Gauza jakina da latinetik abiatu eta mendeetan zehar Penintsulan ezagutu duen bilakaera baten ondorio dela gaztelera. Badakite, halaber, Kantauri aldean, Leongo Erresumaren menpe zeuden konderri multzo baten barruan izan zuela bere jaiolekua. Gazteleraz idatzitako lehen testuak X. mendeko eskuizkribu ba-tzuetan agertzen dira. Hain zuzen, latinezko hitz eta atal batzuk itzuliaz, Silosen eta Donemiliaga Kukulan -bi monasterio horien izena daramaten Kodeetan- jasoak.
Ez nengoke hain seguru gazteleraren erabiltzaile horiek beraiek zer ezagutzen duten euskarari buruz idazterakoan. Ba al dakite, esate batez, Glosatan agertzen diren gaztelerazko lehen hitz idatziekin batera, bazterretan euskarazko lehen esaldi ezagunak ere agertzen direla «guec ajutu ez dugu» eta «izioqui dugu»? Honek, baina, zera esan nahiko luke: Antso Gartzeiz I.ak fundatu zuen Errioxako Donemiliaga Kukula Monasterioraino gutxienez iristen zela, garai hartan, euskara. Esan behar da, nolanahi, ezaguna denez, itzal handien ilunpean aurkitzen dela, gaur oraindik, erromatarrek bere agintepera ekarri aurretikako Penintsularen egoera linguistikoaren ezagutza, nahiz eta badakigun, hori bai, Pirinioetako bi aldeetan hitz egiten zen hizkuntza zela, eta erromanizazio linguistikoari aurre egiteko gauza izan zela.
Ondoren bi bilakaera arras desberdin ezagutu zituzten bi hizkuntzek. Gaztelera gara-tzen joan zen, bizi-bizi, literatura loratze bat ezagutuz. Euskara, aldiz, etxeko erabilerara mugatu zen, eta aho-hizkuntza izatetik haratago ez zen jalgi. Gorteetako ateak itxiak zituen, merkataritzatik eta, oro har, orduko merkatal harremanetatik at gelditu zen. Honekin guztiz zaildu zitzaion euskarari erabilera literarioa. Esan daiteke XVI. menderarte euskaldunok ez genuela gure hizkuntzan idazten jakin.
Eta, horrela, literatura idatziaren lehen urratsak Pirinioez bestaldean ematen dira. Ordurako, baina, 1512. urtean, Nafarroa konkistatua zegoen. Ez nuke jakingo Nafarroako konkistaren eta mugaz alde honetatik ematen den literatur agerpenik ezaren artean loturarik badenetz zehazten.
Mirakulu baten parekotzat jo daiteke, nolanahi, euskararen iraupena historian. Atzerapen beldurgarrizko urteak ezagutu ditu. Gorabehera politiko desberdinei aurre egiten jakin du. Gaur bertan, zertan hobetu eta aurreratu falta ez bada ere, ezin da esan inoizko egoerarik txarrena bizi duenik.
Barka ezina litzateke saiatuko ez bagina, gorabehera guzti hauen ondoren, bere erabilera, garapena eta normalkuntza bultzatzen. Eta, bereziki, hizkuntza idatziaren alde jardungo ez bagina. Garrantzi bizikotzat jotzen dut hau. Inoiz ez bezala, teknologia berriei esker, hizkuntza idatzia bultzatzeko ahalbideak eskura ditugu. Saiatu beharko genuke, hitz egiteaz aparte, euskal literatura sortzen eta horren bidez, baita, transmititzen, euskarri tekniko berriez baliatuz.
Konkistatua izan zen Nafarroa, 1512an. Gaztelako Erreinuak konkistatu zuen. Konkistatu, horrek esan nahi duen guztiarekin, eta ez lagunkiro eskuratu, jadanik nornahirentzat argi egon beharko lukeen bezala. Historiak irakatsi digu, berriz, konkistak zer ekarri ohi duen, jeneralki, hizkuntzaren esparruan: hizkuntza baten inposizioa eta bestearen menpekotasuna. Gure kasuan, gazteleraren inposizioa eta euskararen menpekotasuna.
Erresumarik gabe utzi gintuzten. Ez, zorionez, gaur oraindik, Lingua Navarrorumik gabe. Data honen oroitzapena ezin da oroigarri historiko huts izan. Gure hizkuntzaren garapenaren aldeko konpromisoa berritzera eraman behar gaitu horrek. Denon egitekoa eta erantzukizuna da, norberak jakingo du zein modu eta neurrian. Horrela bakarrik jalgiko bai da euskara mundura. Denok gorde-tzen, garatzen, lantzen, eta idazten dugun neurrian. Ez bestela. 1512ko gertakizunen oroi-tzapenen hariz, baita, josi beharko genuke, horregatik, beste behin, 2012 honetan, euskararen aldeko konpromiso berritua.