Nabarralde Fundazioak argitaratutako Gasteiz 1200. Defentsa amaigabea eta Amaiur! Libera State komikien aurkezpena egin dute Insausti tabernan. Hogei bat herritarrek jarraitu dituzte bi lanen egileek edukiari, sormen prozesuari eta historiari berari buruz emandako azalpenak.
Gasteizko setioaren historia biltzen duen lanaren egileak izan dira hitza hartzen lehenak. Aritz Ibarra ilustratzailearen esanetan lana garai hartako gasteiztarrei “omenaldia” da, haien “balentriak ezagutarazteko beharra” sentitzen baitzuten. Urte eta erdiko lanaren emaitza da komikia. Gertakariari buruzko informazio asko ez dago, eta gehienbat Gaztelako iturri garaikideetatik lortu dute. Iñigo Larramendik kokatu du testuinguruan. Sorburua Akitaniako duke Rikardo Lehoi-Bihotzaren heriotza izan zen. Haren arreba Gaztelako erregearekin ezkonduta zegoen, eta halaber, Nafarroako zaindaria zen. Gaztelak aitzakia gisa erabili zuen Gaskoinian eskubide batzuk zituela, eta hara iristeko Nafarroa zeharkatu behar zuela. 1199ko apirilean izan zen hori.
Gaztelako errege Alfontso VIII.aren idatzien bitartez badakite bera Burgosen zegoela maiatzaren 1ean eta handik bost egunetara Pancorbon. Hurrengo idatzian, ekainaren 5ekoa da, Gasteizko setioan dagoela dio. Larramendik zehaztu duenez, “adierazgarria da berak dioela ‘Nafarroan dagoela Gasteiz setiatzen'”. Han dagoela dioen azken idatzia abenduaren 22koa bada ere, beste iturri batzuen bidez jakin dute setioa 1200 urtera arte luzatu zela, beraz, zazpi-bederatzi hilabete iraun zituen. Ondorengo, Gaztelako iturrietan bi ideia nabarmentzen dira: gasteiztarrek gosete handia pairatu bazuten ere, ez zutela amore eman; eta Antso Azkarraren baimena lortu arte ez zutela amore eman. Horregatik, obraren protagonista Gasteizko herria da eta “aspaldiko gasteiztar horien adorea eta fideltasuna” bere oinarria.
Hiru atal ditu liburuak. Komikia bera, 50 bat orri,” hori irakurrita, ezer ez dakienak informazio nagusia jasoko du”; bederatzi orrialdeko gehigarria informazio historiko zehatzagoarekin, eta bi QR gehiago sakondu nahi dutenentzat, aurrekariak eta setioari berari buruzkoak. Halaber, zuhaitz genealogiko bat ere badu, bakoitza nor den jakiteko. Fernando Sanchez Aranazek idatzi du gidoi originala eta, esan bezala, Ibarrak eraman du irudietara. Prozesuaren nondik norakoak azaldu ditu, baita Martin Ttipia -Gasteizko tenentea, izen-abizenekin bertan egon zela dakiten pertsona bakarra- sortzeko erabilitako teknikak ere.
Ondoren, Asisko Urmenetak Amaiur! Libera State aurkeztu du. “Iaz bost mende bete ziren Amaiurko batailaz eta amaiurtarrek gauza ugari egin dituzte data hori markatzeko, komiki bat ere nahi zuten atera”. Azalpenetarako, orri batean mapa bat marraztu du, eta kontakizunean aurrera egin ahala, aldaketak irudikatu ditu koloretako errotulagailuak erabilita.
1522an hasi beharrean, hamar urte atzera egin du Urmenetak. Logroñon, Aragoiko Fernando eta Nafarroako enbaxadorea elkartu ziren. “Afera da Espainiako erregeak ituna egin duela Ingalaterrakoarekin. Ingalaterrako erregeak Akitania berreskuratu nahi du, 300 urtez bere menpean egon dena, eta Espainiakoak aliantza bat eskaini dio. Gasteizen armada biltzen ari da, Gaztelako tropak gehi Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako miliziak. Asmoa Errenteriara joatea da, Ingalaterrako tropak Pasaian daude”. Fernandok neutrala zen Nafarroa zeharkatu behar zuen Frantziaren kontra abiatzeko, baina ez zen fio, horregatik, Lizarra, Garazi eta Amaiur gazteluak bere soldaduekin betetzeko eskatu zion Nafarroako erreginari. Honen erantzuna, ordea, ezezkoa izan zen gotorleku horiek “Nafarroako giltzak” baitziren. Gaztelako erregearen erantzuna ondoren etorriko zenaren aurrekaria izan zen: “Bortxaz hartuko dut borondate onez ukatzen zaidan hori”. 10.000 bat soldaduk eta artilleriak Iruñea hartu zuten zailtasun handirik gabe. Hortik aurrerakoak liburuan bildu ditu.
https://txintxarri.eus/lasarte-oria/1680389338445-bi-nobela-grafiko-historia-ezagutarazteko