Duela 495 urte espainiar armadak sartu ziren Nafarroan armak eskuetan, eta bukaera eman zioten erresumaren bizitza independenteari. Erasoa oso bortitza izan zen, eta urte luzeetan segitu zuten herritarren borrokek. 1521ean Nafarroa osoa askatu zuten nafarrek, espainiarrak kanporatuz, baina laburra izan zen poza, berriz ere galdu baitzen askatasuna. Lehia horren azken gotorlekuetarik bat izan zen Amaiurkoa, historian ez ezik gure herriaren mitologian ere toki berezia erdietsi duena.
Ordurarte Nafarroa bat besterik ez zegoen. Nafarroaren zatiketa orduko erasoaren ondorioa izan zen. Hasieran, espainiarrek Nafarroa osoa hartu zuten, baina ezinezko izan zitzaien Baxenabarre menderatzen jarraitzea, eta atera behar izan zuten. Garai hartako dokumentuek frogatzen dute espainiarren asmoa Nafarroatik haratago zihoala. Aurretik ere saiatuak ziren Lapurdi hartzen, eta behin baino gehiagotan ariko ziren ondorengo mendeetan horiek eta Xiberoa konkistatu nahirik. Ezin izan zuten, aldiz. Nafarroa Garaia gorde zuten, eta oraingoz gorde dute.
Esanguratsuki, zatiketa gertatu bezain laster hasi ziren justifikazioak. Jainkoak berak jarri zituen Pirineoak Frantzia eta Espainia bereizteko! Urte batzuk beranduago, Frantziaren menpe gelditu zen Nafarroako estatuaren hondarra. Ordudanik joandako urteetan mota guzietako argudioak erabili dira indarrez ezarritako muga betikoa eta ongi errotua dela erakusteko. Nafarroa desegin, desegituratu, desitxuratu, desorekatu eta kolonizatu zuten. Nafarroa zer zen ahantziarazi zieten nafar aunitzei.
Loturak ez ziren moztu, alta. Murruen gainetik pasatu dira beti lagunen arteko harremanak, negozioak eta bestak. Frantziar agintariak ez ziren baxenafartarrekin fidatzen, eta espainiarrei bergauza gertatzen zitzaien peninstulako nafarrekin. Ez da kasualitatea alde batekoek bestera jotzea atzerriko bidea hartu behar izatekotan. Finean, inoiz ez da galdu egun batean izandakoaren oroitzapena, eta ez da galdu nortasunaren muina izan den eta den euskarak bizirik segitu duelako oztopoen gainetik.
Nafarroaren arima atzeman eta hitzetan islatu zuen Xalbadorrek esana utzi zuen herria dela gorputza eta euskara bihotza. Arrazoia zuen, arrazoia zuenez, euskarari nafarron hizkuntza esan zionak. Ezin da Nafarroaren historia ulertu euskarari erreparatu gabe, eta horrek argitzen du zergatik gorrotatu duten gure hizkuntza gure nortasuna desegin nahi izan dutenek.
XX. mendearen azken laurdenean berpizte handia bizi izan zen Euskal Herrian. Nonahi zabaldu ziren askatasun ilusioak, berriz ere herri librea izateko ilusioak, hots. Milaka armiarma aritu dira ordudanik askatasunaren sareak eraikitzen. Harriz harri egiten baitira etxeak. Pausoz pauso ibiltzen baitira bideak.
Nafarroaren eguna nafarron konzientzia pizteko ekimen horietarik bat dugu. Uste dut begibistakoak direla ibilitako urratsen aztarnak. Besta baino askoz ere gehiago bada Nafarroaren Eguna, eta jende askorendako lagunekin egun ederra emateko paradaz gain, etorkizunerako egitasmoak kalera ateratzeko aukera ere bada. Nafarroa ez baita historiako oroimen hutsa, baizik eta Euskal Herriaren geroan zer esanik duen errealitate bizia.
Folklorea ohitura zaharrak baino hagitzez ere gehiago da. Eta Nafarroaren Eguna folkloretik haratago doa. Gure herriaren eskakizunak eroso sentitzen dira egun honetan, eta ulergarria da, herriaren taupadak sortu baitu aukera hau.
Gure herria eraikitzeko bideak aunitz dira. Denak behar ditugu. Eta denok egin dezakegu zerbait eraikuntza lanak bultzatzeko. Euskal Herrian irekitzen ari den agertoki berriak ekarri du eraikuntza nazionalean urrats garrantzitsuak egiteko parada. Zazpiak bat egiteko bideak ez dira inoiz errazak izan, ezta ere izanen, eta besterik nahiago bagenu ere, poliki-poliki ibili beharko dugu, batasuna oinarrietatik eraikiz, laurak bat alde batetik, hirurak bat bestetik, autonomia markuak gaur, erabateko askatasuna bihar erdietsi ahal izateko.
Nafarroa prozesu honen muina da, aferaren muina izanik konponbidearen muina izan behar duelako. Batzuek ulertu dute, eta horregatik maiatzaren 27an Nafarroa Garaian eginen diren hauteskundeak erabili nahi dituzte prozesuari ateak ixteko. Halaber, frantziar errepublikaren lehendakaria hautatzeko lehia berriz ere gure nazioaren ukapenean oinarritzen da, eta beharrezkoa da zer garen eta zer izan nahi dugun aldarrikatzea.
Egunoro erakusten dugu Euskal Herria bizirik dagoela, baina egun berezi batzuetan era emankorragoan egin dezakegu. Horietako bat da Nafarroaren Eguna, eta ez nolanahikoa. Aurten ere Baigorrira joanen naiz, askatasunaren arnasaren plazerraz gozatzeko.