Asisko Urmeneta: “Inkizioaren irakurketa politikoa ukatua izan da Euskal Herrian”

Asisko Urmeneta, iazko irudi batean.

 

Asisko Urmenetak Inkisizioaren itzaletan murgiltzen den ‘Sugarren mende’ azken lana aurkeztuko du gaur Katakraken, 19.00etan.

Sorginkeria, Inkisizioa… Maiz landu izanagatik ere, agortzen ez diren gaiak dira. Ez direlako ongi kontatu, akaso?

–Gaiak beti pizten du jakinmina, besteak beste, sekula ez delako tratatua izan bere osotasunean. Pasioak pizten dituen gai bat da, azken aldian ikertua izaten ari dena ikuspegi desberdinetatik, bai feminismotik, bai sozio-ekonomiaren ikuspegitik ere… Gai kontrobertitua da. Gainera, oso gauza berezia da, sorginkeriaren sekta sataniko-kolektiboaren inguruan ari garenean, ez garelako Erdi Aro urrun eta superstizisio hartaz ari, Aro Modernoaz baizik. Barroko beteaz ari gara. Aro Modernoan izandako halako masakre kolektibo batek ertz aunitz dauzka, eta ertz guzti horietatik tiratuz ikuspegi globalago bat eman diezaiokegu.

Sorgin-ehizaren kapitulua superstizio eta sineskeriarekin lotu izan da eta, akaso hargatik, ez da sakonki ikertua izan ikuspegi historikotik, ikuspegi politikotik. Baina sineskeria kontu bat baino askoz ere gehiago izan zen, ezta?

–Beti ari gara bueltaka inkisidoreek idatzi zutenaren inguruan, alde horretatik. Baita ikonografia berbera behin eta berriz errepikatzen ere. Nire ustez, galdera ez da zer egiten zuten elkartzen ziren herritar horiek. Niretzat, anomalia Espainiako inkisidorearen presentzia bera da, edo Bordeleko tribunaleko epaileen koordinazioa suntsiketa betean, jendea epaitu eta torturatzen. Argia hor eman behar da. Askotan, De Lancre bezalako pertsonaia batekin, karikatura bat egiten da. Baina mekanismo oso bat zegoen, ikaragarri ongi antolatua zena. Espainiako koroaren ministerio bat zen Inkisizioa, bere inteligentzia zerbitzua eta bere legedia zeukana.

Euskal Herrian bakarrik ez, eta Europa osoan eman zen prozesu bat izan zen, feudalismotik kapitalismora emandako haustura isla-tzen duena. Irakurketa desberdin bat dauka gurean kokatzen dugunean?

–Horretatik ere bada, egiaren parte handi bat da. Kasu hori argi eta garbi ikusten da Urtubiako jaunarekin, Senpereko jaunarekin, Araizko prozesuan… Momentu hartan, jaun aristokrata horiek errepresioa egiten zuten beren kontra altxatzen ziren herritarren aurka. Jaun feudal horiek ziren beaumondarrak edo oinaztarrak, Lapurdiko kasuan. Jaun horiek botere inperial bat zeukaten gibelean: dena ulertu beharra da konkistaren logikaren barrenean. Nafarroa konkistatua izan zen eta Espainiaren agenteak ziren horiek, aldi berean, jaun feudalak ziren. Euren boterea erabatekoa zen. Europa guztian ematen ari zen zanpaketa eman zen hemen ere, baina konkistaren logikaren barrenean. Nafarroan, biltzarrak eta foruek komunitatea eta herritarrak babesten zituzten. Indar hori deuseztatzeko zer asmatu zuten? Ohiko legedia gaindituko zuen sistema bat, masakreak ahalbidetuko zituena.

Liburuaren hasieran mapa baten bitartez argitzen den bezala, sorgin ehiza toki zehatz batzuetan gertatu zen.

–Herri antolaketa legal eta indartsuak zituzten leku horietan eman zen zapalkuntza. Horretarako kontakizun bat asmatu zuten: delikuenteek niniak ebasten zituztela, bihotza jaten zizkietela, ixkilinak sartzen zizkietela begietan… Horren aintzinean, zer egin? Hain zuzen, egin zutena. Egiten diren irakurketa berri eta beharrezko hauetan aipatzen da, adibidez, medikuntzaren maniobra bat izan zela emakumeak lanbide horretan ez sartzeko. Nik ez dut dudarik leku ba-tzuetan hala emanen zela, baina hemen ez da horrela. Erdi Aroan eta Aro Modernoaren hasieran, medikuak juduak izaten ziren. Judu horiek babestu zuten bere burua Nafarroa Beherean, bertan bestelako irekiera bat bazegoelako, hain zuzen ere, jazarpenik eman ez zen eskualdean.

Hala ere, emakumeak izan ziren Inkisizioaren biktima nagusiak...

–Nire irakurketa da ez zela feminizidio antolatu bat izan. Federicik (Silvia) azaltzen du nola Lapurdin, leku gutxitan ez bezala, gizonezkoak emakumeen alde altxatu ziren. Emakumeek eraman zuten parterik bortitzena, bistan da, zeren garai hartan Nafarroa bezalako erresuma bat, irekienetako bat zena, monarkiarik atzerakoi, intolerante, intransigente eta patriarkalaren eskuetan erori zen, eta emakumeak izan ziren gehien sufritu zutenak. Baina ez zen emakumeak genero bezala desagerrarazteko maniobra bat. Hemen, euskaldunak altxatu ziren altxatu ahal izan zirenean.

Zer galdu zuen Nafarroak, herri bezala, Inkisizioaren ondorioz?

–Pentsatu behar da, idealizatu gabe, Nafarroa Beherean eta Nafarroa Garaian ez zela errealitate berdina. 1561ean, Joana III-ak kultu askatasuneko dekretu bat eman zuen. Nik dakidala Europan lehenbizikoetariko herrialdea izanen zen Nafarroa subiranoa kultu askatasuna izaten. Batetik, irekiduraren kultura hori Inkisizioak errotik kendu zuen. Kendu zuen ere batzarretan parte har-tzeko askatasuna. Inkisidoreek biltzarren kontrako obsesio bat zuten, arriskutsuak zirela erraten zuten. Euskaldunek sekulako trauma bizi behar izan zuten, ukaitetik sistema bat non herritarrak babestuak bai-tzeuden eta gainera indarra bazuten, halako batean babes gabe eta kontrako legedia bat izatera pasatzerakoan.

Aipatu izan duzunez, nazioarteko iturrietara jo duzu lan hau presta-tzerakoan, besteak beste. Zergatik eta zein da iturri hauetan ematen den ikuspegia?

–Espainiako inperioa garai batean zabaltzen zen Filipinetatik Siziliaraino, eta hedadura horretan Espainiako Inkisizioaren 21 epaitegi ezarri ziren. Denboraren indarrez, kolonia izandako horietako batzuk errepublika independienteetan bilakatu dira, eta oso interesgarria izan da herrialde guzti horietan argitaratutako tesi desberdinak irakurtzea: hasi Portugalen eta Mexiko, Kolonbia edo Siziliaraino. Begiratzen duzunean nola ikusten duten Inkisizioa herrialde horietan, han hemenka agertzen diren pasadizoek zentzua hartzen dute. Erraten dutelarik Inkisizioa Espainiako koroaren tribunal politikoa zela, adibidez, eta disidentzia politiko oro suntsitzea helburu zuela. Orain arte Euskal Herrian ukatua izan den bide bat da, eta osagarria da bestelako irakurketa horiekiko.

Narratiba nazioala falta dugula aipatu izan duzu. Nola osatu narratiba hori?

–Narratiba nazionala falta zaigu baina ez ausardi faltagatik, egoeragatik baizik. Mexikoko unibertsitate batetaraino jo behar dugu Natalia Silvia Pradak erraten duena irakurtzeko, adibidez. Berak erraten du ez dela ikertu nahikoa Espainiako Inkisizioaren izate politiko eta poliziakoa. Bera mintzatzen da kolonia izandako eta egun errepublika subiranoa den herrialde batetik, horrela bai kontatzen ahal da historia. Hemen Euskal Herrian, ezin dugu oraindik hori egin.

Noticias de Navarra