2015 Nabarralde Saria, ‘Euskalerria Irratia’rentzat

Nabarralde_saria_2015

Iruñeko Kondestablearen Jauregian

Atzo jaso zuten ‘Euskalerria Irrati’ko kideek Nabarralde elkartearen makila, urtero ematen den sariaren sinbolo

Nabarralde_saria_2015

Reyes Ilintxeta eta Juan Kruz Lakasta, Nabarraldeko makila jaso zuten unean. Argazkilaria: Javier Bergasa

Euskalerria Irratiak Nabarralde Saria eskuratu zuen atzo, Iruñeko Kondestablearen Jauregian ospatutako ekitaldian, lagun eta adiskideez inguraturik. Nafarroaren eta Euskararen Eguna iritsi ahala Nabarraldek eskaintzen duen sari honek, bertako kideek azaldu bezala, “kolektiboa” izateko helburua izan du aurten, Nafarroako aldaketa politikoa ahalbidetu duten elkarte eta banako guztien ahaleginaren isla.

“Anitz izan dira modu kolektiboan, banaka, era publikoan edo anonimoki aldaketari bultzada eman dioten pertsona eta taldeak. Karikaturatik kantura, jazarritako Olentzeroa kalera ateratzen lagunduz, folklorearen bitartez tradizioa biziberrituz edo medioen bitartez injustiziei ahotsa emanez. Jende guzti horri, askoren indar horri eskaini nahi diogu gure omenaldia aurten”, adierazi zuen atzo Tasio Agerre Nabarralde fundazioko lehendakariak Kondestablearen areto nagusian bildu zen publikoaren aurrean, zeinen baitan Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Ainhoa Aznarez Parlamentuko lehendakaria aurki-tzen ziren.

Iruñerriko euskarazko irrati bakarra den Euskalerria Irratiak Nafarroan eman den aldaketarako beharrezkoa izan den indar hori “inork baino hobe” irudikatzen duela ere azpimarratu nahi izan zuen Agerrek. 26 urtez legearen babesetik kanpo emititzera behartua izan den irratiak aurten eskuratu du horretarako lizentzia, beraz, egindako ibilbidearen onarpena izateaz aparte, lizen-tziaren lorpenarengatik zoriontzeko balio izan zuen Nabarralde Sariak atzokoan.

Hala, Nabarraldeko lehendakariak Reyes Ilintxeta eta Juan Kruz Lakasta Euskalerriko Irratiko erratarien eskuetan jarri zuen sariaren sinbolo bilakatu den makila, dantzari batek Aurreskua eskaini ondoren. Ilintxetak saria eskertu zuen, “are gehiago kolektibo hau osatzen dugun beste kide baten eskuetatik” jasota. Lakastak, bere aldetik, Nafarroako aldaketaren alde borrokan jarraitzearen aldeko aldarria egin zuen: “Larremotzean aurrera egin badugu, haizea lagun dugunean are gehiago borrokatu behar dugulako”.

BIDE MALKARTSUA

Agerrek berak argi utzi nahi izan zuen, bere hitzetan, sariaren nondik-norakoa. “Ez dago Euskalerria Irratia baino hobeagorik Nabarralde Sariaren lekukoa jasotzeko, kolektiboa izan nahi duen onarpen horren froga bezala. Omenaldi zabal bat dela ahaztu gabe, hedabide hau izan da borrokaren aurpegi eta, batez ere, ahots nagusietako bat. Orain bere fruituak ematen ari den prozesuari datak eta izenak jarri dizkiotenak”, azpimarratu zuen. “26 urteko militantzia lana izan da irratiak egindakoa, alegalitatearen sokaz lotuta, lingua navarrorum-aren bidez informatzeko eskubidea defendatzen Navarrorum horren hiriburutik bertatik, errekonozimendu ofizialik gabe, legearen itzalpetik, diru laguntzarik eta publizitaterik gabe”.

2015a Euskalerria Irratiaren urtea dela erran daiteke. Izan ere, hedabideak orain artean egindako ibilbidea, luzea izanagatik, ez da erraza izan. Ia 30 urteko borroka juridikoaren ondoren, emititzeko lizentzia uka-tzeko UPNren erabaki irmoaren ondorioz, Iruñerrian euskaraz emititzen duen irrati bakarrak bere behin-betiko legalizazioa lortu zuen joan zen abuztuaren amaieran, agintea eskuratu berri zuen gobernu berriaren eskutik.

Hedabidaren tribunal arteko odisea 1997tik aurrera zorroztu zen batez ere, orduko Nafarroako presidenteak, Miguel Sanzek, lizentzien banaketarako lehiaketa batean irratiaren txosten tekniko baikorra atzera bota zuenean. UPNren hurrengo gobernuek, Barcinaren garairaino, jarrera eta estrategia berdina jarraitu zuten eta 2006ko zein 2013ko lehiaketetan ere uko egin zioten Euskalerria Irratiari FM kanal bat emateko aukerari, hainbat epaimahaiek hedabideari arrazoia eman arren.

Auzitegiz auzitegi ibili ondoren, Euskalerria Irratiak Nafarroako Gobernu aldaketaren eskutik lortu du, azkenik, emititzeko lizentzia. “Despotismoa eta lapurkeria nagusi izan dituen urte askoren ondoren”, aipatu zuen atzo Nabarradeko lehendakariak, “hainbat kolore biltzen dituen koalizio batek zolda guzti hori desgobernuaren aulkitik garbitzea lortu du, nolabait ere. Ezin da erran, alta, boteretik ezabatzea lortu denik, oraindik ere eskura baitaukate handik eta hemendik; bai ordea erakunde batzuetatik, eta horrek aldaketa garaiaren esperan-tzari atea irekitzen dio, baita hildako ilustreen monumentuez jositako eszenatoki hau aireztatzeko ilusioari ere”.

Lakastak ere gizartean biltzen diren talde eta kolektibo euskalzale guztiei behin betiko aldaketaren alde borrokan jarraitzeko deialdia egin zuen atzo, Nabarralderen makila jaso aurretik: ”Elkarrekin lan egin behar dugu, eskuzabal helburu berdina daukagunon artean”, azpimarratu zuen Euskalerria Irratiko erratariak. – M.M.

Noticias de Navarra