioen bitartez moneta nazional horiek kolokan jarri dituzten bankuei berei eskatzen dizkiete maileguak. Negozioa apartekoa da. Eta hori guzti hori, NDFren babes eta onarpenarekin.1994-95eko Mexikoko krisitik, NDFk gero eta eginkizun handiago eta garrantzitsuagoa jokatu du banku globalek eta espekulatzaileek haien manipulaziorako «inguru finantzario» berezi bat antolatuz. Horrela, banku globalak barneko informazioa jasotzeko irrikaz daude.

Izan ere, eraso espekulatzaileek, arrakastatsuak izateko, medizina ekonomiko gogorrak behar dituzte, NDFren finantza-akordioen bidez lortzen direnak.Beraz, NDFk inguru berezi bat bultzatu behar du, non moneta nazionalek debaluatzeko, balioa galtzeko, aukera daukaten. Horrela, kasu, NDFk Indonesiari bere moneta libre uztea, deslotuta egotea, agindu zion rupiaren jaitsiera dramatikoa baino hiru hilabete lehenago. Thailandiako moneta nazionalaren debaluazioa ildo beretik ikus daiteke. Hori guztia gertatzen da, noski, NDFk ekonomia nazionalei irekitasun eta gardentasun ekonomikoa gomendatzen dien bitartean.Behin debaluazioa agertu ondoren, dolarrak behar dira moneta horri birbalioztatzeko, eta orduan, eginkizun horretarako, banku globalak prest daude. Zirkulua ia perfektua da. Nazioarteko kapital mugimenduak araututa daude, eta arau horiek finantza-gerrei forma ematen diote, bankuek eta espekulatzaileek beren eguneroko erasoak gauzatzearren. Izan ere, ondasun ekonomiko eta finantzarioa eskuratzearren, nazioarteko bankuek eta enpresek gogorki eta ozen aldarrikatu dute kapital fluxuen desarautzea.

1998an Washingtonen, NDFk kapital mugimenduak desarautzeko agiria onartu zuen. Agiri ofizial horrek dioenez, NDFren helburuetako bat kapital mugimenduak askatzea da, helburu horretarako NDFren jurisdikzioa, behar den bezala, hedatuz. Ebazpen horrek oihartzun txikia izan zuen prentsan. Agiri horrek, eta berari lotuta zegoen Multilateral Agreement on Investment delakoak, egiatan, gobernu demokratikoak nazioarteko bankuen eta enpresen menpe jartzea suposatzen dute.Hori guztia gutxi balitz bezala, AEBetako eskuindarrek, merkatu librearen aldekoek, finantza-krisia zabaldu zen bezain laster, finantza-egiturak hobe eratzeko eskatu zuten, NDF AEBen menpe are gehiago egon dadin aldarrikatuz, NDFk bilioi askoko finantzak banku pribatuen esku utz ditzan eskatuz.1998ko agiri horren ondoan, munduko bankurik eta inbertsio-etxerik nagusienek Washingtongo beren eledunaren bitartez (alegia, Nazioarteko Finantza-Institutua delakoren bidez), sektore pribatuko aholku-emaile kontseilua proposatu zuten NDFren jarduerak gainbegiratzeko.

NDFk, krisiak kudeatzearren, sektore pribatuaren parte-hartzea handiagoa izateko urrats konkretuak eskatu zituen. Azken horrek NDFren eta banku globalen arteko boterea banatzea besterik ez du esan nahi. Are gehiago, banku globalek eta espekulatzaileek NDFk gobernu desberdinekin dauzkan harremanen berrien zehaztasunak jakitea nahi dute. Lehen eskuko informazio hori jasorik, banku globalak eta espekulatzaileak egoera hobean egonen lirateke finantza-merkatuei beren erasoak planifikatzeko, NDF gobernu horiekiko finantza akordio batera iritsi baino lehenago, eta akordioa gauzatu eta geroko egoeran. Banku globalek, gardentasunaren izenean, lortu nahi dutena ondokoa da, alegia, NDFren barneko informazio pribilegiatua edukitzea.Ondorioak bistakoak dira. Finantza-krisiek munduko nazio-estatuko instituzioen rola birrindu dute behin baino gehiago. Okerrago, 1944an Bretton Woods-en sorturiko nazioarteko gerra ondoko instituzioak, NDF bereziki, desegituratuta gelditu dira, nahiz eta egitura horiek sortuak eta eratuak izan ekonomia nazionalen egonkortasuna bermatzeko.

Hala ere, NDFren eginkizuna eta etorkizuna, gaur egun, banku globalen eta espekulatzaileen araberakoa da.Litekeena ote da NDF beste modu batera eratzea, non ekonomia nazionalek beren subiranotasun maila gorde dezaketen? Baiezkoan daude zenbait ekonomialari. Baina horretarako, eta lehen urrats bezala, ondoko patologiaz jabetu beharra dago. Izan ere, nazioarteko transakzioetan, multzo gisa harturik, hau da, haren egoiliarren multzoa (are sektore publikoko egoiliarrak) kontuan harturik, makro-mailan, herrialde zordunaren eta gainontzeko munduko ekonomia nazionaleko egoiliar edo agente guztien artean badago patologia bat. Herrialde zordunak birritan ordaintzen ditu bere zorraren interesak. Patologia hori konpon daiteke: ikus Bernard Schmitt ekonomialariak NDFn bertan aurkeztutako lana (2004, Between nations, the interest multiplier is equal to 2, Quaderni di ricerca. 12 zenb.). Are gehiago, gaur egungo nazioarteko ordainketen sasi-sisteman herrialde zordunduek galtzen duten erreserba ofizialen gutxitze ez-justifikatua beraien interes-ordainketen baliokidea da, eta herrialde zordun horien Altxor Publikoek jasaten duten galera berdintzen du. Schmittek proposaturiko erreforma sakonaren ildotik (Schmitt eta Cencini, 1991, External debt. A vicious circle delako liburuan) galera horiek alboratuak izanen dira betiko. Egungo sasi-sisteman, aldiz, kanpo-zorra betiko zor bihurtzen da.

17.01.2005

Publicado por Nabarralde-k argitaratua