Askatasuna, Noizko?

“Erabiltzen ez den euskara

hil egiten da

mugitzen ez den bihotza

hil egiten den bezala.

Ez da ezergatik, baina

isiltzen duzun euskara

hiltzen duzun euskara da.”

 

(Bitoriano Gandiaga 1928 – 2001).

 

 

Hor nonbait, euskara txukun batean, aditu nuen euskara euskaldunok nahi bagenu izango zela… eta berriz, nahi ez bagenu, ez zela izango. Adierazpen edota baieztapen hark gogoetatsu jarri ninduen, eta arrazoia ez ote zuen pentsatzen egunak eman nituen…

Itxura denez, denok euskara aho biziz maite dugu; hori bai, traba bihurtzen den arte, gero bihotz ttipiz!

Independentziarekin gauza bera gertatzen dela dirudi. Euren buruak abertzaletzat izenpetzen dituzten politikari askok une egokia orain ez dela esaten digute, eta aldebakarreko bidea ez omen dela zilegia.

 

Irakasten digutenez, geure gizartea paktuetan errotuta dago, geure ezaugarri estimatuena balitz bezala, pairatutako indarkeria ahaztuarazi nahi baligute bezala. Geure historia Espainiako gerra zibilean hasi, “Euzko Gudarozteak” Santoñan sinatutako itunarekin (1937) -askoren esanetan Santoñako traizioa, bakoitzak erabaki dezala- eta Gernikako Estatutuarekin (1979) burutuko balitz bezala. Euskal Herriaren ametsa betiko hobiratuz, bai herria (sortu diren gizarte berriek herria gainditu dute, alta, nazioa ez dugu garatu) bai lurraldetasun aldetik (Hiru lurraldeek ez dute Euskal Herria osatzen). Zeuek ikusi, baina argi dago Nazio helburua herren geratu zaigula.

 

Berriki Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak izan dira, gehiengo abertzale batek irabazi du. Euren indarrak batuz gero independentzia geure eskura legoke. Ez duzue uste? Inori ezer eskatu gabe.

Hala ere nahiago dute unionistekin hitzarmenak adostu, nahiz eta hauek bortxakeria ez gaitzetsi eta barkamena ez duten eskatu.

Askotan galdetzen diot neure buruari geure euskal politikari abertzaleek benetan Euskal Herri aske eta euskaldun baten sinesten ote duten, hain ziur ez nengoke… badaezpada ere ez nuke aihotz baten gainean zin egingo. Haratago joko nuke, independentzia noizko?