Ondare industrialaren inguruko jardunaldia eginen da urrian Iruñean

Gure ingurunean aurkitzen ditugun industrializazio garaiko fabrika, ola eta enpresa-eraikinek gure historia ekonomiko eta sozialaren inguruan hitz egiten digute. Ondare industrialaren parte dira, balio historikoa, teknologikoa, soziala, arkitektonikoa eta zientifikoa daukaten lekuak. Zer egin horiekin? Fabrika zaharrak eraitsi edo birpentsatu beharko lirateke? Zeintzuk daukate balio erantsi hori eta zeintzuk ez? Honen inguruan hausnartzeko, Nabarralde Fundazioak eta Industria Ondarea Kontserbatzeko eta Babesteko Nazioarteko Batzordeak (TICCHI-España), elkarlanean, ‘Ondare industriala. Galeratik berreskurapenera’ jardunaldia antolatu dute. Jardunaldi nagusiak gaiaren inguruko aditu andana bilduko ditu, urriaren 18an eta 19an, eta aurretiko izen-ematea beharrekoa da. Irailaren 23tik aurrera egitarau kulturala eginen da gaiaren inguruan, erakusketa eta bisita gidatuekin.

Hala, jardunaldiko parte hartzaileen artean, jardunaldiko zuzendari eta TICCIH-Espainiako lehendakari Ainara Mtz. Matiak, Esperanza Marrodán arkitektuak, Luis Lalana Burgoseko Unibertsitateko irakasleak, Iñaki Uriarte arktitektuak, Amaia Apraiz Sahagún Womens Legacy ondarea genero-ikuspegitik interpretatzeko europar plataformako kideak, Irene Díaz Martínez Oviedoko Unibertsitateko eta EHU-ko irakasleak, Rafael Ruzafa EHU-ko historia garaikideko katedradunak, Mª Julia Burgueño Uruguayko TICCH-eko lehendakariak eta José Luis Ruiz Ondare Industrialaren Berreskurapenerako Elkarteko lehendakariak parte hartuko dute.

Egitarau kulturalari dagokionez, hainbat jarduera egonen dira, guztiak doakoak eta publiko orokorrari irekitakoak. Alde batetik, Koldo Arnanz margolari altsasuarraren margo erakusketa ikusgai egonen da Iruñeko Bigarren Zabalguneko Civivoxean, irailaren 23tik urriaren 15a arte. Industriarte erakusketa gure iragan industrialaren hondakin eta hondarren inguruko olio-pintura eta marrazki sorta bat da, dagoeneko amaitu den garai batekiko begirada nostalgiko batetik birsortua.

Bestalde, Humberto Astibia EHU-ko katedradunak hitzaldia emanen du urriaren 10ean Iruñeko Ingurumen Hezkuntzako Museoan, Paisajes de papel y patrimonio de la era industrial vasconavarra izenburupean. Inprenta eta arte grafikoetako tailerretan jaiotako mundu ikonografikoa berreskuratzen du hizlariak. Dokumentu horien balio estetiko eta historikoez gain, eta estereotipo zaharkituei aurre eginez, industria-jarduera euskal kulturaren ezaugarririk bereizgarrienetako bat dela erakusten laguntzen dute.

Urriaren 16an, asteazkenarekin, Víctor Manuel Egia Astibiaren txanda izanen da. Ondare industrialean adituak bere argitalpen berria aurkeztuko du Iruñeko Kasino Berrian. Ola berriak 1766-1927. Apuntes para una historia industrial de Navarra lanean, Nafarroako iragan industrialaren aztarnak eta berreskurapenaren adibideak azaltzen ditu.

Hurrengo egunean, urriaren 17an, Oscar Brakok gidatutako bisita ibiltaria eginen da Iruñeko Alde Zaharrean eta Zabalgunean barrena. Arte grafikoan eta errotulazioan adituak denda historikoetan zehar eramanen du bisita, hirian aurkitu ditzakegun errotulazio aipagarrienen historia berreskuratuz.

Industrializazioa, fenomeno globala

Industrializazioa fenomeno globala izan zen, gizateriaren historian ezinbesteko garrantzia izan zuena. Hala, gure historiaren lekuko izan den ondarea ikertu, mantendu eta interpretatzea oinarrizkoa da garai hau ulertzeko. Are gehiago, iraultza industriala gakoa izan zen mundu globala, egun inguratzen gaituena, eraikitzeko. Eta, hala ere, definizioak berak kultura industrialaren ondasun horiek «hondar» gisa aipatzean agerian uzten duen bezala, gehienetan ez diogu aurre egiten industrializazioaren ondareari, baizik eta, hobeto esanda, desindustrializazioarenari. Azken hamarkadetan, industria-lurraldeek aldaketa sakonak izan dituzte, arazo globalei lotutako aldaketak gehienbat –edo, hobeto esanda, globalizatuak, hala nola deslokalizazioa, zaharkitze teknologikoa, krisi ekonomikoa–, eta aldaketa horiek espazio horietako asko abandonatzea eta degradatzea eragin dute; izan ere, ekoizpen-funtzioa galduta, badirudi identitate-krisi larri bati aurre egin behar diotela.

Sinposio honek desindustrializazioak utzitako ondareei heldu nahi die, eta desafekziotik (hasierako balio ekonomiko eta produktiboaren galeraren ondorioa) ondare bihurtzeraino doan prozesu konplexua ulertu. Horretarako, zeharkako begirada proposatzen du, orain arte azken bost hamarkadetako ikerketak izan duen tratamendu zatikatua zuzentzeko. Esparru akademikotik, elkarteetatik, enpresetatik edo gai horretan diharduten museo eta zentroen kudeaketatik eskaintzen diren ikuspegiak bateratuko dituen begirada.

 

JARDUNALDI NAGUSIA

NAFARROAKO MUSEOA

URRIAK 18, OSTIRALA, 19:00 

Irekiera hitzaldia: ‘De la desindustrialización a la patrimonialización. Legados desde la pérdida’. Ainara Mtz. Matía (TICCH-Españako lehendakaria)

 

URRIAK 19, LARUNBATA, 9:15-13:30 

Hitzaurrea 

09:15-09:20 Hitzaurrea: ANGEL REKALDE (Nabarralde Fundazioa)

09:20-09:30 Irekiera: AINARA MTZ. MATÍA (TICCH-España)

1. zatia: Ondare industriala historiaren ikuspegitik

09:30-10:00 “Lugares en espera. Herencia industrial y ciudad contemporánea”. ESPERANZA MARRODÁN ZIORDIA (arkitektoa)

10:00-10:30 “Las infraestructuras de transporte del periodo industrial y sus retos”. JOSÉ LUIS LALANA SOTO (Burgoseko Unibertsitatea)

10:30-11:00 “Revalorización de la industrialización como patrimonio cultural”. IÑAKI URIARTE (arkitektoa)

11:00-11:30: ATSEDENA

2. zatia: Ondare industrialaren zeharkako begirada bat

11:30-12:00 “1 (revolución) + 2 (sexos) + 3 (clases) = perspectiva de género en patrimonio industrial”. AMAIA APRAIZ SAHAGÚN (Women’s Legacy, Ondarea genero-ikuspegitik interpretatzeko europar plataforma).

12:00-12:30 “Los legados de la (des)industrialización”. IRENE DIAZ MARTÍNEZ (Oviedoko Unibertsitatea)

Mahai-ingurua:

12:30-13:30 “De la desindustrialización a la patrimonialización. De la pérdida a la revalorización”. RAFAEL RUZAFA (Valentín de Foronda Institutua, UPV/EHU), Mª JULIA BURGUEÑO (TICCIH-Uruguaiko lehendakaria) eta JOSÉ LUIS RUIZ (ARPI Ondare Industrialaren Berreskurapenerako elkartea).

IZEN-EMATEA, HEMEN

EGITARAU KULTURALA

IRAILAREN 21ETIK URRIAREN 15ERA, ZABALGUNEKO CIVIVOXEAN

‘Industriarte’ margo erakusketa, Koldo Arnanz

“Industriarte” erakusketa Koldo Arnanz-en margolanek osatzen dute, gure iragan industrialaren hondakin eta hondarren inguruko olio-pintura eta marrazki sorta bat, dagoeneko amaitu den garai baten begirada nostalgiko samarretik harrapatua eta birsortua.

URRIAK 10 (OSTEGUNA), 18:30, INGURUMEN HEZKUNTZAKO MUSEOA

‘Paisajes de papel y patrimonio en la era industrial vasconavarra’ hitzaldia, Humberto Astibia Ayerra

Inprenta eta arte grafikoetako tailerretan jaiotako mundu ikonografikoa berreskuratuko du hizlariak. Dokumentu horien balio estetiko eta historikoez gain, eta estereotipo zaharkituei aurre eginez, industria-jarduera euskal kulturaren ezaugarririk bereizgarrienetako bat dela erakusten laguntzen dute.

URRIAK 16 (ASTEAZKENA), 19:00, KASINO BERRIA

‘Ola berriak 1766-1927′. Apuntes para una historia industrial de Navarra’, Víctor Manuel Egia Astibia

Argitalpen berriaren aurkezpena. Bertan, Nafarroako iragan industrialaren aztarnak eta ondare industrialaren berreskurapenaren adibideak azaltzen dira, Diario de Noticias de Navarra egunkarirako egileak egindako kolaborazioen hautaketan oinarrituta.

URRIAK 17 (OSTEGUNA), 18:30, IRUÑEKO ALDE ZAHARRA ETA ZABALGUNEA

‘Arte grafikoa Iruñean, Alde Zaharreko denda historikoak’ bisita gidatua, Oskar Brako

Arte grafikoan eta errotulazioan aditu honek Iruñeko Alde Zaharreko denda historikoetan barrena gidatuko gaitu, hirian aurki ditzakegun errotulazio aipagarrienen historiaz hitz egiteko.

IZEN-EMATEA, HEMEN