Elkano Fundizioa

Egunkarian irakurri nuen albistea, eta frankismo garaira garraiatua sentitu nintzen supituan. Adinagatik azken urteak bizi izan nituen ozta-ozta, baina subkontzientean dauzkat orduan entzundako hainbat esaldi, eta gaur egun horietako bat errepikatuta ikusteak alarma guztiak piztu zizkidan.

Elkano Fundazioak espedizio ospetsuaren bosgarren mendeurrena ospatzeko bultzatu duen ekimenen artean kantu baten aurkezpena dago, Etxepare Institutuarekin elkarlanean. Ekainean agertu zen albistea, eta honela zioen lehen paragrafoak: «Munduari egindako lehen bira hark suposatu zuen kulturen arteko topaketan oinarritua dago».

Kulturen arteko topaketa: frankismoko testu liburuetan hitz horiekinxe esplikatzen zitzaion, ikasle mozolo ezjakinoi, Espainiak Amerika aurkitu zueneko balentria hura. Ez zegoen kolonizaziorik, ez genozidiorik, ebanjelizazioa baizik, espainol hizkuntza ederraren eskaintza indio ziztrinei; kulturen arteko topaketa bat izan omen zen. Eta liburu haietako marrazkietan indioak agertzen ziren, belaunikaturik eta esker onez, ongietorria egiten Kolon eta enparatuei.

Ideia honi beti eman diote jarraipena Espainiako agintari guztiek. 2001ean, Juan Carlos I. erregeak esan zuen Cervantes sarien ekitaldian: «Gure hizkuntza ez da inoiz inposatua izan, baizik eta topaketa hizkuntza; inor ez da inoiz gazteleraz hitz egitera behartu izan; herri ezberdinak izan ziren Cervantesen hizkuntza bere egin zutenak, erabateko askatasunean». Handik sei urtera mezu berbera bota zuen Cartagena de Indiasen. Orduan, bederen, hitzok polemika sortzen zuten.

Aurkezpenean, hurrengo paragrafoak dakar traka nagusia: «Bi mundurekin, bidaia hark eragin zituen aniztasuna, kultura-trukea eta ezberdinen arteko topaketa nabarmendu nahi ditugu, hori guztia euskaratik eta Euskal Herriaren begiradatik».

Bidaia haien funtsezko helburua Espainiak Portugalekin zeukan lehia irabaztea zen, zeinek herrialde gehiago kolonizatuko, eta non aurkituko Espainiak Europako nazio askorekin zeuzkan gerrak finantzatzeko iturriak: urrea, zilarra, espezieak, munduan zehar portuak eraikitzeko aukerak, aurrerantzean base militarren gisan erabiltzeko, gaur yankiek egiten duten moduan. Ez ziren espedizio kulturalak, ez naturalistak ere, ez zihoan Darwin haiekin, gizon etsitu haiei ez zitzaien zipitzik inporta lehorreratzen ziren lekuetako kulturarik, eta egin zuten bakarra izan zen bakean eta, bakoitzak antolatua zeukan bizitzeko modu bat suntsitu, edo arriskuan jarri betirako. Aurrerantzean, behin haien koordenadak mapan kokatu ondoren, beste inbasio asko pairatuko baitzituzten, gaurko mundu asimetriko eta injustizian itotako honen lehen oinarriak jarriz.

Bidaia haien funtsezko helburua esplotazio ekonomikoa gauzatzeko ibilbideak aurkitzea zen, ahal zen herrialdeak Espainiako koroara txertatzea, horretarako herrialde horiek menperatuz, eraikiak zeuzkaten erakundeak suntsituz eta Espainiaren agintera ekarriz. Haien kulturekiko eta hizkuntzekiko errespetua zero zen.

Erresistentzia agertzen zutenekin ez zuten burutuko, baina ahulagoekin bai. Nola iraun du espainol hizkuntzaren presentziak Filipinetan 400 urtez, inposizioz ez bada?

Nire errespetu guztia sortzaileei, baina ez dut ulertzen sistema autonomikoaren babesean sortu diren erakunde batzuk nola saiatzen diren gure menpekotasuna ezabatzen, eta estatu menperatzailearen ekintzak justifikatzen, historia beltz bat zuritzen. Badira gure artean historialari eta pentsalari bikainak, errealitate historikoa zein izan den sakonki ezagutzen dutenak. Ez da ezer kostatzen haiei aholkua eskatzea, esanez: ea, pasarte hau aurkezteko orduan, munduaren lehen bira, adibidez, zer eduki behar dugu kontuan, zein zen testuingurua, zer ondorio izan zituen beste herrialdeentzat, zer paper jokatu zuten Espainiaren koroaren babesean joan ziren euskal itsasgizonek.

Mezu honek planteatzen duena historiari buruzko Walt Disneyren ikuspegi bat da, baina iruzur itzela egiten zaio sinesgarritasun historikoari. Errealitatea ez zen hori izan, eta gaurko zuzentasun politikoak ezarri duen kultur aniztasunaren ideia garai hari aplikatzea gezurra hedatzea baino ez da.

Mundu bira baino urte gutxi lehenago konkistatu du Gaztelak Andaluzia, eta suntsitu du 700 urtez hedatua egon den arabiar kultura, hizkuntza, osasun zaintza-moduak, arkitektura, dena. Ehun urtera 300.000 morisko igorriko ditu Espainiatik kanpo. Gero juduak. Fernando errege katolikoak Galiziako nobleak banan banan erailko ditu, egitura administratiboa zentralizatuz, eta 300 urtez ez da galegoz ia ezer idatziko. Kanaria uharteak ere menderatu dituzte, eta guantxe hizkuntza XVIII. mendean desagertuko da betirako. Egiteke dago oraindik Espainiak desagerrarazi dituen kulturen eta hizkuntzen zerrenda zehatza.

Mundu biraren urte berean Amaiurko gaztelua suntsituko dute, nafarren independentziaren aldeko hirugarren altxamenduari amaiera odoltsua emanez. Euskarazko lehen liburua Euskal Herritik kanpo argitaratuko da, erbestean, bere lurrean existitzeko ere baimenik ez daukalako. Hiru mende lehenago Gaztelak konkistatuak zituen Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba, eta, esaterako, inposatua zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaztelera soilik erabiliko zela; gaztelera jakin gabe ezin zen batzarkide izan %95a euskaraz mintzo zen lurraldean.

Aurkezpeneko azken gezurra: «Aberastasun ikaragarria da euskara bezalako hizkuntza zahar bat munduan zehar hainbeste portutan ainguratu izana». Ez, ez zen ainguratu inon. Eta bere herrian ere desainguratzen hasi zen Espainiak konkistatu ostean.

Kasu honetan, eta beste askotan, Euskal Herriak arazo sakona dauka bere historia kontatzeko orduan, ez duelako kontakizunari zilegitasuna ematen dion botere politiko propio bat eduki azken 500 urteotan, gutxienez. Historia egitea pedagogia egitea baita, eta, herri konkistatuen kasuan, pedagogia dei dakiokeen bakarra askatasunaren pedagogia da. Hori ezean, egiten den beste guztia asimilazioaren pedagogia izango baita.

Berria