‘Gasteiz 1200’ bere lehen komikia plazaratu zuen iaz Aritz Ibarrak. Geuretik Sortuak egitasmoaren laguntzarekin, Lehen Mundu Gerrak euskaldunentzat ukan ondorioez lan berria aurkeztuko du laster.
Marrazkilaritza eta komikigintza aspalditik gustukoak ditu Aritz Ibarra Agirre (Gasteiz, 1992) komiki egileak; historiaren zaletasuna, berriz, berriagoa zaio. Gasteiz 1200 komikia plazaratu zuen joan den urtean; aurten, Lehen Mundu Gerrak Ipar Euskal Herrian ukan zuen eraginaz komiki berri bat argitaratuko du, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren laguntzarekin. “Lan pedagogikoa” egiteko baliabide interesgarri gisa ikusten du komikia, historia manera “ekonomikoan” kontatzeko, zinemako aurrekontuen beharrik gabe.
Azken lanarentzat testua eta marrazkiak zuk lantzen dituzu.
Iaz argitaratu genuen lehen komikiarekin —Gasteiz 1200 komikiarekin—, gidoilari bat izan nuen, historialari bat. Hark lagundu ninduen informazio pilaketan eta historia nondik bideratu behar zen. Oraingoan ni ausartu naiz bi lanak egiten. Bigarren komikia da Lehen Mundu Gerrak Euskal Herrian izan zuen eraginari buruzkoa. Informazio bilketarako Eneko Bidegainen laguntza izan dut; hura da gai hau hobekien jorratu duena, eta ez naiz bakarka ibili.
Kontatzen duzun historia ez da eskolan irakasten dena.
Ez, niri interesatzen zaizkidan gai hauek ez dira ikastolan irakasten. Hego Euskal Herrian Espainiako Gerra eta Iparraldeko eskoletan Lehen Mundu Gerra, baina gertatzen dena da Hegoaldean ez dakitela zer gertatu zen Ipar Euskal Herrian Lehen Mundu Gerran, eta kontrakoa ere egia da seguru asko: Iparraldean ez dute jakingo Hegoaldean murgilduta egon zirela Espainiako gerra batean.
Euskal Herri osoko sare baten parte zara? Asisko Urmenetak zure antzeko lana egiten du, adibidez…
Bai, Asisko laguna dut, eta inspirazio iturri ere izan dut. Bizitzan beti inpaktu batzuk daude, eta norabide bila zabiltzan boladak… Nik beti maite izan dut Euskal Herria; historia ez horrenbeste hasieratik, baina gerora bai, eta komikigintza betidanik maite izan dut, baina ez nekien horretatik ogibide bat egin zitekeenik, hor bide bat zegoenik; agitazio politikoa egitea eta hori guztia. Asisko deskubritu nuenean, hitzaldiak ematen zituen konplexurik gabe gure historiaz eta gure arazoez mintzatzen, eta hori ikustea izan zen ohartzea hau posible dela.
Ogibidea bai, baina pentsa daiteke aski prekarioa dela.
Bizi baino gehiago, bizirik irauteko ematen du, eta bizi apal bat eramanez, gutxienez nire kasuan. Kontua da pasioa denean… Nik bizitza oso xumea daramat. Maite dut marraztea, eta horretatik aparte zaletasun gutxi ditut; nahiko obsesiboa naiz nire lanean. Hemendik kanpo gastu gutxi ditudanez, nolabait jasangarria da. Egoera nahiko prekarioa da, baina nik ez daramat bereziki gaizki nire bizitza erritmoagatik.
Donapaleuko Nafarroa Bizirik eguneko afixa ere egin zenuen.
Enkarguak jasotzea ez dut batere maite, bereziki oso txarto ordainduak direlako; hartzea lan bat txarto ordaindua eta gustuko ez dudana, ez dut maite eta saihesten ditut. Baina kausa eta jardunaldiaren helburuak maite ditudanean, kasu honetan bezala, plazera da halako enkarguak jasotzea. Zabalik elkarteko lagunak nirekin harremanetan jarri zirenean plazera izan zen, eta gogo onez egin dut.
Zure liburuetan zerk egiten du gai bat interesgarria zaizula?
Iruditzen zait Euskal Herrian gai asko direla oso interesgarriak eta oraindik jorratu gabe direnak. Niretzat harrotasuna izan zen jakitea Gasteiz hiria gure erresuma independente baten parte izan zela eta nafar errege batek foruak eman zizkiola; nolabait, hiria inauguratu zuela. Harrotasuna izan zen, baina mingarria da ohartzea gasteiztarren artean zein ezezaguna den. Hori izan zen lan hori burutzeko pizgarria. Antzeko zerbait irudi zait Mundu Gerra ere: pentsatzea euskaldunak behartuak izan zirela gerra horretan parte hartzera, eta zer ondorio fisiko izan zituen hilekin, mentalak ere bai, nola baliatu zuen Frantziak gerra hura lanketa ideologikoa egiteko Euskal Herrian… Eta gero ohartzea gertakari hori zein ezezaguna den Hego Euskal Herrian! Horrek bultzatu nau liburu hau egitera.
Halako beste gaiak badituzu gogoan gerora lantzeko?
Asko, asko. Beste ideia asko, baina denbora faltan. Gustatuko litzaidake historiatik ere pixka bat aldentzea, zoritxarrez euskaldunen historia gogorra delako. Batzuetan astun egiten da gai batzuk jorratzea; Lehen Mundu Gerrako lana egitean, adibidez, sorkuntza momentu batzuetan triste nengoen egitean. Gaia oso tristea da. Beti saiatu naiz lanei amaiera pozgarri bat ematen, baina gure historiarekin zaila da hori: okupazioa, setioa…, nola eman poztasuna horri? Apur bat gogorra da, beti sakontzen dugulako gure zorigaiztoan. Amaiera alaiago bat emateko, agian historia jorratu bai, baina saiatuko naiz beste zirrikitu batzuk bilatzen.
Garaipen guti Euskal Herriaren historian?
Orreagatik, uste dut bat bera ere ez…