Camus, Iruña-Veleia eta katedradunaren hitza

Ezaguna da Angel Viñas historialariak egindako lana 1936-39 gerraren inguruko interpretatzioetan mitoak eta Historia bereizteko. Gai horretaz Infolibre egunkarian urtarrilaren 20an Albert Camus frantziarrak entsegu batean idatzirikoa dakar (berak itzulita): “…Hace ahora veinte años que los hombres de mi generación llevan a España en su corazón (…) Por ella conocieron por vez primera el sabor de la derrota; descubrieron, con una sorpresa de la que apenas si se han repuesto, que cabía tener razón y sin embargo ser vencidos, que la fuerza podía dominar el espíritu y que se dan casos en los que el valor no tiene recompensa. Sin duda es esto lo que explica que tantos y tantos hombres en el mundo entero hayan sentido el drama español como una tragedia personal…”. Nire ustez, gogoeta interesgarria eta, batera, inozoa dugu, errealitatetik aldenduta. Izan ere, porrota nekez sentitzen da gizartearen goiko aldetik begiztatuta, eta hortik idazlearen harridura. Egia esan, hor Camus-ek deskribatzen duena ez da porrotak dakarren galtze bitxia, familia memorian gizaki arruntek aspalditik gordeta dutena baizik. Gertaera historikoen inguruan bi ikuspegi kontrajarri baitaude, gizartean ondo kokatuta daudenena eta herritar gehiengoarena. Eta bizipen kontrajarri hauek aitzakia izan daitezke Iruña-Veleiako ostraken inguruan goiko batzuek eta beheko batzuek dauzkagun ikuspegiaz hausnarketa egiteko. Kontua da arrazoia korapilatsua eta tematia dela: dena behin eta berriz datu objektiboetan oinarritu nahi du.

Goikoari esker jakin genuen Iruña-Veleiako ostrakak faltsuak direla, ez baita posible euskaraz Erromatar Inperioan idaztea eta hurrengo mendeetan ordea ez (hots, ohitura galdu izana). Modu berean, esan digu hori ez dela oztopoa 300 urte zaharragoa den Irulegiko epigrafea egiazkotzat emateko, nahiz eta azalpenik gabeko denbora tartea 500 urte gehiago luzatu (hain zuzen, Erromatar Inperio osoa).

Goikoari esker jakin genuen Iruña-Veleiako ostrakak faltsuak direla, ez baita posible alfabeto latinoa erabiltzea garai hartan euskaraz idazteko (aurretik bateratze prozesua behar omen da), nahiz eta inguruko hizkuntza guztiek erabili zuten (keltiberoa, kelta eta iberiarra, bateratze prozesutik gabe, antza). Modu berean, esan digu iberiar alfabeto zaharragoa erabiltzeagatik ez dago arazorik Irulegiko epigrafea ontzat emateko. Nahiz eta haren kide akademikoak esan euskaroa eta iberiarra ez zirela auzokideak eta ez zirela Antzinaroan harremanetan (eta, beraz, ezinezkoa zen alfabeto baten mailegua).

Goikoari esker jakin genuen Iruña-Veleiako ostrakak faltsuak direla, ez baita agertzen hain esanguratsua den aspiraziorik testuetan. Modu berean, esan digu Irulegiko epigrafean h-rik ez agertzea ez dela arazoa ontzat emateko, bi kasuetan egoera bera bada ere.

Goikoari esker jakin genuen Iruña-Veleiako ostrakak faltsuak direla, deigarriegiak direlako, esate baterako, Kalbarioa, epaiketan ikertzaile independienteek frogatu bazuten ere ez zela RIP-ik agertzen (eta epaileak onartu zuena).

Goikoari esker jakin genuen Iruña-Veleiako ostrakak faltsuak direla, ez baita ergatiborik agertzen testuetan. Modu berean, esan digu Irulegiko epigrafean ergatibo-rik ez agertzea ez dela arazoa ontzat emateko (auskalo garai hartan zegoen ala ez), egoera aurrekoaren berdina izanda ere.

Goikoari esker jakin genuen Iruña-Veleiako ostrakak faltsuak direla, Iruña-Veleiako arkeologo zuzendariak txarrak eta gure etsaiak direlako eta Irulegikoak, ordea, onak eta gure lagunak. Nahiz eta txarren eta onen bitarteko banaketa hori etikaren aldetik onartezina den.

Goikoari esker jakin genuen Iruña-Veleiako ostrakak faltsuak direla, 2005-2006ko ekitaldi arkeologikoak baliorik gabekoak izan baitziren, nahiz eta bera arkeologoa ez izan eta hori frogatzeko ekintza arkeologikorik egin ez izana. Modu berean, esan digu Irulegiko epigrafea aurkitzeko orduan lehen mailako indusketa arkeologikoak egin direla, nahiz eta arkeologo independienterik hori balioztatu ez izana. Beraz, horrelako sailkapen interesatu bat egiteko orduan, frogarik ez egotekotan ulertzen dut arlo horretan konfiantza kontua dela, edo konfiantza eza, katedradunak diagnosia plazaratzeko orduan erabiltzen duen metodo zientifikoaren oinarria.

Goikoari esker jakin genuen Iruña-Veleiako ostrakak faltsuak direla, garai hartan euskaraz idazkiak agertzeko probabilitaterik ez dagoelako, horiek barregarriak eta ezinezkoak izanik. Modu berean, esan digu Irulegiko epigrafea ontzat emateko ez dagoela arazorik, probabilitate horiek askoz barregarriago eta ezinezkoagoak diren arren (300 urte zaharragoa baita).

Goikoari esker, UPVren eta arloko kide akademikoen laguntzarekin, ikusi dugu ez dela posible artikulu zientifikorik argitaratzea Iruña-Veleiako ostrakak benetakoak direla azaltzeko, Iruña-Veleiako ostrakon batzuk benetakoak direla frogatuta badago ere (euskara zaharrez eta kristautasunaz, besteak beste). Ezta goikoen zentzugabeko diagnosiei arrazoizko erantzunak ematea ere.

Behekoek gizarteratu nahi dugu eztabaida zientifikoa ukatzea eta oztopatzea ez dela bidezkoa, eta ekintza horiek egiteak argitzen du zein maila duten horren atzean dauden ikerlariak, goikoan badaude ere. Gainera, eztabaida zientifikoa ezkutatzea eta oztopatzeak frogatzen du faltsukeriaren aldeko diagnostikoak ez daukala ez hanka ez bururik. Bestela, hori defendatzen dutenek eztabaida zientifikoa bultzatuko lukete (hain litzateke erraza kontrakoak -gu- balizko argudioen bidez ezer ezean uztea) eta, batera, komunitate zientifikoa aberastuko ere bai.

Arazo larriagoa izan daiteke elitekoek guztia kontrolpean dutela pentsatzea (hori bai, ezkutu-ezkutuan gorderik). Ahaztu egiten dute gaurko arrakasta etorkizuneko porrota izan daitekela. Egia esan, balantzaren bi platera daude. Batean, lasaitasuna dugu, informazioaren kontrola, katedradunak arrazoia daukala frogatzen omen duen bertsio bakarra. Honek iraupen mugatua du, ibilbide profesionala eta pertsonala ziurtatzera murrizten baita.

Beste plateran, lotsagabekeria, baliorik gabeko ikerketa bat, zientzian erabili behar ez den metodologia desegokia, eztabaida zientifikorik gabeko egoera dugu. Azken hau, tamalez, denbora mugarik gabekoa da, eta per secula seculorum eredu zientifiko arbuiagarriaren lagina izango da.

Behekoek zail zaila ikusten dugu katedratik irakasleren bat jaistea, are gehiago jakinda katedradunak aspaldian plater okerra elikatu zuela. Baina katedraduna -puztua izanda ere- pertsona da, batera. Beraz, berak sortutako mina, gero eta sakonagoa izanda ere, zendu arte, sendatzen hasteko denbora izango du. Bakarrik sen ona eta nahia behar dira, aferaren irtenbidea bilatuz gero. Gu horren esperoan gaude, itxaropena baita behekoek galtzen dugun azken gauza (edo agian gure ondare pertsonal osoa). Gainera, horretarako, gizatasuna eta etika profesionala besterik ez da erabili behar, eta guztiok, goikoek zein behekoek, dugu eskura.

Zuzeu