Eneko Bidegain itzuli da eleberrigintzara Bichta éder intrigazko nobela mamitsuarekin. Bertan deskubrituko ditugu euskal kostaldeko gaztelu zahar abandonatu baten gorabeherak, eta ardatz horren inguruan Enekok aurrekoetan azaldu dituen kezkak agertuko dira, hala nola Historiaren ondorioak, euskararen patua, euskal hegiaren hainbat zatiketa, turistifikazioaren arazoa eta ustelkeria.
Azalduko dizkiguzu, mesedez, istorio honen nondik norakoak?
Istorioaren abiapuntua da gaztelu abandonatu batean nolabaiteko proiektu bat egin nahi duela promotore batek, lekuko hautetsien laguntzarekin. Baina proiektua obratu ahal izateko notaritza bidezko oztopo bat badute. Bestalde, proiektu horren berri entzuten duenean, Eñaut kazetaria ikertzen hasiko da: jakin nahi du zehazki zer egin nahi duten gaztelu horretan eta zein zen gaztelu horren historia. Proiektuaren aurkako mobilizazio soziala ere piztuko da. Giro horretan ibiliko dira liburuko pertsonaiak, eta haiekin batera, haien bizitza, pentsamenduak, iragana, sentimenduak, eta abar aipatuko dira.
Eleberri mardul honetan jorratzen dituzu zure aurreko kronika, saiakera eta nobeletan agertzen ziren hainbat gai: Iparraldeko jendearen sentieran hain erabakigarriak izan ziren bi mundu gerlak, euskararen egoera, militantzia, euskal munduko hainbat zatiketa… Hari amankomun bat antzematen al diezu korapilo horiei guztiei?
Egia da nire aurreko liburuetan aipatutako hainbat gai agertzen direla, baina ez da apropos egindako “nire aurreko liburuen bilduma” bat (gainera, lehenago aipatu gabeko beste zenbait gai ere lantzen ditut). Dena den, gai garrantzitsuak dira Euskal Herriaren historian. Liburuan islatzen dena da gertakari historikoak ez direla sekula denboran isolatuak izaten, eta beti dauzkatela erroak aurreko gertakarietan eta ondorioak ondorengoetan. Eta nonbait funtzio bat bete zuten pertsonak gero beste nonbait ere agertu ohi dira. Liburuko pertsonaia eta gertakari historiko “txiki” guztiak fikziozkoak dira, baina benetan existitu diren zenbait pertsonetan edo gertatu diren zenbait istoriotan oinarritzen dira.
Ardatz nagusia gazteluaren sekretuak badira ere, Iparraldean lur-jabetzaren inguruan dagoen gatazka soziala islatzeko aitzakia ere bada istorioa. Zer eragin du zehazki lurraren auziak euskal kulturaren biziraupenean?
Ez da aitzakia izan. Abiapuntua gazteluko sekretuak argituko zituen thriller bat egitea zen, eta erabaki behar nuenean zer proiektu egin nahi zuten gaztelu horretan, pentsatu nuen probableena eta naturalena lur-jabetzaren inguruko auziarekin lotzea zela. Lurraren auzia ez da euskal kulturaren biziraupena arriskuan jartzen duen arrazoi bakarra, noski, baina ezin uka eragina baduela. Lurren prezioek eragiten dutena da kanpoko dirudunek, merkatu librearen izenean, jarri izan dituztela eta jartzen dituztela arauak, eta Euskal Herriko kostaldea –eta, dagoeneko, ez kostaldea bakarrik– aberatsen bigarren etxebizitzen leku bihurtu dela. Ondorioz, euskal kultura eta euskara sakabanatuagoak eta ahulagoak dira beren lurrean.
Eñauten pertsonaiarekin lantzen duzu belaunaldien arteko transmisioaren gaia ere. Zure ustez gazteenganako euskal zera transmititzen asmatzen ari al gara?
Azken hamarkadetan, euskara berreskuratzearen aldeko estrategia hezkuntzara bideratu da gehienbat. Hezkuntzatik kanpo, gaur egun ere, euskara guztiz gutxituta dago. Horrez gain edo horrekin lotuta, euskararen transmisioa arlo instrumentalera mugatu da (konpetentzia linguistiko soilera). Orain ohartzen ari gara horrekin ez dela nahikoa: hizkuntza baten transmisioak ezin du funtzionatu bere komunitatearen kultura transmititu gabe. Eta transmisio horretan eten handi bat gertatu da. Euskal hiztunak sortu ditugu, euskara maite ez duten euskal hiztunak, espainol elebidunak… Frantses elebidunik ez, edo gutxi, Ipar Euskal Herriko hizkuntza politika anitzez makurragoa delako euskararen kontra.
Kontraesanak eta itxurakeria ere salatzen dira orrialdeotan, benetako izaeraren ukaziotzat jota. Askotan nahi eta ezina ez al dago, besterik gabe, joera horien atzean?
Uste dut denok jokatzen dugula jendaurreko edo taldeko rol bat, gehiago ala gutxiago. Gure benetako izaera edo karakterra etxean uzten dugu askotan, taldean egokitzat jotzen dena hartzeko. Euskarari uko egin zioten pertsonaiek, beren benetako nortasunari uko egin zioten, “gehiengoaren” edo “komeni zen” portaera hartzeko, alegia, frantses gisa agertzeko. Edo izan liteke maskulinitate hegemonikoaren araberako portaerak izatea, nahiz eta, muin-muinean, izaera horretatik urrun sentitu, Eñaut bezala. Edo izan liteke, gaur egun, giro batzuetan feminista gisa agertzea publikoki, nahiz eta gero etxeko edo laneko egunerokoan beste gisan jokatu…
Euskal kulturaren batasuna ere kezka duzu, Lurraldea eta herria liburuan sakon lantzen duzuna, “Euskal Herria herri batua izatetik herri zatitua bihurtu arteko mendez mendeko kronika” eginez. Nola eragiten diote dauzkagun bi espazio komunikatiboek batasun hori lortzeari?
Euskal Herriaren zatiketa administratiboak kalte handia egin dio herriaren batasunari: gaur egun erabat barneratuta dago Euskal Herri “ofiziala” Euskal Autonomia Erkidegoa dela, Espainiako eskualde bat dela. EAEren eta Nafarroaren arteko muga anitz indartu da azken hogei urteetan, lausotzeko ordez; Ipar eta Hego Euskal Herriaren artekoa are gehiago. Herri zapaldu izatearen ondorioak dira horiek, eta zatiketa arma eraginkorra izan da are zapalduago izan gaitezen. Kulturarekin batera, herria, bere geografia, bere komunitatea, eskualdeak eta bakoitzaren berezitasunak zer diren azaldu behar da. Herritarrek beren herria bizi behar dute, euskaldun izatekotan.
Hitz egin dezagun hiztegi aldetik egin duzun hautuaz. Ahalegin berezia antzematen da Bidasoako bi ertzetako euskarak hurbiltzeko. Nolakoa izan da ariketa? Badago zure ustez zer egiterik euskara aldetik bi ibaiertzak aldendu ez daitezen?
Beti argi izan dut euskaldun guztientzat idazten dudala, eta Euskal Herriko edozein lekutako irakurlea izaten dut kontuan. Nire hiztegia etxetik, ikastolatik edota nire bizi eremutik datorkit, baina baita ere nire lan mundutik, nire irakurketetatik… Beraz, euskara batuan idazten dut, baina nire estiloan eta hiztegian nire biografia eta ikasketa prozesu hori guztia dago islatuta. Ez diet uko egingo bereziki Iparraldean erabiltzen diren hitzei, Hegoaldean ulertuko ez dituztelakoan. Euskararen Hiztegi Batuan jasota dauden heinean, erabil litezke. Baina ez dut egingo liburu bat esklusiboki Iparraldeko jendearentzat. Beraz, oreka hori bilatzen ibili naiz, bai. Dena den, irudipena daukat oraindik indarrean dagoela Iparraldeko baten testua Hegoaldean ulertuko ez delako aurreiritzia; haatik, gipuzkoar batek ez du erranen bizkaitar baten liburuari buruz, “Bizkaiko hitzak erabiltzen ditu… ez dut ulertzen” (edo alderantziz). Ipar Euskal Herriko idazle baten testuak normaltasunez hartzea da erabiltzen duen lexikoa ez hartzea ulermenerako balizko oztopotzat. Ez da oztopo. Bestela, Iparraldeko idazle batek bi aukera lituzke: edo ez du idazten, edo guztiz baztertzen ditu bere hitzak. Eta hori ez da euskarari, euskara aberasteari eta euskal literaturari mesede egitea.
Iparraldean, modu folklorikoan bada ere, euskal izenak frantsesezko grafiaz idazten dira maiz. Zuk trufatzat hartu duzu nonbait, baina xarmarik duelakoan egiten dela pentsa genezake?
Xarmarik batere ez. Euskarak ortografia finkatu eta arautu zuen duela hamarkada batzuk. XXI. mendean euskal izen bat frantsesez idazteak bi azalpen ditu: batetik, frantsesek irakurtzeko idazten direla horrela, beraz ez euskaldunak kontuan hartuta; bestetik, horrela idatziz ukatu nahi da euskara idatzizko hizkuntza ere badela, baduela bere lekua mundu akademikoan, kazetaritzan, literaturan eta abar. Frantziarentzat, ordea, euskara onargarria da etxekoa den bitartean, ahozkoa, baina sekula ez hizkuntza “serioa”, “gauza handietarako hizkuntza”.
Amaitzeko, bitxikeria bat irakurlearen irrika asetze aldera: Bichta éder mapan kokatu, mesedez. Gazteluak ba al dauka kokapen zehatzik Erlaitzean? Eta, bide batez, zein gaztelu edo jauregi izan duzu inspirazio?
Liburuko gaztelua ez da oinarritzen benetan dagoen jauregi batean. Estilo horretako asko daude bazterretan, eta denak izan litezke inspirazio iturri. Erlaitzean ez dago halako gaztelurik. Nahitara kokatu dut halako gaztelurik ez dagoen toki batean, istorio guztia fikzioa denez, gaztelua ere fikzioa dela argi uzteko. Dena den, nire irudimenean, liburuko gaztelua ez dago itsas hegi-hegian, baizik eta Erlaitzeko muinoetan, pixka bat barnerago.