Aurreikuspenak (zenbait iritzi)

Oso jende gutxik aurreikusi zuen murgilduta gauden krisi ekonomiko hau. Baina batzuek asmatu zuten etorkizunean zer espero zitekeen (ikus Dirk Bezemer: http://mpra.ub.uni-muenchen.de/ 15892/1/MPRA_paper_15892.pdf eta http://www.ft.com/cms/s/0/ 452dc484- 9bdc-11de-b214-00144feabdc0.html? nclick_check=1).

Orain dela gutxi, zenbait ekonomialariren artean eztabaida piztu da ea etorkizun hurbilean, demagun 2010ean, zer espero daitekeen. Jakina denez, topiko zabal baten arabera, ekonomialariek ez dute inoiz ezer aurreikusten, soilik gertaerak igaro ondoren aritzen dira adierazpenak ematen.

Behingoz, egin dezagun alderantziz. Ikus dezagun zer aurreikusten duten, eta etorkizun hurbilak esango digu asmatu duten ala ez. Hona, bada, iritzi batzuk.

D. Bezemer (2009-11-19). Hona galdera hurrengo urteetarako, ikusteko kreditu-ekonomia benetan ona den ala ez aurreikuspenak egiteko: Hurrengo urteotan zer izango dugu, kontsumo prezioko inflazioa ala deflazioa?

M. Hudson (2009-11-19). Inflazioa ala zorrak sorturiko deflazioa? Barnera begira, ondasun prezioen eta alokairuen zor-deflazioa da ikuspegia. Barneko merkatuen murrizketak eskaria moztuko du eta ondasun-prezioak jaistera eramango ditu. Baina dolarraren depreziazioak inportazioen prezioa altxaraziko du, eta badirudi lan-indarra zergapetuko dela, mailegu txarrak direla kausa, hartzekodunek izan dituzten galerak estaltzeko behar diren edozein tasatan.

Zorren ordainketa ezaren aurrean, gobernuaren irtenbidea ez da izan zor txarrak kentzea, ekonomiak ordaintzeko daukan ahalmena islatzeko. Jakina denez, diru publikoa bankuei eman zaie, zordunek beren burua defendatzen utziz. Bankuek ez dituzte birnegoziatu zor txarrak. Alderantziz. Baina zorrak gidatzen duen ekonomia txikitzera dago zuzenduta. Bankuek ateratako zor-zerbitzuak irabazien eta gastuen fluxu zirkularra murrizten du. (Gogoratu Say-ren legea: produkzioak bere eskaria sortzen du, enplegatzaileek langileei soldatak ordaintzen dizkieten heinean eta langileek, produzitzeko kontratatu izan direlarik, produzitutakoa erosten duten arabera).

Jende askorentzat, zorrak ordaintzeak kontsumitzailearen errenta eskuratzen du, ondasunetan eta zerbitzuetan gastatzea alboratuz. Horrek merkatuak murrizten ditu, inbertsioa moteldu eta langabezia areagotu. Horrek guztiak ondasun prezioetan jaitsiera azeleratzen du. Kasu, AEBetako higiezin errealeko laurden bat ekitate negatibora jaitsi da, hau da, ondasun jabeek hipoteketan gehiago zor dute beren ondasunaren merkatu-prezioa baino. Hortaz, alde egiten dute, preziotan hondoratzen diren ondasunetan, hipoteken gaineko eskubideak bankuei utzita. Horrek merkatua beheratu egiten du are gehiago, beheranzko espiralean. Hortaz, aktibo-prezioko inflazioak lekua uzten dio zor-deflazioari. (Ikus ekonomia irudietan izenekoa: http://www.nabarralde.com/ es/egunekoa/1288-ekonomia-irudietan).

G. Gardiner (2009-11-20). Ingalaterran, bankuek ez dute mailegatzen Ingalaterrako banku zentralak sorturiko dirua. Beraiek sorturiko dirua mailegatzen dute bankuek. Banku-mailegatzearen muga mailegu-hartzaile onengan datza. Kontabilitateari dagokionez, gobernuaren ez ulertzea azaltzen da gobernuak ez duelako ulertzen dirua ez dela homogeneoa. Dirua ez da gauza bat, erlazio bat baizik, zordunaren eta hartzekodunaren arteko erlazioa, eta zorduna nor den izaerak diruaren kategoria determinatzen du. Jadanik existitzen den aktibo bat erosteko kreditua sortzen denean, aktiboaren saltzaileak hiru aukera ditu: a) eskudirua gordailuan edukitzea, horrela saltzailea da maileguaren kontra-partida; b) beste aktibo bat erostea, horrela aktibo horren saltzaileak hiru aukera izanik; eta c) kontsumoan gastatzea. Azkenak kontsumo-prezio inflazioa ekar dezake, baldin eta hornidura-mugak badaude. Hortaz, aktibo erosketarako mailegatzeak inflazio orokorra ekar dezake, baita aktibo prezioko inflazioa ere.

Richard A. Werner (2009-11-26). Baldin eta argitaratzen diren datuak onak badira, kreditu-sormenak, berriz ere, aktibo prezioak bultzatu ditu. Hori beti jasanezinezkoa da. Orain boom espekulatzaileak agian gutxiago iraungo du, oso jasanezinezkoa baita, eta herrialde askotako ekonomiek murrizten segitzen baitute. Barne produktu gordinerako kreditu-sormena negatiboa da ekonomia handietan, AEBetan barne. Gaurko datuei begira, deflazioa espero dut -baita kontsumo-prezio deflazioa ere-. Deflazioa izango da herrialde askotako arazoa, eta aktibo inflazioak ekarriko duen aktibo prezioko deflaziorako tartea laburra izango da. Ekonomia handietan barne produktu gordinaren hazkundea geldituko da, edo murriztu hurrengo urtearen bigarren erdirako. Aurreikuspena alda daiteke, baldin eta datu berriak azaltzen badira eta moneta-politikak aldatzen badira.

Michael Hudson (2009-11-26). Horixe da, hain zuzen ere, nik aurreikusten dudana. Hortaz, nahastuta nago burtsa asko igotzen baita. Badirudi soilik finantza-opariak islatzen dituela igoera horrek, murriztuz doan ekonomian. AEBetan banku zentralak dio suspertzen ari garela, baina langabezia igoko da eta merkatuak murriztuko dira hurrengo bi urteetan. Hortaz, zer-nolako suspertzea da hau? Zer da suspertzen ari dena?

Randall Wray (2009-11-28). Nire aurreikuspena hauxe da: aktibo prezioko deflazioak indarrean segitzea, beste finantza-krisia hurrengo urtean eta kontsumo prezio indizearen zero inflazioa, urtarrilean salgaiak (berriz) gain behera egin ondoren.

Eta Euskal Herrian, bere osotasunean? Ekonomia suspertzen ari da? Nolako suspertze mota da, baldin eta langabezia hortxe badago? Zer ari da suspertzen? Azkenean, zer ote da ekonomia suspertzea?

Joseba Felix Tobar-Arbulu

Ingeniaria

Nabarralde-k argitaratua