Martxoak 20. Iratzargailuak bestetan baino lehenago jo arren, inoiz baino errazago jaiki naiz. Korrika badator! Antzuolako Amesti baserriaren parean gaude, furgoneta noiz iritsiko zain, Euskal Herri euskalduna amesten. Gero eta altuago entzuten den musikak esaten digu badatozela. Emozioak borborka. Sartu gara tropelera. Poza eta ilusioa gainezka.
Baina bat-batean, alboan korrika doazen bi mutil gazteren arteko elkarrizketa: “¿Hasta dónde vas a correr?” galdetzen dio batek, eta besteak “hasta donde pueda” erantzun. Akabo Amestiko ametsak. Korrika baino, Corriendo doaz batzuk.
Martxoak 23. San Mamesen, Euskal Selekzioaren partidua. Giro itzela harmailetan. Euskal Herri askea amesten, baina inguruan erdara nagusi. “Español el que no bote” kantatzen dute, saltoka, espainolez. Euskalduna euskaraz egiten duena bada, espainolez hitz egin eta abesten duena zer da?
Hori bai, gero Hegoak ebaki banizkio abestuta gustura gelditzen dira, gure herriak hegan egiteko behar dituen euskararen hegoak ebakitzen ari direla jabetu gabe.
Patxi Olabarria Irizar (Antzuola)