Joan zaigun urteko iritzi batzuk jaso ditut artikulu honetan. Bakan batzuk, eztabaidarako bide eman dezaketen batzuk. Ez beharbada euskalgintzaren egoera aletzeko egokienak, baina, nolanahi ere, egoera horren lekuko izan litezkeenak. Beude, hortaz, ondorengo jardunaren argibide gisa sarrerako hitzok. Azken kontu bat oraindik: neuregan hartzen dut aipu oro bere testuingurutik erauzteak dakarren bekatuaren ardura.
Hasteko, Angel Mari Peñagarikanok jarriko digu puntua: “Herri baten bizitza eta euskararena egunerokotasunean dago, eta euskaraz natural bizi ez bagara, alferrik antolatuko ditugu euskararen egunak”. Hizkuntza-politika egokia omen daukagun lurraldeetan inondik inora lortu ez duguna hain zuzen: euskaraz bizitzea, eta bizitze hori naturala izatea, hitzetik hortzera darabilgun erdal makulurik gabe. Salbuespenak salbuespen, egungo euskaldunen mintzaera ez da batere naturala, erdararen makulurik gabe mutu eta isil geratzen da. Pentsamenduaren atalik gehienak bahituak dauzka erdarak batez besteko adierazpideetan.
Bigarren puntua Xabier Mendiguren Bereziartuaren esku utziko dugu: “Euskaldunok erdal mundua ezagutzen dugu, hizkuntza menderatzen dugulako eta kultura horretan murgilduta gaudelako, baina alderantziz ez da gertatzen”. Zertan da horrenbeste urtetako (mende laurdena) elebitasun orekatuaren simetria? Zertan da hizkuntza aniztasunaren eta pluraltasunaren hitz-jario hutsala? Euskaldunok geure buruak engainatzeko saiakera ideologiko hori? Ele eta kultura bitasunaren gezurra gero eta nabarmenago ageri zaigu: euskarak jasotzen duen trataera ez da atzerriko hizkuntza batek jasotzen duenarekin alderatuz oso bestelakoa. Mikel Atxaga: “Bi hizkuntza batera direnean, beti euskara galtzailea, edozein tokitan dela ere: bileretan, hitzaldietan, egunkarietan…”.
Beste Xabier Mendiguren bat, oraingoan Elizegi: “Ez dut konparazio errazik egin nahi Karelia eta Nafarroa Garaiaren artean. Izatekotan, Ipar Euskal Herria genuke gaurko Karelia, zentralismo itogarriaren eta kolonoen presioz etnozidio atzeraezinezkoa nozitzen ari dena”. Kolonoak direla-eta: etorkinak gora eta etorkinak behera gabiltza aspaldi honetan euskal identitatearen etorkizuna beraien esku balego bezala. Programa bereziak eratzen ditugu euskaltegietan euskara ikas dezaten. Bien bitartean, hemen jaun eta jabe diren kolonoak beren hizkuntzan eta kulturan lasai ederrean bizi dira. Noizko euskararen eta euskal kulturaren klaseak kolonoentzat?
Hurrengo puntua Txillardegik jarria da: “Bizi guztian barrena erdara inposatzen diguten aberchale multzo ugari jasan behar izaten dugularik, ez dakit, benetan, ez ote ditudan nahiago Antonio Zavalaren ezpaleko filo-karlistak”. Hauek kolonoak baino okerragoak dira berriz. Haiek, azken batean, jatorriz eta izatez bizi dituen identitatearen ezpaleko dira, koherenteak. Hauek, aldiz, herri honen gezur sozial etengabearen erantzule zuzenak dira. Eta hauexek mintzo zaizkigu, hain zuzen, kezka-kezka eginda, etorkinen integrazioaz, beraiek erdal tradizio linguistikoan eta kulturalean besterik bizi ez direnean. Eta erdal hori badakigu alde honetan espainola besterik ez dela.
Politikaren eta herri euskaldunaren arteko harremana: antzezpen triste baten historia. Antzezpen horren emanaldi bat Durangoko Azokan ikusi genuen. Bernardo Atxaga mintzo zaigu Otegiren eta Arzalluzen liburuak direla-eta: zein hizkuntzatan ekoitzi dira eta zeinetan irakurriko dira liburu horiek? “Horrek dauka garrantzia, hori da datua, errealitatea. Gainontzeko guztia antzezlana da, soluzioak atzeratu baizik egiten ez dituena. Bistakoa da. Euskarari buruzko errepresentazioa erabat faltsua da. E-ra-bat”. Egun horietan adiskide batek mezu hau igorri zidan: “Aurtengo azokan libururik salduenetarikoak –non eta Durangon– abertzale politikoen erdarazkoak geratuko dira”. Bien bitartean, Durangoko azoka horretan bertan, zein hizkuntzatan mintzo zitzaigun eskolak euskaldun behar omen digun belaunaldia? Ainara Gorostitzu: “Pasaeran, alde batetik bestera igarotzean, nabarmena eta harrigarria zen haurren artean gaztelania zenbat entzuten zen. Edo ume euskaldunek oso apal hitz egiten dute edo atzo azokan izan ziren haur gehienek gaztelaniaz egiten dute. Bietako bat”. Berez mintzo dira gauzak eta gertaerak itxurakeria guztien azpitik eta gainetik.
Espainiak Obaba konkistatu zuenekoa. Puntua Joxemari Iturralderen eskutik datorkigu: “Ba al da Euskal Zinema izenaz dei genezakeen zerbait? Ez, lasai. Ez noa hastera orain eldarnio sasi-filosofikoekin. Ez naiz hasiko erabakitzen zer dagokeen “euskal” horren azpian eta ezta ere zerbait badagoen “euskal zinema” deitura ponposoaren baitan. (…) Ez dut dudarik egiten esaten badut “Obaba” ere euskal zinema dela, niretzat behintzat,…”. Kontrapuntua, Juan Luis Goikoetxea Arrietarena da: “Negargarria da bi eta bi lau direla gogorarazi beharra! (…) Eta erdaraz emango balitz euskal kultura? Ez litzateke mutu, ezpada mortu edo eraitsiriko eliza erromanikoz eraikiriko gotiko. Ez gaitezen engaina, erdarak dakarren euskal kultura ez da bizirik, erdara elikatzeko bazka besterik”.
Eldarnio sasi-filosofikoetan jardutea omen da “euskal” erroaren mamian aztarrika ibiltzea. Ramon Zallori eta enparauei ere buruhauste dezente eman bide die ideia-gako horrek. “Euskal Herriaren izaera eta horren planoak. Euskal Herriak bere nazio izaera hainbat arrazoi historikori zor diela esan izan da. (…) Izaera hori hizkuntzari zor diola ere esan izan da. Baina egitate kulturala da hori, ez politikoa, eta gehiengoaren hizkuntza ere ez da lurralde gehienetan”. Euskarari darion “euskal” hori euskal nazioaren definiziotik erauzi arteko onik ez daukate korronte ideologiko gehienek: izan espainolistak, izan Habermasen eskolakoak, izan abertzaletasunaren edozein adarretakoak. Berdintsu da praktikan. Kontua zera da: euskal nazio-identitatearen plano orokorretik, euskalduntasunaren “euskal” izaera hori, nola edo hala, balio unibertsalen izenean ez bada marxismoaren itzalpean erauzi nahi digutela, herritartasunaren errealitateak bere baitan faktikoki naziotasunik ez balu bezala. Herritar euskaldunak, bien bitartean, Elizan ere ez dira erdal herritarren pareko. Mikel Ugalde: “Errenterian, eliz ospakizunetan, euskaldunok bigarren maila batean gaudela ohartu gara”.
Minak eta saminak euskal baratzean. Lourdes Oñederra: “Horrenbeste maite dute hizkuntza bat non bestea gorrotatu egin behar duten. Edo horrenbeste maite dute hizkuntza bat, non bestean esandakoak min ematen dien belarrian –edo barrurago. Maitasunez mozorrotutako miseria horien ordez, nahiago aldizkari honetako orrialdeetan Iñaki Zubeldiak goraipatzen duen elebitasuna: ”. Zenbat miseria euskal baratzean! Zenbat min eta nahigabe! Mikel Atxaga: “Niretzat oso mingarria izan da erabat euskalduna zen herria erdalduntzen ikustea”.
Jarrai dezagun euskaltzaleon miseriekin. Txillardegi: “Euskaldun hutsen ezinak eta sofrikario bereziak nekez uler ditzakete euskaraz ez dakiten historialariek”. Euskaraz ez dakiena bakarrik ote da herri honetan gertatu den etnozidioaren aurrean entzungor egin duena? Herri honetan euskaldun huts izateagatik euskaldunak jasan duen traumaren kontzientzia zeinek izan du? Zeinek dauka orain? Nortasun-ukapen hori beren duintasunaren heriotza izan da euskaldunen mota horrentzat. Identitate-heriotza praktikatu du hemen komunitate nagusi batek. Euskaldunaren izana eta izaera ukatu egin du erdaldunaren nagusikeriak. Zeinek partekatzen du gaur hemen gutxiespen eta umiliazio horren mina eta samina? Ez behintzat komunitate nagusien hizkuntza-identitatea maite behar genukeela gogorarazten digutenek. Ez behintzat elebitasunaren izenean etnozidio ezkutatu nahi digunak.
Humboldt-en iragarpena Mitxelenaren zuhurtzia baino zoliagoa izan zenekoa. Patri Urkizu: “Baina ni euskarari dagokionez baikorra naiz. Bere garaian Humboldt-ek esan zuen euskara 100 urtetan desagertuko zela, eta ez zuen asmatu”. Euskararen heriotza kontuak direla eta, goazen Iparraldera. Emile Larre: “Holakoak hiltzen ari den herri baten seinale dira. Zeure buruaren nortasuna eta estimua galduak dituzularik, ez da gehiago gizonik”. Xipri Arbelbide: “Gure aurkariek egiten ahal dituzte, goxoan, gu emekiago hiltzen laguntzen ari dira, Bordeleko errektore batek erran zuen bezala. Badakite hemendik hogei urteren buruan euskara galduko dela”. Bukatzeko, Amets Arzallus: “ Bi belaunalditan euskara lurreraino jaitsi bada gure herrian, beste bi belaunalditan lur azpian sartuko da”.
Zeinek esan du hizkuntza baten heriotza komunitate horretako azken hiztuna hiltzen denean gertatzen dela? Zeinek esan du hizkuntza bat “bizirik” dagoela komunitate horren eguneroko jardunean mintzaira horren identitate kulturala eta soziala bizi ez dugunean? Zeinek esan du euskarak hizkuntza “bizitik” gehiago daukala hilzorian dagoenetik baino? Zer da hizkuntza “bizirik” egotea? Egungo euskal hiri nagusi eta ez hain nagusietan “bizirik” ote dago euskaldungoaren bizitza soziolinguistikoa? Bistakoa denez, Humboldt-ek arrazoi zuen funts-funtsean. Eta, jakina, 100 urte edo 200 urte aurreikusi, berdintsu da horrelakoetan. Joera historikoa da kontuan hartu beharrekoa. Orduan euskarak, nahiz eta orduan ere egoera diglosikoaren mendeko izan, hiztunaren eta komunitatearen baitan identitate soziala eta kulturala ernetzeko indar etnolinguistikoa zeukan. Zertan da gaur nazioa omen garen honetan euskararen identitate-efektua?
Nazio hitza ahotan hartua dugunez, amaitzeko, diskurtso politiko abertzalearen lagin bat: “Gizarte honi euskaraz bizitzea onartu zaio –neurri eta alderdi batzuetan–, baina eskubide politiko-juridikoak izaterik ez. Eta eskubide hauek izan gabe, nola indartu eta berreskuratu galdutakoa?”. Tomas Urzainkiren aipu horretan ederki islatzen da abertzaletasun politikoaren nora eza: nazio linguistikoaren eta kulturalaren dimentsioa gutxietsi eta nazio politikoaren aldarria egiten duen bide zentzugabea. Politikak ez baitu zentzurik, euskal zentzurik eta esanahirik, politika hori euskaraz egiten ez bada. Zertarako nahi ote dute nazio politiko burujabea hizkuntzaz eta kulturaz espainolak diren abertzaleek?
Joxe Manuel Odriozola , Euskara irakaslea