Aspaldian ikusi genuen Iraken kontrako gerra petrolioaren ingurukoa zela, batez ere petrolio hori monetizatzeko erabiltzen den monetaren inguruan (ikus W. Clark-en liburu adierazgarria: Petrodollar warfare: oil, Iraq and the future of the dollar).
Orain Iran da inperioaren helburu, agian nuklear gerla kontrolatu baten bidez. Baina Iranen aurka etor daitekeen erasoak ez dauka inolako zerikusirik Iranek izango omen duen arma nuklearren garapenarekin.Helburua, berriz ere, hauxe da, alegia, AEBetako dolarra petrolioaren merkataritzarako mundu-moneta bakarra segurtatzea.Iranek 2006ko martxoan Teheranen petrolio-burtsa bat eratzea nahi zuen, non salerosketa guztiak eurotan gauzatuko baitziren. Hori mehatxu zuzena da AEBetako dolarraren estatuserako, erreserba-moneta gisa. Halaber, mehatxua ere da merkataritza-sistemarako; izan ere, egungo sistema horretan AEBetako merkataritza-defizit izugarriak ordainduak dira paper baten bidez; paper horren balioa onartua da moneta horretan nazioarteko petrolio trukatzeak monetizatuak direlako.Ikus ditzagun puntu horiek. Gobernu irandarrak aldarrikatu zuenez, 2006ko martxoan Petrolio-Burtsa irandar bat martxan jarri nahi zuen. Burtsa berri horrek zuzenki lehiatuko luke New Yorkeko Mercantile Exchange delakotik, baita Londreseko International Petroleum Exchange delakotik ere; gainera, bi horiek ez bezala, burtsa berriak salerosketak eurotan gauzatuko lituzke, ez dolarretan.Jadanik Peter Phillips-ek 2003an ( U.S. Dollar vs. the Euro: Another Reason for the Invasion of Iraq, in Censored 2004: The Top 25 Censored Stories) oso argi adierazi zuen nola dolarraren menpe dagoen petrolio eta gasaren merkataritza-sistemak AEBei aparteko abantailak ematen dizkien. 1971tik, Nixon presidenteak urrearekiko dolarrak zeukan lotura hautsi zuenetik, munduko petrolioaren hornikuntza dolarretan trukatu dira, zeintzuk AEBek askatasun osoz inprima baititzakete. Petrolioa eta gasa erostearren eta zorrak garbitzearren, herrialdeek lehendabizi dolarrak erosi behar dituzte, trukean beren ondasunak eta zerbitzuak emanez. Mundu osoa moneta konkretu bati dago lotuta, eta moneta hori herrialde soil eta bakar batek produzi dezake bere nahierara. Horrek esan nahi du AEBek ez dutela soilik mundu-merkatua kontrolatu baizik eta ondasunen eta zerbitzuen aparteko kopuruak inportatzen ari direla, oso prezio merkean. Petrov ekonomialariak egoera horri zergapetze inperiala deitu dio (The Proposed Iranian Oil Bourse, http://www.informationclearinghouse.info/article11613.htm ).Petrov-ek gogoratzen digunez, jadanik 1972-73an AEBek Saudi Arabiarekin adostu zuten Saud etxekoak botere politikoari eustea, azken hauen petrolioa saltzeko soilik dolarrak erabiltzea onartzearen truke. OPECko beste herrialde guztiek segitu zioten proposamen horri eta soilik dolarrak onartu beren salmentetarako.Baina Philipsek dioenez, erreserba-moneta modura, eurora aldatzeko argudio ekonomikoa konbentzigarriago bilakatu da. Izan ere, merkataritza-defizit ikaragarriak direla kausa, estimatzen da dolarra (2003 urtean) %40etan gainbalioztatuta egon dela, euroari gertatzen ez zaiona.Irakeko erasoa baino lehenago, autore batzuek azpimarratu zuten gerla haren zio garrantzitsuena hauxe zela, alegia, 2000ko azarotik Irakek bere petrolioa ordainduta nahi zuela eurotan, ez dolarretan. Jadanik 2003an Nunam-ek idatzi zuen (http://www.feasta.org/documents/papers/oil1.htm) Iraken aurkako AEBetako mehatxua petrodolarraren sistemaren inguruko arazoa zela. Gauza bertsua esan dute Phillipsek eta are argiago W. Clarkek (http://www.ratical.org/ratville/CAH/RRiraqWar.html).
Kontua, beraz, nazioarteko petrolio-merkatuaren kontrola AEBen eskuetan jarraitzean datza, eta zehatzago, Clarkek berriz dioenez (http:// www.vheadline.com/readnews.asp?id=47790), kontrol hori dolar monopolio-monetak izaten segitzean.
Clarken iritziz, petrolio-merkatuaren sisteman aldaketak egiteko oztopo nagusietako bat eurotan monetizatutako petrolio-prezio estandar bat ez egotea izan da, zeren oraingo petrolio-prezio estandar guztiak dolarretan monetizaturik baitaude (Norway Brend, West Texas Intermediate eta United Arab Emirates Dubai crude direlakoak).Hortaz, logikoa da Iranek proposatutako petrolio-burtsak (eurotan monetizatutakoak) oztopo hura alboratuko lukeela petroeurotan nazioarteko petrolio-merkaturako sistema berria martxan jartzeko. Horrela, ohiko petrodolarrak erabili barik, herrialdeek aukera izango dute beren erosketak petroeurotan gauzatzeko.Hortik etorriko den dolarraren egoeraren galtzeak, partziala izanda ere, dolarraren beraren balioan jaitsiera ekarriko luke eta inflazioa areagotu. Inflazio horrek, ortodoxoek ongi dakitenez, interes-tasen presioa ekarriko luke, eta ondorioz, depresio ekonomikoa ekarriko luke.Beste aldetik, Iranen kontrako eraso militar batek mundu-mailan ekar ditzakeen arazo ekonomikoak are okerragoak izan daitezke, Petrovek eta Whitneyk diotenez (http://www.opednews.com/articles/opedne_mike_whi_060123_iran_92s_oil_exchange_.htm).Dilema horri irtenbidea emateko, badaude, egon, bakezko bideak. Teoria mailan, beste autoreen artean, Bernard Schmitt ekonomialaria aritu da bere bizitza osoan mundu mailako beste sistema ekonomiko bidezkoago, egokiago eta garbiago proposatzen.