Erdi esanak osatze aldera

Euskararen egoera zertan den ikusteko ETB1eko Kalakan parte hartzeko aukera izan nuen duela zenbait aste. Horrelako saio batean jorratu daitezkeen gaiak aldez aurretik begiz jota eraman ditzakezu hara, baina gero, jakina, ez da aukera handirik izaten gehienetan pentsatua zeneukana esateko. Horregatik, artikulu honetan, han erdizka esandakoak osatu eta beste hainbat gauza zehaztu nahi nituzke.

Hizkuntza erabilerari darion identitate soziolinguistikoa. Gai honi buruz hitz egin genuen, eta beti bezala, oker ulertutako interpretazioak azaldu ziren. Beraz, ea behingoz behar bezala argitzen dugun identitate-moten auzi hau. Esan dezagun, hasteko, bizitza soziala bizitza komunikatiboan oinarritua dagoela, besteak bete, eta bizitza komunikatiboaren prozesua hizkuntzari esker garatutako sozializazioan garatzen dugula. Hori horrela baldin bada, hizkuntzaren erabilerari ezinbestez darion identitate soziolinguistikoa ez da nahitaez, esate baterako, identitate nazionalari darion identitate-mota. Baina, jakina, hitz labainkorra da nonbait identitatearen auzia harrotzen duen gaia, eta hitz hori aditu orduko hizkuntzaren kontua politikarekin, nazioarekin eta ez dakit zerekin lotzen duen jenderik ez da falta. Beraz, behingoz, onar dezagun identitate soziolinguistikoaren izaera autonomo erlatiboa: hau da, besterik gabe, pertsona baten sozializazioan erabili den hizkuntzari darion identifikazio-mekanismoa, hiztunak hizkuntza horrekiko ehundu duen sentipen-lokarria, testuinguru nazionalaren efektuak gorabehera.

Euskara jakiteak ez gaitu euskaldun egiten. Bigarren puntu hau ere hartu genuen ahotan, baina duen garrantzia izanda, zehaztu dezagun zertxobait gehiago. Ez naiz batere harritzen euskaldun izatearen kontzeptua hain iluna eta lausoa izatea, definizioaren bila hiztegira jota honako definizio hau agertzen baitzaigu ia beti: “euskalduna euskara dakien pertsona da”. Jakina, definizio horren okerraz berehala jabetzen gara hala ere: “ingelesa jakiteak ez gaitu ingeles bihurtzen”, edo beste edozein hizkuntza jakiteak ez gaitu hizkuntza horri darion identitatearen jabe egiten. Alegia, berehala konturatzen gara hizkuntzari esker hiztunak garatzen duen identifikazio-lotura eta partekatzen duen mundu sinbolikoa ez dela jakite akademikoari eta formalari darion tasuna eta izaera. Eta hizkuntza-eredurik euskaldunenak edo euskal curriculumik euskaldunenak ere ez duela horrelako gaitasunik garatzen euskal hiztunaren nortasunean, jardun soziolinguistiko formal eta akademiko horien efektuak ez baldin badira hiztunaren sozializazio hegemonikoan hezurmamitzen. Ez dirudi auzi filosofiko korapilotsuegia denik, beraz, euskaldun izatea, euskaldun gisa jokatzea, ez dela euskara jakitearen edo ez jakitearen kontua, euskaraz sozializatzeari darion tasuna eta izaera baizik. Hizkuntza, ezer izatekotan, ekintza soziala delako, eta ekintza komunikatibo eta kognitibo horren lantegian euskararen hitzik lantzen ez bada, ez dago euskaldunik.

Gure arbasoek jasandako segregazio soziala. Puntu hau oso gainetik eta axaletik aipatu genuen. Erdara ez jakiteagatik, hizkuntza arrotza ez jakiteagatik, jatorrizko herritar euskaldun elebakarrek beren herrian eta etxean bertan jasan zuten eta oraintsu arte jasan izan duten segregazio soziala gure diskurtsotik at egoteak ere eman behar liguke zer pentsatua. Oroimen historikoa gora eta behera gabiltzan aldi honetan haiek jasandako bazterketa, marjinazio eta gutxiespen soziala gogoan ez izatea, zinez kezkagarria da. Kezkagarria, zeren eta badirudi herri batzuetako herritarrek ez dutela eskubiderik jatorrizko hizkuntzan eta kulturan bizitzeko, eta, horrenbestez, legitimatu egiten dugula nolabait gure herrian gertatu den etnozidioaren historia beltza eta latza. Esplikazio bakarra dauka nirekiko horrek: herri honetako abertzaleak ez direla haien oinordeko sentitzen eta, hortaz, espainolduak eta frantsestuak izan garen neurrian, alienazio eta akulturazio soziolinguistikoak segregazio sozial haren oroimena erauzi egin digula. Gainerakoan, pentsatzekoa denez, ez genituen ahantzi ditugun moduan ahantziko. Ez genuen ahanzturaren gainean eraikitako egungo egoera soziolinguistiko bidegabe hau legitimatuko; egungo errealitatea, jakina, den bezalakoa da, eta ez omen genuke amets eroetan barrena ibili behar. Horra, bada, errealismoaren izenean zilegitutako herri euskaldunaren segregazio sozialaren historia lazgarria. Eta legitimazio-lan hori ez dute bakar-bakarrik ideologia inperialistek egin, zoritxarrez, etxeko batzuk ez baitira atzean geratu lan zikin horretan.

Abertzale guztiak zaku berean sartu omen nituen. Eta hori ez bide da zuzen eta egokia. Zehatz dezadan, hortaz, abertzaletasunaren adar batzuk euskaldunagoak direla beste batzuk baino euskal hizkuntzen praxi linguistikoan. Baina, guztiarekin ere, nik uste dut estrategia abertzale guztiek bat egiten dutela funtsezko auzi batean: alegia, abertzaletasunaren adar bakar batek ere ez ditu, nik dakidala, bere jardunaren muinean, nazio-proiektuaren ardatzean, herri euskaldunaren interes soziolinguistikoak txertatzen eta aldezten. Nazio-eraikuntza ez da alderdi abertzaleentzat euskarazko jarduna: nolabait esan, hizkuntza menderatzailearen eskuak eraikiko luke balizko euskal herri burujabearen eraikina. Horra, beraz, kontraesanaren sakona eta zentzugabekeria: nazio zapaldua hizkuntza menderatzailean eskuz eraikitzeko aldrebeskeria. Ideologia abertzale guztien ezaugarria, oker ez banago.

Eta, ildo beretik, Kalakan esan ez nuen, baina esatea merezi duen beste gauza bat bukatzeko: erdararen erabilerak espainol egiten gaitu. Iparraldean, berriz, frantses. Iritzi hau mingarria egiten zaigu, eta abertzaleak baldin bagara areago. Abertzale askok eta askok uste dute ideologia nazionalistak egiten gaituela euskaldun. Gezurra galanta, iruzur ederra. Ideologia politikoaren sentimendu abstraktuak ez gaitu euskaldun egiten. Ezta hurrik eman ere. Hizkuntzaren esparruan sortzen den kulturak egiten gaitu bere baitako: euskaraz bizi baldin bagara, euskaldun gara; espainieraz bizi bagara, espainol. Nazio-identitatea ezin da murriztu nazio-kontzientziaren izaera abstraktura. Geure bizitza komunikatiboa eta soziala espainieraz artikulatzen eta eratzen baldin badugu, espainola izango da geure identitatea, izan ditzakegun sentimenduak gorabehera. Identitatearen iturria bizitza soziala eratzeko moduan baitatza, ez bizitza materialaren mamirik gabeko nahikundeetan.