«La Navarra Maritima»-ren egilea. Hala ezagutuko dute askok eta askok, eragin handiko liburua izan baita. Halabaina, aurretik eta ondoren makina bat lan egiondakoa da Tomás Urzainqui.
Testua: Iñaki Petxarroman»
Portugal, Katalunia, Nafarroa eta Gaztelaren iragan politikoa biltzen duen liburua du buruan. Iaz Portugalen ibili zen, eta han piztu zitzaion ideia. 50 liburu ekarri zituen handik, eta haietan murgildua dabil orain.
Lagun batek dio jendea nahasi besterik ez duzuela egiten Nafarroa gora eta behera.
Hain zuzen ere, nahaspilatik irteten saiatzen ari gara. Gure herriaren gizarte eta kultur errealitatetik oso urruti dagoen eraikin bat saldu digute, lurralde edo probintzia bidezko zatiketatik hasita. Gurea bezalako gizarteak baditu izen bat eta historia bat atzean, eta hori ezkutatu egin digute. Nafarroak erakusten du, modurik argienean, badugula gizarte propio bat, instituzioak eta estatalitatea dituena, gizarte politiko burujabe bat.
Euskadi kontzeptua sortu zen, hain zuzen ere, bide politikoa hartzeko. Zergatik ez du balio?
Euskadik ez du lortu bere helburua. 100 urteren ondoren ez du lortu errealitate sozial eta politikoari bide ematea, eta kontzeptu kultural, formal eta folklorikoetatik gertu geratu da. Nafarroaren berreskuratzea gizarte osoaren zeregina da, geografikoki Aragoitik Santanderreraino doan gizartearen zeregina. Gizarte hori guztia nafarra da, eta pena da oraindik errealitate hori ezagutzen ez duen euskal herritarrik izatea.
Baina Nafarroaren mugak asko aldatu dira historian zehar. Zeintzuk dira, zure ustez, benetako mugak?
Gizarte errealitatearekin bat datozen mugak dira benetakoak. Gizarte horrek berezitasunak ditu, eta ez naiz geratuko hizkuntz, kultur edo folklore zaugarrietan bakarrik. Zuzenbide zibil publikoa dugu, gizarte horren erezitasunaren seinale. Horrez gain, tradizio politiko instituzional zabala, Nafarroaren estatalitatean eta foruetan islatuta dagoena. Kanpoko mugak gizarte zibil horiekin bat datoz. Barruko mugei (probintzien mugei) aparteko garrantzia ematea okerra da, nire ustez. Askatasuna eta subiranotasuna berreskuratzeko prozesuak kontuan izan behar du gizarte bakarra dugula (euskalduna eta nafarra), ez zazpi. Planteamendu pobintzialistetan aritzea hutsetan sakontzea da. Subiranotasuna berreskuratzeko prozesuak lurralde batasuna izan behar du oinarri, parametro bidezko eta objektibo gisa.
Nola heltzen dio Ibarretxeren Planak esaten ari zaren horri?
Jauzi bat egiten du kultur planteamenduetatik -esanez Europakoherririk zaharrena dela- lurralde zatiketa onartzen duten planteamenduetara -zazpi lurralde bi estatutan eta hiru administraziotan banatuta dagoela esanez-. Herri hau ukatzen duten planteamenduetatik abiatzen da, eta iruditzen zait hutsune handiak dituela. Euskal edo nafar errealitate politikoaren onartze esplizitua falta zaio, eta bere tradizio, ondare eta historia politiko guztiarena. Ez du balio bakarrik talde kulturala garela esateak, baizik eta adierazi behar dugu , eta nazioarteari ikusarazi, gizarte zibil, politiko eta estatal baten errealitatea garela, garapen juridiko eta konstituzional itzelekoa. Gure subiranotasuna onartu behar dugu guk aurrena, ukatzen gaituzten bi estatuek onar dezaten.
Gasteizko Parlamentuan izan zinen, eta Mendebaleko Nafarroako Parlamentua deitu zenion. Batzordean ziren parlamentari gehienak ados agertu ziren.?
Inor ez zen ausartu ukatzera mendebaleko Nafarroa, egungo Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa dela. Hori garrantzitsua da, baina gero ez dute jokatu hori kontuan harturik, eta hori larria da. Larria da, bizkar ematen ari zaielako egile politiko garrantzitsu guztiei. Eta horien artean sartzen dut Sabino Arana bera ere. Sabino Aranak baditu Nafarroaren erreferentzia batzuk, eta ez, preseski, beste herrialde bat balitz bezala, baizik eta euskaldunen eraikuntza funtsezko bat balitz bezala. Sabinok Nafarroari buruz zuen kontzepzioa askoz zuzenagoa da haren jarraitzaile askok dutena baino.
La Navarra Maritima liburuak izugarrizko arrakasta izan du. Idatzi zenuenean pentsatzen zenuen hain harrera ona izango zuela?
Idazten hasi ginenean bagenekien gerta zitekeela, ez zegoelako planteamendu argirik euskaldunen errealitate politiko batuaren inguruan. Baziren herriko egile nagusiek (Arturo Kanpion, Anacleto Ortueta…) egindako analisi monografikoak. Baina ikuspegi orokor batetik ondo jabetzen nintzen gaiak garrantzi handia izan zezakeela. Eta pozik nago alde horretatik.
Zenbat ale saldu dira?
10.000 inguru, baina ez dakit ziur.
Zuzenbidea ikasi zenuen, Opusen. Nola gogoratzen duzu ikasle garaia?
Garai hartan liburutegia, artxiboak eta liburu dendak arakatzen ibiltzen nintzen. Egia esan, irakasleak oso eskasak ziren. Titulua behar zen lanean hasteko, baina benetan jakin nahi zenuena zeure kasa bilatu behar zenuen.
Noiz hasi zinen Nafarroaren kontzeptuarekin kezkatzen, sentsibilitate hori hartzen?
Horrekiko jakin-mina oso txikitan sortu zitzaidan. Gogoratzen naiz ikastetxean nintzela hasi nintzela ohartzen Nafarroako historiaren garrantziaz. Zuzenbide politikoarekiko grina betidanik izan dut, eta berehala hasi nintzen irakurtzen, 16 edo 17 urterekin. Adibidez, Sabino Arana garai hartan irakurri nuen. Gero, Arturo Kanpion. Unibertsitatean, ondo jabetzen nintzen gai horretaz, eta lagunen artean beti eztabaidatzen genuen.
Trantsizio politikoan urruti geratu ziren planteamendu horiek.
Bai, alderdikerien ondorioz, ez zen kontuan hartu euskal gizartearen batasun politiko hori. Planteamendu estatutistak izan ziren, baita hausturaren aldekoak ere, baina ez zen gauzatu gizarte honen eraikitze konstituzionala. Uste dut okerra izan zela eta azken urteotan konpontzen saiatzen ari garela.
Ezer aurreratu al da?
Gutxienez, arazoa mahai gainean jarri da. Lehen ez zegoen horrelakorik; dena alor kulturalera mugatuta zegoen, edo, gehienez, alor estatutarioetara. Baina estatutuak estatu arrotzaren boterea sendotzeko baino ez du balio. Errepublikaren garaian zabaldutako estatutuaren aldeko bidea Kataluniako prozesuaren nolabaiteko jarraipena izan zen. Hemen bagenuen foru tradizio bat, eta pentsatu zuten eguneratzeko modua estatutua zela, baina ez zen gure tradizioa. Huts egin zuten hor, subiranotasunari eusteko modua foruetan sakontzea zelako. Hortik, agian, erabateko subiranotasuna berreskuratuko genuen. Baina eskaera maila asko jaitsi zen, eta estatutuaren bidetik sartu ginen. Bide horrek Espainiako Konstituzioaren nagusitasuna berretsi baino ez du egiten. Itun eta kontzertuen tradizioa beste gauza bat da. Uste dut burujabetza berreskuratzeko oinarri honetatik abiatu behar dugula: herri hau estatu independentea izan zela, konkistatu zutela eta haren erakunde burujabeak deuseztatu zituztela onartzetik.
Belagoan hirigintza proiektu handi bat egiteko egitasmoaren aferan, Izabako Herriko Etxeko abokatua izan zinen. Azkenean, salbatu zen Belagoa.
Bai, hotelak, jatetxeak, golf zelaiak, zaldiketarako guneak eta etxeak egiteko proiektu bat zegoen. Alegia, Belagoako ordoki guztia betetzeko, lur desjabetze eta erosketen bidez. Horrez gain, eski estazio bat egin nahi zuten Linzola eta Hiru Erregeen Mahaiaren artean. Irregulartasun ugari izan ziren, eta huts ugari egin zituzten. Lortu genuen Madrilgo Hirigintza Batzordeak Nafarroako Diputazioak onartutako Belagoako Hirigintza Plan Berezia baliogabetzea. Egia esan, gaur egun horri esker dago bailara dagoen bezala.
Ez da gauza bera gertatu Iratin.
Hor ez da hainbesteko zorterik izan. Uste dut Belagoakoa izan Zenean beste garai bat zela, beste interes batzuk zeudela; eta, segur aski, proiektu hori geroago proposatu balute, ez genukeen lortuko geratzea
Lan ugari egin duzu batzar, auzolan eta auzo junten inguruan. Ez al dira iraganeko kontzeptuak horiek denak?
Azken 20 edo 25 urteotan erakunde horiek jipoi handia hartu dute. Ongi eutsi zioten 1979ra arte edo, eta, hain justu ere, defentsa mugimendu bat osatu behar izan genuen, ikusten genuelako alderdien joera ez zela erakunde horiek errespetatzearen aldekoa. Batzarren aldeko koordinakunde bat sortu genuen, eta kolpea geratzea lortu genuen, hasiera batean guztiz desagerrarazi nahi zituztelako. Baina denborarekin baliogabetuta geratu dira ia erabat. Erakundeen ustezko konstituzionalizatze baten izenean, antigoaleko erakunde herritarrak deuseztatu egin dira. Eta, hala, demokraziaren izenean, herritarren esku-hartze zuzena bideratzen zuten erakundeak indarrik gabe geratu dira. Euskal zuzenbide publikoak pobretze izugarria izan du, eta pena da, oso demokratikoa delako eta, besteak beste, berme bat delako ingurumen ondarea babesteko.
Jose Miguel Barandiaranekin lan egin zenuen gaztetan. Nola gogoratzen duzu?
Jose Miguelek mezulari lana egin zuen. XX. mendera arte heldu eta galtzen ari zen gure herriaren ondarea berreskuratzea lortu zuen, eta gizarteari zabaltzea. Ahozko memoria kolektiboa berreskuratzen makina bat lan egin zuen. Ahozkoari eman zion indar gehiago, presa handiagoa zuelako idatziak baino. Informazio hori salbatzea lortu zen, baina oraindik deskodetu gabe dago. Batzuetan pentsatzen dugu Barandiaranek lan guztia egin zuela, baina hori ez da hala. Oraindik lan asko dago egiteko.
Eusko Ikaskuntzako lehendakariorde izan zinen, eta lehendakari tarte labur batean. Nolakoa izan zen aldi hura?
Jose Miguel Barandiaranen heriotzaren ondorengo trantsizio aldia egokitu itzaigun. Ontzia portu onera eramatea lortu genuen, oso hauteskunde artehartzaileak egin genituelako. Gregorio Monreal hautatu genuen, eta Eusko Ikaskuntzari jarraipena ematea lortu genuen eta, era batera edo bestera, eraberritzea.
Berriki Nabarralde sortu duzue, eta erakundeko lehendakaria zara.
Nabarralde prozesu luzearen ondorioa da. 1994an Nafarroarekin kezkatuta geuden batzuek Iturralde sortu genuen. Hitzaldiak- eta ematen genituen, baina gero gure ekintzek ez zuten jarraipenik. Orduan, jendeari hari bat eskaintzeko zerbait sortu behar genuela erabaki genuen, gure taldearekin harremana sendotu ahal zezan. Duela hiru urte sortu genuen Nabarralde, eta egun 1.100 kide ditu. Euskaldunen kultur politikoa berreskuratzea da gure helburua.
Bizkaian, esaterako, oztopo dezente ditu bere ideiak zabaltzeko, ezta?
Ez pentsa. Ari da pixkanaka. Oso talde garrantzitsua dugu jadanik Bizkaian, eta oso aktiboak dira gure mezua zabaltzen.
Erregezale eta monkarkikoa izatea leporatzen dizuete.
Hori erabateko gezurra da, gure mezua gogoko ez duen jendeak zabaldu nahi duena. Ni neu errepublikazalea naiz, eta ez dut ezagutzen Nabarralden monarkiko bakar bat ere.
Nola ikusten duzu abertzaletasuna. Oraindik Sabino Aranaren mezuak eragin handia du, ezta?
Neoaranismo bati lotuak ikusten ditut. Izan ere, uste dut ez dutela oso garbi Sabino Aranaren pentsaera: zazpi probintzia daudela, konfederazio batean biltzen direnak, Frantzia edo Espainiarekin berdinetik berdinera hitzartzen dutenak… Abertzaletasuna joera probintzialista baten menpe ikusten dut, Zazpiak Bat horren joeraren barnean. Oso ikuspegi motza ikusten dut EAJtik Batasuneraino, XIX. Mendetik harantza inola ere begiratzeko gai ez dena. Inon ez dute horrelakorik egiten.