Erdal musikaz aspertuta gaude!

lderdi Ederreko jolastokiaren ondoan bada zaldiko-maldiko (karrusel) bat, beti musika jarrita daukana eta parke osoan entzuten dena. Gauza da, gehienetan, gaztelania hutsezko musika dela, bai haur kantak bai bestelakoak izan. Noizean behin soilik jartzen dute euskarazko disko bat (bakarra dirudi). Egunero joaten garen haur, guraso eta zaintzaileontzat larria da goiza eta arratsaldea La gallina turuleta, Hola, Don Pepito, Mi barba tiene tres pelos… entzun eta abestuz pasatu behar izatea.

Jakin badakigu Udalak baduela araudi bat, horrelako toki publikoetan hizkuntzari dagokionez bete behar direnak arautuz. Beraz, euskarari, Donostiako guraso gehienek euren seme-alabak hezteko aukeratu dugun hizkuntzari, toki zabalagoa zor zaiola uste dugu.

Esan beharra daukagu, bertako arduradunei behin baino gehiagotan eskatu izan diegula euskal musika ere jartzeko, eta euren erantzuna, bi hizkuntzatan jartzen dutela; baina ez da horrela, eta frogatzeko ikusi besterik ez dago nola duten gaztelaniaz album oso bat, euskaraz bi CD baino ez duten bitartean.

Hori guztia dela-eta, Udaleko Euskara Patronatura jo dugu, eta badirudi egoera honi konponbidea bilatzeko prest dagoela. Ea laster gure seme-alabek euskal musikaz ere goza dezaketen Alderdi Ederren!

 

* Kai Harripe Alde Zaharreko Euskara Batzordearen izenean (Donostia).

Berria-k argitaratua