Aritz Ibarra: “Gasteiztarrek suharki defendatu zuten hiria zortzi edo bederatzi hilabetez”

Azaro honetan aurkeztuko da Gasteizen “GASTEIZ 1200: DEFENTSA AMAIGABEA” komikia, Aritz Ibarra ilustratzailearen lana, Martin Ttipia K.E., Nabarralde eta Kaleko Urgandak, besteak beste, lagunduta. Nabarralde eta Martin Ttipiaren eskutik argitaratuta, komiki honetan, Nafarroako Gasteiz hiriak 1199 eta 1200 urteen artean Gaztelako tropen aurrean izan zuen erresistentzia irmoa kontatzen zaigu. Gure historiako gertakari epiko eta erabakigarrienetako bat, gure memoria kolektiboan bidegabeki baztertua. Aritz Ibarrak azaltzen digu.

* Zer kontatzen zaigu komikian?
Gaztelako Erresumako gudarosteak Gasteiz nafar hiribilduari ezarritako setioa, 1199 eta 1200 urteen artean, eta bere testuingurua. Nafarroako Erresumaren mendebaldea konkistatzea zen kanpainaren helburua, eta bertako gotorleku nagusia zen Gasteiz. Gasteiztarrek suharki defendatu zuten hiria zortzi edo bederatzi hilabetez. Gure arbasoei gorazarre egitea, eta irakurlea defentsa ikaragarri honetan murgiltzea da asmoa. 

* Zein da lan honekin lortu nahi duzuen helburua?

Lehenik, euskaldunon etorkizuna zeharo aldatu zuen konkista hau ezagutaraztea, gasteiztarren artean ere gutxi ezagutzen da eta. Egoera hau irauli nahi dugu. 

Bigarrenik, eta euskaldunon autoestimuari begira, garrantzitsua iruditzen zaigu iraganeko herri-erresistentzia irmo hau gogora ekartzea, eta honek dakarren epika ere. Munduko edozein naziotan egiten duten modura. 

* Nori dago zuzenduta lan grafiko hau?

Bere formatuagatik, gazteriari bereziki eta, oro har, komikiak gustuko dituen publikoari. Baina komikiarekin batera emandako informazioagatik, gure herriarekiko interesa duen edo historian gehiago sakondu nahi duen edonorentzat ere erakargarria izan daiteke. Jende multzo ezberdinengana iritsi daitekelakoan gaude.

* Nortzuk hartu duzue parte bertan?

Martin Ttipia elkarteko lagunok, nork bere erara, osatu dugu lan hau. ‘Kaleko Urdangak’ musika taldeak soinua jarri dio narrazioari. Nere inguruko lagunek ere beren alea jarri dute, lan neketsu hau errazago eginez. Eta Nabarralde Fundazioak argitalpen lanetan lagundu digu. Orain arte estalita egon den gertakizun hau mahaigaineratzeko beharrak inguruko jendea piztu du, eta guztion ekarpenez kalitatezko produktu hau sortu dugu. 

* Non eta noiz aurkeztuko duzue lana?

Azaroaren 17an Gasteizko Oihaneder Jauregian egingo dugu lehen aurkezpena. Azaroaren 24an eta abenduaren 1ean, Donostian eta Iruñeko Kondestable Jauregian ere aurkezpenak egingo ditugu. Eta Durangoko Azokan egongo gara, Nabarralderen saltokian. Urte berriarekin batera, Euskal Herri osotik aurkezpenak egitea da gure asmoa.

Bitartean, komikia une oro salgai egongo da Nabarraldereren on-line dendan, eta aurkezpenak eskatzeko aukera martinttipiake@gmail.com helbidean.

https://denda.nabarralde.eus/home/176-gasteiz-1200-defentza-amaigabea.html

Erderazko laburpena:

El próximo 17 de noviembre se presentará en Gasteiz el cómic “GASTEIZ 1200: UNA DEFENSA SIN FIN”, obra del ilustrador Aritz Ibarra con la colaboración de Martin Ttipia K.E., Nabarralde y Kaleko Urgandak, entre otros. De la mano de Nabarralde se presentará también en Donostia e Iruñea los dos jueves siguientes, y en la Azoka de Durango. También se podrá adquirir en la tienda on-line de Nabarralde. En esta obra se nos narra la firme resistencia de la villa navarra de Vitoria ante las tropas castellanas entre los años 1199 y 1200. Uno de los hechos más épicos y decisivos de nuestra historia, injustamente relegado en nuestra memoria colectiva.