Espedizio militarrak askotan hasten dira udaberrian, eta horrek efemerideak sortzen ditu. Ohikoa izaten denaz bestela, aurten bitxi honetako efemeridea pozgarria da Euskal Herrian, laburra izan bazen ere: 1521eko maiatzeko Nafarroako Erresumaren birkonkista kanpaina, Henrike II.a Zangozarra nafar erregearen manupean arituz zuzendua. Bostehun urte joan dira aurten ordudanik.
Subiranotasuna berreskuratzeko ahalegina (1521)
Hauek ziren Nafarroako Erresumaren konkista urteak (1512-1529). Hainbat momentu izan zituen. 1521eko maiatzeko askapen kanpainan pozez parte hartu zuen herriak, Ezparrozeko jaunaren espedizioarekin bat eginez. Esako zubiko guduan, nafar zaldunek eta herritarrek gaztelarrak kanporatu zituzten. Hartutako gaztelar presoak askatu egin zituzten, Nafarroatik alde egitearen truke. Iruñean, ia aldi berean, iruindarrek eta nafar-gaskoi espediziokideek Ignazio Loiolakoa gipuzkoar soldadua, okupatzaileei atxikia, larri zauritu zuten hankan; hargatik, nafarrek berek etxera garraiatzeko bidea zelaitu zioten, sendabidera. Askapena baliatuz, Tuterako Inkisizioaren egoitzari eraso egin zioten, juduek, moriskoek eta, oro har, tuterarrek. Dudarik gabe, urteurren biribil eta garrantzitsua dugu 1521.
1199-1200eko Nafarroako Erresumaren inbasioa
Hau ez da efemeride hain biribila. Nafarroak inbasioak, aurretik izan zituen beste batzuk, 1199koa nabarmenen, erabakigarria Euskal Herriaren paturako. Nafarroan gorpuzten zen euskal estatuak itsasaldeko lurraldeak galdu zituen, Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako ernamuinak. Intelektual batzuk tentuz saiatu ziren ekintza horren bortizkeria estaltzen, esker oneko Rodrigo Ximenitz Arradakoa Toledoko apezpiku euskaldun eraginkorra, Garesen jaioa. Anbiguitatez kontatu zuen 1199-1200eko mendebaldeko lurraldeen inbasioa, eta bidea zelaitu zuen XVI-XVII. mendeetan Garibaik eta foru erakundeek Gaztelaren okupazio militarra ezkutatzeko, modu paradoxikoan euskal bereiztasunen eta foru ezaugarrien biziraupena bermatzeko.
Inbasioan, Elizak bere partea izan zuen. Inozentzio III.ak (edo bere eliz hierarkiak) Antso VII.a Azkarra errege nafarra eskumikatu berri zuen. Maiatzaren 6an, Alfontso VIII.a errege gaztelarraren armada Pancorbotik abiatu zen Eneko Lopitz Harokoa bizkaitar jauna lagun zuela, botere feudalaren egarriak jota. Espedizioa, uda baino lehen abiatu zen, Arabako Lautadan zerealen uzta bildu baino lehen. Gasteiz kostalderako lotune estrategikoa zuten helburu nagusietako bat, eta ekainaren 5erako Gasteiz aurrean ziren. Hor gotortu ziren gasteiztarrak eta nafar tropak Martin Ttipia buruzagi zutela, 1198. urtetik gordetako janaz eta edanaz horniturik.
Gasteizen gotortuek zazpi hilabetez iraun zuten inbaditzaileen erasoen aurrean, elkar jatera heldu zirela ere zabaldu zen, amore eman ordez. Antzera eutsi zuten trebiñuarrek eta aldameneko zabalatearrek beren posizioetan. Borroken ondoren, Mutriku, Getaria eta Donostia, besteak beste, Alfontso VIII.a erregearen indar militarren pean erori ziren. Gaztelar erregeek, erregimen feudalaren babesle, beren usurpazioa onartu zuten hurrengo urteetan, baina ez zituzten mendebaldeko euskal lurralde horiek itzuli. Trukean, muga artifiziala finkatu zuten 1256an Kontrasta, Agurain, Segura, Villafranca (Ordizia) eta Tolosa hiribilduak eratuz.
Espainiar egitasmo polarizatua
Antso VII.a Azkarra nafar erregeak Navas de Tolosako Gudu handian parte hartu zuen garaile (1212), Gasteiz eta itsasaldeko lurraldeak Nafarroarako betiko ahaztearen truke. Mairuak Penintsulatik kanporatzeko bidean jarri zituzten. Rodrigo Ximenitz Arradakoak enkargua jaso zuen De rebus Hispaniae kronika izkiriatzeko, baita ondo bete ere. Hala justifikatu zuen finezia handiz Nafarroa mendebaldearen gaztelar inbasioa, eta espainiar egitasmorako narrazioaren ikonoak finkatu zituen (1243), mairu ala kristau dikotomia baztertzaile eta gerlarian oinarriturik: Clavijoko Gudua, asmatua, eta Donejakue Matamoros ezaguna, asmatua. Clavijoko Guduak eta Matamorosak zokoratu samar geratu dira, baina artean ere badago zer deskolonizatu. Zenbat ez dira geratzen Alfontso VIII.a gaztelar erregearen omenezko kaleak?
Berria