Nola da posible halako ahanztura? Harrizko bihotza al dugu? Kezka horrek akuilatuta, memoria ariketa kolektiboak egin dituzte egunotan Fernando Mikelarena Peña historialariak bideratuta. Iturenen 1936an fusilatu zituzten hiru herritarrak oroitu dituzte; Beran, aldiz, Argaitzeko harrobian fusilatutako 130 gipuzkoarrak.

Kamioietan ekartzen zituzten, tiroak aditzen ziren, oihuak… Gero, herritarrak derrigortzen zituzten gorpu haiek lurperatzera. Sinestezina da nola gelditu den guztia ahanzturan. Omenaldi-ekitaldian ahantziak oroitu zituzten. (Gorka RUBIO | FOKU)
Duela 90 urteko gerraren urteurrenean, Bidasoaldean izan ziren gertaerak oroitzeko ikastaroaren barruan, Fernando Mikelarena Peña historialariak solasaldi bat antolatu zuen Iturenen, 1936ko udazkenean fusilatu zituzten hiru herritarren inguruan: Pedro Gorostidi Imaz, Miguel Hualde Gorosterratzu eta Juan Bautista Iriarte Azpiroz. Herrian eta eskualdean ez dituzte atzendu eta etxeetan gorde dira haien oroitzapenak; batzuetan isilean, bertze batzuetan ahoz ahoko kontakizunetan. Mikelarenak istorio horiek partekatzera gonbidatu zituen iturendarrak, ttikikeriak iduri duten kontu horiek aunitz ekar dezaketelako gure herriaren memoriara.
Bada, erabateko arrakasta izan zuen proposamenak. 130 lagun elkartu ziren urriaren 23an Iturengo eskolan egin zen topaketan eta, garrantzitsuena, gogoz parte hartu zuten. Historialariak egin duen lan handiaren laburpen bat egin zuen eta bidea ireki zion memoria ariketa kolektibo bati. «Bizipenak kontatu gabe historia hankamotz gelditzen denez, jendeari eskatu genion detaile ttikiak emateko. Ez da erraza, gertaerek marka handia utzi dutelako, 90 urte iraun duen marka. Baina poliki-poliki herritarrak animatzen joan ziren eta hari mutur berriak atera ziren», kontatu zuen antolatzaile iturendar batek, Ana Erasunek.
IKURRINA BAT LEIHO BAZTERREAN
Jendeak hiru herritarrez oroitzen duena ikaragarri positiboa da, batez ere Pedro Gorostidi medikuaren kasuan. «Proiekzio eta inplikazio sozial handia izan zuen Bittori Urrotz emaztearekin batera. Kultur jarduera ugari antolatzen zituzten eta gure zaharrek zinta dantza, aurreskua eta abar beraiekin ikasi zituztela oroitzen dute. Etxeetan bizi ditugu, baina ondorengoek gero eta urrunago dituzte eta horregatik da garrantzitsua memoria ariketa hori», azaldu zuen Erasunek.
Mikelarenari deigarria egin zitzaion solasaldian parte hartu zuten gazte gehienek ez zekitela deus ere. Baina elkartu eta harietatik tiraka hasita, gertaera hunkigarri batzuk izan dira. Adibidez, Gorostidik etxea partekatu zuen Iriarterekin, baina justu fusilatu baino urtebete lehenago etxea erosi zuen emaztearekin. Iturengo nagusiek hagitz presente dute etxe hartan ikurrina bat egoten zela leiho bazterrean, bistan, bertze etxeetan ez bezala. 1963an, Baztandarren Biltzarra egin zen lehendabiziko urtean, Bittori Urrotzek ikurrin harekin egin zuen desfilea.
Iturengo solasaldian, herritar batek erran zuen ikurrin hori bere amatxiren etxean gordea zegoela, eta hantxe agertu da, marko batean sartua.
Bi argazki ere azaldu dira: batean Gorostidi ageri da auto batean, eta, bertzean, Iriarte, pilotariz jantzita. Antza denez, emakume bat Iriarterekin maitemindu zen eta nahiz eta bertze batekin esposatu, bere argazkia gorde zuen mesanotxe azpian bizi osoan.
BIKTIMAK ETA BIKTIMARIOAK
Mikelarenak testuingurua jarri zien hilketa horiei. Lehenbizi, azaldu zuen eskualde honetan hilketa guttiago gertatu zirela Nafarroa hegoaldean baino, altxamenduaren lehenbiziko egunetan jende aunitz joan zelako eskapo eta, gainera, ez zegoelako gatazka sozioekonomiko handirik. Hala ere, hiltzaileek helburu berarekin hil zuten batean eta bertzean: beldurra zabaltzeko, zigortzeko. Indarra erakutsi nahi zuten, beren ekintzak erabat zigorgabe geldituko zirela azaldu. Horren froga da biktimarioen izenak atzentzea. «Biktimak izateko biktimarioek egon behar dute, baina haien izenak ez dira aipatzen», adierazi zuen historialari beratarrak. Biktimarioek haiekin kolaboratzera bultzatzen zituzten herritarrak, ez baitzen ia inor boluntario aurkeztu gerrarako. Etsaiarekin kolaboratzea ere zigortzen zuten. Zona hau kontrabandistaz josia zegoen eta hauek erresistentzia sareei lagundu zieten.
Iturenek 586 biztanle zituen garai hartan. Landa gune bat zen. Denda gutti batzuk, bi taxi, hiru jostun, erlojugile bat eta zazpi ostatu zituen. Erdiak etxaldekoak ziren eta erdiak maizterrak. EAJk indar handia zuen herrian, batez ere Gorostidi eta Urrotzen lanari esker. EAJk udalbatza izan zuen Iturenen, eta Emakume Abertzale Batzak ere bai. Bertzela, Malerreka eta Bertizarana bere osotasunean hartuta, eskuina zen nagusi.
Hiru fusilatuak Aurtitz auzoan bizi ziren. Pedro Gorostidi Imaz Donostian jaio zen eta 39 urte zituen hil zutenean. EAJren Napar Buru Batzarreko kidea zen, bederatzi urte zeramatzan Iturenen mediku eta emazteak eta biek lan politiko, sindikal eta kultural handia egiten zuten. Miguel Hualde Gorosterratzu merkataria eta Udaleko gordailuzaina zen eta ama alargunarekin bizi zen. 31 urterekin fusilatu zuten. Juan Bautista Iriarte Azpiroz, berriz, 25 urterekin. Irakaslea zen, bera ere ezkongabea, eta amarekin bizi zen. Hiru anai-arreba gazteago zituen. Horietako bat, Graciosa, Emakume Abertzale Batzako presidentea zen Iturenen.
SALATZAILEAK
Abuztuan, hirurak kargugabetu, atxilotu, eta Berako kartzelan sartu zituzten. Faustino Arbizu erretoreak eta Leopoldo eta Francisco Tena bere bi ilobek salatu zituzten. «Tena anaiak bi pertsonaia maltzur izan ziren. Batzorde Karlistako arduradunak izan ziren, eta gero herri aunitzetako idazkariak. Nire izeba Mari Luzek -ezkertiarra, jenio bizikoa- Leopoldo salatu zuen neskez abusatzen zuelako eta Auzitegi Goreneraino eraman zuen kasua. Irabazi eta Bertizaranako idazkari kargua uztera zigortu zuten Leopoldo. Baina laster Sunbillako idazkari izendatu zuten», azaldu zuen Mikelarenak.
Irailean Julian Troncoso izendatu zuten Berako komandante. «Espainia Iparraldeko muga zerbitzuen burua izan zen, lehenbiziko espioitza zerbitzu frankistarena, eta GALen aitzindaria, mafioso eta gaizkileak errekrutatu baitzituen Normandian urpeko frantses bat hondoratzeko. Harrapatu eta atxilotu egin zuten».
Ez dago hiru iturendarren sumariorik. «Badirudi ez zekitela zer egin haiekin. Troncosok lau egunez Iturenera joateko baimena eman zion Iriarteri amatxiren eritasunagatik, baina gero, irailaren 28an, fusilatu egin zituzten hirurak. Troncosoren izaeraz aparte, bi kontu daude: gero eta ohikoagoak ziren hilketa estrajudizialak eta Batzorde Karlistak txosten bat bidali zien Molari eta Francori euskal nazionalistak gorriak baino okerragoak zirela eta zigorra merezi zutela erranez».
FUSILAMENDUAK
Lesakako zubitik hurbil fusilatu zituzten, Etxalarko lurretan, Irun eta Iruñea arteko errepideko 72. kilometrotik 300 metrora, Bidasoa ibaiaren eta errepidearen artean. Handik urte batzuetara hiru gorpuak desobiratu eta Iturengo hilerrian lurperatu zituzten Bittori Urrotzen ekimenez. 90.000 pezetako isuna jarri zioten Bittoriri gorpuak erreklamatzeagatik.
Herritarren artean erraten zen Bittorik Faustino Arbizu parrokoari eskatu ziola lur emateko eta honek uko egin ziola. Joan den eguneko ekitaldiaren ondotik, elizako hilen liburua kontsultatu dute eta han leitu dute 1936an hil zirenen erregistroan, Arbizuk sinatuta, «muertos por la patria y dios» jartzen duela, baina ez dago han hiru fusilatuen arrastorik. Ondotik bertze apaiz bat etorri zen, eta honek ere ez zituen erregistratu. Hirugarren bat iritsi zen 1971 aldera, Fermin Ixurko -gaur egun 100 urte ditu- eta akta bat egin zuen, euskaraz: «1936an hiru herritar kristau fededun hil zituzten eta ez dira agertzen liburu honetan». 1977an, Gorostidi, Hualde eta Iriarteren heriotza agiri formala ageri da. Liburuan ofizialki jartzen du «se les dio sepultura» eta apaizak ondoan jartzen du: «Se les negó tal oficio de sepultura». Honakoa ere bai: «Ignoro qué oportunidad de recibir sacramento le darían los fascistas que los asesinaron».
Hiru herritar hauenganako atxikimendua ikaragarria izan da, Ana Erasunek baieztatu zuenez. Erran zuenez, Bittori Urrotz ere hagitz presente dute. Heldu den abenduan, azkenean, orain arte egin gabeko omenaldia eginen diete Iturengo Aurtitz auzoan, Mendaurren azpian.
ARGAITZ, HILTEGIRIK HANDIENA
Iragan igandean, azaroak 1, ekitaldi-omenaldi bat egin zuten Berako Argaitzeko harrobian. Sinbolo bat da harrobi hori, Nafarroan jende gehien hil zuten lekua: 130 lagun guztira, denak gipuzkoarrak, Donostiako Ondarretako kartzelatik ekarriak: ezkertiarrak, errepublikarrak eta abertzaleak. Kamioietan ekartzen zituzten, fusilen deskargak aditzen ziren, oihuak, tiro hotsak… Gero, gainera, herritarrak derrigortzen zituzten gorpu haiek lurperatzera. Hori kontuan hartuta, ekitaldian aipatu zuten bezala, sinestezina da nola gelditu ahal izan diren krimen horiek ahanzturan.
2013an antolatu zen lehenbizikoz Beran fusilatuak eta desagertuak oroitzeko ekitaldia. Hiru hilabete lehenago, Aranzadiko kideek hilerriko hobi komuna ireki zuten. Baina zazpi pertsonaren gorpuzkiak atera ahal izan zituzten bakarrik, hezurren gainean beratarren hilobiak egin zituztelako. 2019an, Nafarroako Gobernuak Memoria Historikoaren Toki izendatu zuen Berako Argaitzeko harrobia.
Ez dago dokumenturik eta ez dago fusilatuen izenak jakiterik. Arduradunenak, bai. Fernando Mikelarenaren arabera, honakoak dira: Jose Maria Arellano Gipuzkoako gobernadore zibila, Ramiro Llamas del Toro komandantea, Agustin Prado bere idazkaria eta Lucio Arrieta Falangearen Gipuzkoako burua. Erreketeek eta falangistek egin zituzten fusilamenduak.
Lekukotasunen artean, Barojatarrenak daude. Hala idatzi zuen Pio Barojak: «Alkateak argiontzi batekin argitzen du hilketak egiten dituzten tokia». Ricardo Barojaren bi koadro ere badaude. Isidoro Fagoaga opera abeslari famatua harrobitik hurbil bizi zen eta nerbio krisi latzak sufritu zituen fusilamenduen ondorioz.
Datu berri bat ere eman zuen Mikelarenak: Nicolas Guerendiain Irungo alkate errepublikarra Berako harrobian fusilatu zuen Meliton Manzanasek.
Omenaldi-ekitaldian, Aitor Elexpuru Berako alkateak 1936ko udan eta udazkenean eskualdean izandako errepresioaren biktimen izenak irakurri zituen, eta bildutakoek lore eskaintza egin zieten harrobiaren ondoan dagoen muralaren magalean, txalaparta eta txistu doinuek lagunduta. Ohartarazi zutenez, ultraeskuina atean dugu berriz, eta memoria erne izan behar dugu.
Gara








