Begia non

Edozein delarik ikuskizuna, kontalariak berebizikoa du jakitea non jarri begia, nora begira paratu behar duen kamera. Badu Gabriel Arestik poematxo bat hau ilustratzeko balio duena: «Gela honetan/ eman zuten/ lehenez/ ‘Hordi enganatua’./ Gela honetan/ entzuten dut/ euskal musika/ zaharra./ Gela honetatik/ ikusten dut/ Euskal Herria/ (haurrak dostatzen)/ (andreak josten)/ leiho honetatik./ Hala eta/ guztiz ere/ leihotik/ ikusten dudan/ herriarekin/ egiten naiz/ geratu».

Frankismoa artean, Peñafloridaren antzezlan ezaguna ari ziren jokatzen Azkoitiko Intsausti jauregian. Euskaraz izanagatik tarteka, Arestik ez du kondearen pieza maite, klasismo lurrina dario. Aitonen seme dela sinestarazi dioten mozkor gizajo baten lepotik ari da barrez publikoa. Eta poetaren begia, ezin gehiago burlarekin, areto hartatik kanpo doa.

Donostiatik heldutako irudiek ekarri didate Arestirena. Orain dela 209 urteko abuztuaren 31ko gertakarien kari, antigoaleko soldaduz bete da Parte Zaharra, turisten eta bertako askoren gozagarri. Gaita hots artean, ikusgarriak dira uniforme koloretsuak, danba egiten dute zizpek, orro kanoiek. Han doaz gizonak hiria hartzera. Zabaldu da bretxa harresi zaharrean. Suaren itzal goriak hartu du inularrea.

Ez zaio hiriari arrotz duela mende biko soldaduen estanpa. Hori du alde. Danborradako uniformeak gutxi ez eta, danbateko eta guzti, ez du apartekoa Aste Nagusiari hasiera ematen dion parafernalia. Gero bai, kanpaiak jo eta kandelak piztu dira tropa horiexek hil eta bortxatu zituzten donostiarren oroimenez. Baina nola biltzen da jendearen gogoa gerra jolasak nagusitu badira aurrez? Nola urtean zehar festarako izan ohi diren uniformeak erabiltzen badira horretarako? Areago, ikuskizuna soldadutxoen dinbi-danban badago, non daude orduko herritar haiek? Non dago begia?

Lasai ederrean erantzungo dizute: noiztik da ikusgarria jende xehea?