1620ko ediktu ukatua

1620ko ediktuaren bidez, bortxaz anexionatu zuten euskal estatuari gelditzen zitzaion azken zati subiranoa -Nafarroa Beherea- Frantziako Erresuman. Lostau Nafarroako Parlamentuko presidenteak gutun bat idatzi zuen batzeaz kexatzeko.

Frantziak euskal estatua bortxaz estekatu zuenetik laurehun urte beteko dira aurten. 1620ko urriaren 20an, Frantziako Kontseiluak bere ediktua inposatu zion Nafarroako Erresumari.

Agindu hark Nafarroako lurralde subiranoa —Beherekoa— Frantziako Erresumari lotu zion. Hara zer zuen izenpetu Luis XIII.ak: «Guk, guhauren autoritate subiranoaren manuz, bateratu egiten dizkiegu Nafarroako Herria eta haren koroa Frantziako gure koroari eta domeinuei, ezabatu gabe bertako foru, libertate eta zuzenak, zeintzuk atxikiko baititugu, egoerak ez baldin bagaitu haien ezabatzera behartzen, betiere. Orobat nahi eta manatzen dugu hemendik goitik Nafarroako Parlamentuko ordenantza, agiri eta prozedurak izan daitezela frantses lengoaiaz emanak».

Kasik mende bat lehenago, Espainiak Nafarroako Erresuma inbaditu eta okupatu egin zuen, eta, 1527az geroztik, Nafarroa Beherea zen subirano baratu zitzaion bakarra: «Albretarrek iparraldean estatua berrosatu zutenean, instituzioak Erdi Aroko berak ziren: alde batetik Gorteak, eta, bestalde, justizia erakunde berberak, nahiz pixka bat modernizatzen dituzten egoerara egokitzeko. Beraz, administrazio bera erreproduzitzen dute, Foru Orokorrean oinarrituz eta lege sistema berberarekin», azaldu du Roldan Jimeno zuzenbidearen historialariak. «1620ko data garrantzitsua da erabat, mende bat lehenago Espainiarekin gertatu zena gertatu zelako Frantziako Erresumarekin: Nafarroaren subiranotasunaren kentzea. Estatu nazioak sortzean, Nafarroak bere identitatearen funtsa galdu zuen: independentzia», gehitu du Jimenok.

Jean Louis Davant historialariak ere norabide berean hitz egin du: «1620an burua galdurik utzi zuten Nafarroa: Frantziari anexionatuz, estatu burujaberik gabe gelditu ziren orduan euskaldunak. Frantziaren kolonia bilakatu zen Nafarroa».

Buru berak bi koroa

Henrike III.a errege nafarra Frantziako IV.a bilakatu zelarik, monarka bera bazen ere, bi erresuma erregetzen zituen, «Erdi Aroan maiz egiten zen bezala»: bataren zein bertzearen subiranotasuna «auzitan jarri gabe», Jimenoren hitzetan.

Davantek bat egin du: «Erresumako errege-erregina legezkoek Nafarroa Beherean zuten agintzen. Parisetik, baina. Bi bonet zituen errege beraren pean».

Ordura arte Frantziako Erresuma eta Nafarroakoa manera desberdinean kudeatzen bazituen ere, Nafarroako erregea Frantziako ere bilakatu zelarik hasi ziren aldaketak. «Joan Albretekoarekin, erlijio gaiak salbu, gauzak ez dira gehiegi aldatu», xehatu du Jimenok.

Hala ere, azpimarratu du frantsesak hasiak zirela erresuma bat eta bakarra proiektatzen, eurena: 1607tik aurrera, bi administrazioen uztartzen saiatuko ziren etorkizuneko batasunari bide emateko: «1608an, Nafarroako Henrike III.ak eskatu zuen foru berri bat idazteko; neurri oso garrantzitsua izan zen hori, zeina Luis semeak onartu baitzuen; Erdi Aroko Nafarroako foruari konparatuz, Frantziaren eragin handiagoa daukana». Bi adibide eman ditu aldaketaren garrantziaren adierazgarri: alde batetik, Erdi Aroko paktismoa desagertu zen, hots, erregeak foruari zin egin beharra; eta, kinberrez, biak maila berean ezarri zituen. «Nafar sistema demokratikoa desagertu zen hala, monarkia absolutista bilakatzeko. Oinarri konstituzional nafarra lehertu zen», laburbildu du Jimenok. Bestalde, zin egite hori Nafarroako Erresuman zen egiten; alta, foru berriaren arabera, Paristik egin zezakeen erregeak.

Davantek oroitarazi du Henrike III.aren amak, Joana Albretekoak, erlijio katolikoa debekatu egin zuela, eliza erreformatua ezarriz. Henrike III.ak «bakea berrezarri» zuen, baina, 1610ean hil ondoren, Luis XIII.a semeak —ama Maria Medicik bultzaturik— helburua zuen Biarnoko ondasun katoliko guziak arrabiltzeko. Haiek «anexionatu gabe zuzendu zitzakeen, baina frantses erregeek beti bazuten halako janiza bat inguruko entitateak irensteko». Hala, Biarno eta Nafarroa lotzearekin, helburu bikoitza zuen Frantziak: kalbinismoa ahultzea batetik, eta lege salikoa inposatzea bestetik, erran nahi baita, ordura arte Nafarroako foru orokorrak baimentzen zuena deuseztatzea: emakumeek erreinatzea.

Hala, 1608an idatzi eta 1611n indarrean ezarri zuten foru berritik lekora, nafar legediak frantses eragin handia jasan zuen, 1620ko ediktura arte. Jimenok azaldu du: «Ediktua erregearen inposaketa bat izan zen. Nafarroan ez zuten onartu, eta, hala ere, Nafarroa Beherea Frantziako koroan sartu zuten. 1611ko foru berria eta 1620ko ediktua katastrofikoak izan ziren nafar subiranotasunarentzat».

Erresistentzia zangopilatua

Nafarroako Erresumak 1789ko agorrilaren 4a arte iraun zuen, baina «garun heriotzan», kontatu du Davantek. Izan ere, subiranotasunaren galtzeak ahuldua utzi zuen 1620ko ediktuak, eta, besteak beste, Nafarroako Erresumak Donapaleun zeukan Justizia Tribunal Gorena Pauerat estraditatu zuten. «Nafar justiziak beregaintasuna galdu zuen horrela», erran du Davantek, handik aurrera «euskaraz aritzeko segurtamenik batere ukan gabe».

1611ko foru berri hartatik landa, nafar zuzenbideari indar guzia kendu zioten, betiere bertako instituzio nazionalen iritziaren kontra. Garai hartako erresistentziaren herexak zinez meheak badira ere, Nafarroako Parlamentuko presidentearen gutunak ezin argikiago erakusten du egon bazegoela erresistentziarik. 1617ko urtarrilaren 20ko gutuna «gutun arras gogorra da, zuzena; gaur egun eskuak buru gainera eramateko moduko esaldiak baliatu zituen Peir Lostauk, Frantziako erregea bera ere kritikatu baitzuen», azaldu du Alvaro Adot historialariak, zeinak itzuli egin baitu delako gutuna frantses klasikotik. Hark argitu du Nafarroaren aurkakotasun instituzionala Frantziako Erresumari batzeko. Lostauk ezagutzen zuen bateratzearen proiektuaren lehen testua, «gutun honetan bere erabateko desadostasuna adierazi zuen, eta, gainera, zabaltzeko xedea zeukan, inprimatu ere egin baitzuen. Garaiko politikaren ibilmoldearen ezagutzaile handia da, eta daukan inpresioa da ediktu horren zinezko helburua Nafarroa Erresuma gisa desagerraraztea dela, probintzia soila bilakaraziz».

Adotek argitu du 1617ko ediktu hura ez zela ez argitaratu, ez praktikan ezarri. Horrenbestez, «Segur aski bazegoen bateratze horrekiko desadostasun handia Nafarroan, eta Biarnon, testuak erabat deuseztatzen baitzuen bertan agintzen zuen higanoten sektorea».

Aritz Otazu Mintzoa argitaletxeko arduradunak emozio handiz aipatzen du gaia, Lostauren lau orriko gutunaren ale bat atzeman baitu Napolin (Italia) berriki: «Ikaragarria da gutun hori, zeren eta Lostauk ez baitu bakarrik erraten Nafarroa Frantziari lotu gabe egon behar zenik: gainera, dio galdutako Nafarroa Garaia Gaztelari kendu egin behar zitzaiola. Hau duela laurehun urte gaitzeko marka bat zen. Izugarria zen Nafarroarekiko zuen maitemina, horrelako erranak heriotzez zigortzen baitziren. Oso garrantzitsua da dokumentu hori, edukiagatik; historiografia osoan ez dugu horrelakorik ikusi». Instituzio publikoei die lehenik dokumentuaren salmenta proposatu, baina, «tamalez», esku pribatuetan bukatu du.

1620ko ediktuaren laurehungarren urtemugaren oroitzeko, Nabarraldek eta Zabalik elkarteak kongresu bat antolatzekoa dute urriaren 3an, Donapaleun, Nafarroa subiranoa zen garaiko lekukoan: hitzaldiak, herri bazkaria, estatuko azken hiriburuaren bisita gidatua, antzerki emanaldia… Zabalik elkarteko kide Mattin Irigoien antolaketa lanetan dabil: «Helburua dugu Nafarroako Erresumak data horixe arte bizirik iraun zuela erakustea, ezezaguna den epopeia bat ezagutzera ematea, eta ikerlari multzoa horri buruz lanean ezartzea».

Beste elkarte batzuk deialdira gehitzen ari dira.

Berria